Pitxuk aterpea atzeman du Zinkan

Zinka ostatuaren egoitza Pitxu gaztetxekoek hartuko dute , eta prest agertu dira beste dinamika baten abiatzeko. 2022tik, Zuberoan leku finko bat izateko beharra defendatu dute, gaztetxe ibiltariaren bidez.

Pitxu gaztetxeko kideek Zinka ostatua arra hartu dute.
Pitxu gaztetxeko kideak Zinka aitzinean, iragan larunbatean, Maulen. PITXU
Maule
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ihauteri garaiotan, maskaradaz maskarada, Zuberoako plazetan agertzeko ohitura du Pitxuk. Maskarada martxoaren 7an iraganen da Mauletik, eta herri bazkaria egiten ahalko dute Pitxu gaztetxeak izanen duen leku finkoan. Izan ere, Zuberoako gazte asanblada Mauleko Zinka ostatuan plantatuko da oraindik goiti, Zinka Bizirik elkarteak erreleboa eman ondotik. Duela pare bat urte, Zinkako kideak gaztetxekoei hurbildu zitzaizkien, nabaritzen baitzuten beren barne dinamika «hatsantzen» hasia zela. Eperik gabe egon daiteke Pitxu Zinkan; hala ere, hilabete guziz alokairu bat ordaindu beharko dio Etxalde kooperatibari, murruen jabea baita. Hori izanen da Zinkan Pitxuren etorkizuna baldintzatuko duena.

Azken hilabeteetan, Pitxuko gazteak eta Zinka Bizirik elkarteko kideak elkarlanean aritu dira, Mauleko ostatu izanari etorkizun argi baten segurtatzeko. Xarlot Etxeberri Pitxu gaztetxeko kideak transmisioaren garrantzia aipatu du: «Erregularki elkarlanean arituak ginen, lokala prestatu baitziguten gure gaualdientzat. Gainera, haien balioak errespetatzen dituen elkarte bati pasatu nahi zioten: Zinka ostatua leku militantea izan da hastapenetik, eta garrantzitsua da horrela segitzea». Gehitu du Zinka ostatua «historiaz beteriko leku bat» dela, eta horretaz «baliatu» behar dela.

«Erregularki elkarlanean arituak ginen, lokala prestatu baitziguten gure gaualdientzat. Zinka ostatua leku militantea izan da hastapenetik, eta garrantzitsua da horrela segitzea» 

XARLOT ETXEBERRI Pitxu gaztetxeko kidea

Zinka ostatura heldu aitzin, leku bat xerkatzen ibili ziren gazteak; ezagunen bidez, hainbat pista izan dituzte, baina bat bera ere gauzatu ez. Anartean, 2022tik goiti, Pitxu gaztetxea Zuberoa osoan ibili da, gisa anitzetako ekitaldi kulturalak eginez, hala nola sostengu kontzertuak, kaminet husteak, film proiekzioak, eta Euskaraldiaren eta Korrikaren aldeko elkarretaratzeak.

Gazteria horren ekintza nagusia PelikĂ¼la dokumental festibala izan da, hiru urtez segidan Tokia kulturlekuan —GĂ¼nea da orain— eta Zinka ostatuan antolatu dutena. Sare sozialetan adierazi duten bezala, Pitxu gaztetxeak hainbat elkarte eskertu nahi ditu azken lau urteetan laguntza eta babesa emateagatik: Ozazeko Batzokia, Muskildiko Xistera Zaharra, Atharratzeko Prefosta elkartea, Mauleko Zinka ostatua, Ligi-Athereiko aterpetxea, baita GĂ¼nea antzokia ere, lehen Tokia zena. 

Politizatzeko xedea

Talde dinamika ona dela azpimarratu du Etxeberrik, baina osoki engaiatzen diren kideak guti direla, eta, horregatik, beste gazte batzuk hurbilarazi eta motibatu nahi lituzkete. Publikoa «zabaldu» nahi dute, betiere taldearen balioak errespetatuz. Nahi dute gazteriak «arnasgune» bat eta «leku seguru» bat aurkitzea Zinkan, Pitxu gaztetxearen bidez. Alde horretatik, zehaztu du Zuberoan euskaltzale eta militanteendako gune bakanetako bat dela Pitxu, Prefosta elkartearekin batean. Antolatutako ekitaldiei begira, Pitxu gaztetxearen ildoak aitzina segituko du, bestaz aparteko ekintzak betidanik lehenesten baititu elkarteak. Etxeberrik argi utzi du hala segituko dutela: «Gaztetxeak politizatzeko balio du, eta hemendik goiti ere hala izatea nahi dugu». 

Pitxu Gaztetxeko kideek Zinka ostatua arra hartu dute.
Pitxu Gaztetxeko kide batzuk, iragan larunbateko biltzar nagusian, Mauleko Zinkan. PITXU

Gaztetxearen egoitza estreinatzeko, gazte asanbladak Zinkan egin zuen bere lehen biltzar nagusia, otsailaren 7an. Goizik hasirik, gazteak ohizko bilan ekonomiko eta moralarekin hasi ziren. Bulego berriaren osaketarekin segitu zuten, eta talde ttipitan banatu ziren gero, gaztetxearen geroari buruzko tailerrak egiteko. Galdera zenbaitzuen inguruan hausnartzeko tartea izan zuten, adin ezberdinetako kideak nahitara nahasirik. Parada ukan zuten gaztetxearen antolaketa eta apainketa aipatzeko. Eta xintxuketa obretan hasi ziren berehala, lekuaz osoki jabetzeko gogoz.

Bestalde, gaztetxe berrian antolatuko den lehen ekitaldi gisa, Pitxuk harrera eginen dio ZĂ¼matzeko maskaradari: martxoaren 7an Maulen eginen dituzte maskaradak, eta gaztetxekoek eguerdiko bazkaria antolatuko dute Zinkan. Lehen gaualdia prestatzen ere hasiak dira gazteak: apirilean iraganen da, baina xehetasunak aitzinago helaraziko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.