Prekarioenen laguntza, gero eta kaltetuago

Etxegabe bat hil zen Miarritzen azaroan. Agerikoa da nolako gabeziak dituzten gizarte laguntzarako egiturek, baita nolako zailtasunak dituzten ere finantzaketarik gabe jarduteko.

Etxegabe bat Baionako karrika batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Etxegabe bat, Baionan, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko abenduaren 6a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxegabe bat hil zen Miarritzen azaroaren 22an, merkatu estaliaren inguruko karrika batean. Bixente zuen izengoitia, eta 64 urte zituen. Joan den aspaldian ibiltzen zen Miarritzen, eta inguruko dendariekin harremana bazuen; baita egitura sozial eta elkartegintzako laguntzaile eta langileekin ere. Haren heriotzaren ondotik, berehala erreakzio bat idatzi zuen Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak (Errepublikanoak) bere Facebook kontuan: «Urtero bezala, hotz handiei aurre egiteko plana aktibatua dugu, zeinak aterpetxea eskaintzen baitie [etxegabeei]. Maluruski, batzuek uko egiten diote, eta karrika nahiago dute».

Errealitate hori egia izan daitekeenik ez du ukatu BAM eremuko gizarte langile batek, Mikelek —izen asmatua da, anonimoki mintzatu nahi izan baitu—. Haatik, heriotza gertatu eta berehala halakoak erratea «mespretxuzkoa eta lotsagarria» iruditu zaio, eta kexu mintzatu da. Bixente ezagutzen zuen, eta lan egiten duen egiturara joateko ohitura zuen. «Etxegabeez dugun soslai tipikoa zuen; eri zen, adikzioak zituen... Zaila zitzaion gizarte laguntzako egitasmoetara joatea, baina Maison de Gilles egiturara joatea onartzen zuen...», kontatu du.

Afera da, preseski, Atherbea gizarte laguntza kudeatzen duen egituraren esku den Maison de Gilles aterpea zortzi hilabetez hetsirik egon dela, bertako bizi eta lan baldintzengatik. Hainbat arazo zerrendatu ditu Mikelek: langile eskasia, bortizkeria kasuen emendatzea, higiene eta segurtasun arazoak... Langileek lanuzteko duten eskubidea baliatu zuten iragan martxoan, eta azaro hasiera arte hetsirik egon zen. Zuzendaritzaren erabakiz berriz zabaldu dute, baina langile kopurua ez da emendatu.

Horrek, bistan denez, eragin zuzena izan du aterpea erabiltzen duten etxegabeentzat. «Disfuntzio handiak izan dira, eta etxegabeek eta langileek pairatu dute egoera. Nolaz egon da hainbeste denboraz hetsirik? Segur da zerbait egin zitekeela egoera ez hainbeste okertzeko. Hainbat etxegabe ezin izan dira pausatzera etorri, eta segur da eragina baduela haien bizi kalitatean», deitoratu du Mikelek.

Harrera eskasa

Alain de Flaujacek ere ontsa ezagutzen zuen Bixente. Maltako Ordena karitate elkarte giristinoko kidea da, eta astean hiru aldiz egiten ditu janari banaketak Bidarten eta Miarritzen, beste laguntzaile batzuekin batera. Maltako Ordenakoek aspaldian zuten harremana Bixenterekin, eta kontatu du etxegabea hil baino ordu batzuk lehenago harekin egon zirela bera eta beste kide bat; seguruenik haiek izan dira mintzatu zaizkion azkenak. «Emeki-emeki ikusi dugu gero eta ahulago zela. Iritsia zen momentu batera zeinetan heriotza kasik saihetsezina bilakatua zen, maluruski», deitoratu du. «Eritasuna eta karrika ez dira bateragarriak». Eta nahiz eta ahaleginak eta bi egin haren artatzeko, gehienetan uko egiten ziela erran du.

«Emeki-emeki ikusi dugu gero eta ahulago zela. Iritsia zen momentu batera zeinetan heriotza kasik saihetsezin bilakatua zen, maluruski. Eritasuna eta karrika ez dira bateragarriak»

ALAIN DE FLAUJAC Maltako Ordenako laguntzailea

De Flaujacek uste du instituzioek «ahal dutena egiten» dutela, eta laguntza elkarteak horien akuilu direla. Ezin uka, halere, azkenaldian hainbat egitura hetsi behar izan dituztela baliabide eskasiagatik, bai Maison de Gilles, baita Baionako eta Miarritzeko eguneko harrera guneak ere. Horren ondorioa da elkarteen lana emendatzen dela, kontatu duenez. «Eskasia nabarmena» da egitura horiek gabe, De Flaujacen erranetan.

Mikel gizarte langileak, haatik, pentsatzen du instituzioen baliabide eskasia dela arazoaren muina, eta borondate politikoa eskas dela gizarte zerbitzuetan sosa ezartzeko. «Begiratzen badugu zenbat diru jartzen duten egun bakoitzeko pertsona bakoitzarentzat, erridikulua da. Egin beharko genukeen baldintzarik gabeko harrera ezin dugu egin halako baldintzetan», mintzatu da, kexu. Gaineratu du negurako plan bereziak ez direla nahikoa, eta, gainera, ez direla egokiak. «Miarritzen, adibidez, zalditegian hamabi leku zabaltzen dituzte negurako, baina urrun da zentrotik, eta ez da batere erraza harat arribatzea. Gero errazki erraten ahal dute etxegabeek ez dutela hara joan nahi, baina ez badute nola joan...».

«Miarritzen, adibidez, zalditegian hamabi leku zabaltzen dituzte negurako, baina urrun da zentrotik eta ez da batere erraza harat arribatzea. Gero errazki erraten ahal dute etxegabeek ez dutela hara joan nahi, baina ez badute nola joan...»

MIKEL Gizarte langilea

De Flaujac aspaldi hasi zen etxegabeen eta pobreenen laguntzan, eta ongi ezagutzen du Baiona, Angelu eta Miarritze inguruko egoera. Ibiltzen den eremuan, batez ere Miarritze eta Bidarte artean, 50 bat etxegabe ibiltzen direla kontatu du; gehien-gehienak ez dira Ipar Euskal Herrikoak, baina «hor betikotuak» dira. Ipar Euskal Herrian, 350-400 pertsona bizi dira karrikan, Euskal Hirigune Elkargoaren datuen arabera. De Flaujacek ez du uste gero eta gehiago direnik, baina bai soslaia aldatzen ari dela. Udan, bereziki, autoan lo egiten duten langile batzuk ikusi dituzte. Mikelek ere hala uste du: «Buruan dugun etxegabe tipiko hori ez da baitezpada gehiago, baina bai etxebizitzarik gabe gelditu diren langileak, batzuetan bizpahiru lan egiten dituztenak aldi berean», erran du. Eta egoera horretatik karrikan bizitzera pasatzen dira batzuk, bistan denez, «biziki zaila baita halako bizi baldintzak ukanik lan egitea».

Beharra handia da, beraz, eta lekuak gero eta urriagoak. Urtero bezala negurako urgentziazko aterpetxe lekuak ireki ditu Atherbeak azaroaren 10etik: 84 dira, lau herritan banatuak, denak Lapurdiko kostaldean: Angelun, Baionan, Miarritzen eta Hendaian. Urtean zehar 39 leku dira, Gilles etxekoak —orain, 37 pertsona dira han—. Joan den urteko datuak ere zehaztu ditu Atherbeak: 477 pertsonari harrera egin zieten, horietarik 69 emazteak —ez dira denak karrikan bizi direnak, baina bai gizarte-laguntza mota bat jaso dutenak—. Haatik, diru sarrerak ttipitzen ari dira: Frantziako Estatuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren finantzaketa etenik da, eta Euskal Hirigune Elkargoa da finantzatzen duen bakarra.

Artategia martxan

Gabeziak gabezia, «ikusezinei» arta urririk ematea da Maltako Ordenakoen xedea, eta Baionan, katedrala gibelean, artategi bat badute zabalik. Erretreta hartua duten mediku eta farmazialariak ari dira bertan, eta pobreenei behar duten arta emateko tokia da. Mediku orokor baten kontsulta eta dentistarena ditu lekuak, eta, urtarriletik goiti, oftalmologoarena ere izanen du. 180.000 euroko kostua izan dute egin dituzten obrek, eta, instituzio publikoek lagundu badituzte ere, fundazio baten emaitzarekin finantzatu dute obra. «Arta eta erremedioak urririk errezibitzen ahal dituzte. Artatua izateko baldintza bakarra da baliabiderik gabeko pertsona bat izatea, edo, kasu batzuetan, baliabide arrunt apalak izatea; erlijio eta jatorri guzietako pertsonentzat», erran du De Flaujacek.

Karrikan egiten dituzten banaketa sozialei esker lortzen dute karrikan bizi direnekin harremanak egitea eta, behar izanez gero, dagokien artara bideratzea. «Gizarte laguntzarako elkarteek ere bideratzen dituzte guregana, eta badakite hor garela behar izanez gero. Gero, bestelako arta berezitu bat behar badute, espezialistengana bideratzen ditugu», kontatu du. Mikelek baieztatu du etxegabeekin harreman «iraunkorra» dutela Maltako Ordenakoek, eta egoera eta jendea ongi ezagutzen dituztela. «Egiten duten lana ezinbestekoa da; alta, instituzio publikoek beren gain hartu beharko lukete lan hori. Baina gauden egoeran gaude», salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.