Presioen gainetik, protestan segitzen dute Ipar Euskal Herriko ikasleek

Poliziak eta ikastetxeetako zuzendaritzek oztopoak eman dizkiete blokeatze ekintzei. Ikastetxeen arteko elkartasuna goraipatu dute ikasleek.

Ikasleak, Baionan, pankartak eskuetan protesta egiten. NATHALIE GUIRONNET
Ikasleak, Baionan, pankartak eskuetan protesta egiten. NATHALIE GUIRONNET
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko urriaren 13a
17:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Goazen Paulbertera, blokeoa kentzen ari dira». «Ez, lehenik Cassinera joan behar dugu, gure beha dira». Ipar Euskal Herriko lizeoetako ikasleak manifestazioa nora bideratu eztabaidatzen ari ziren astearte eguerdi honetan Baionako Louis de Foix ikastetxearen aitzinean. Ibilbidea koherenteagoa zelakoan, lehenik Cassinera joatea erabaki dute azkenean, eta hala jakinarazi diete gainerakoei megafonotik. Oihu artean segitu dute goizago abiatua zuten protesta: «Ikasi nahi dugu ez Polizia bilakatzeko». Urriaren 1ean abiatu zen protestak ez du etenik Ipar Euskal Herrian, baina ikasleen gaineko presioa gero eta handiagoa da. Lehen egunean izan ziren Poliziaren bortizkeriei, gurasoen kexak eta ikastetxeetako zuzendaritzaren mehatxuak gehitu zaizkie. 

Astearte honetarako, Angeluko (Lapurdi) lizeoaren aitzinean emana zuten hitzordua handik manifestazioa abiatzeko. Hirurehun bat ikasle elkartu dira, hainbat sindikalistaren babesarekin. RN10 errepide nagusia hartu dute, eta Baionara buruz abiatu dira, tarte batez zirkulazioa osoki oztopatuz. San Leon itzulgunera iritsi direlarik, Etxepare lizeoko eta Baionako unibertsitateko ikasleak batu zaizkie, hasierako kopurua bikoiztuz. «Inportantea da lizeo anitzetako ikasleak elkartu gaitezen, horrela gehiago garelako eta ikusgarritasun handiagoa dugulako», esplikatu du Marlok. 15 urteko mutila bigarrenean da, Cassin lizeoan.

Marlok kontatu du goizean haren lizeoa blokeatzen entseatu direla, baina Poliziak eta zuzendaritzak ez dietela utzi. Izan ere, ikastetxe gehienetan normaltasunera itzuli ez badira ere, ez dute lortu sarrerak osoki oztopatzea. Ikasleak luzera begira mobilizatuak atxikitzeko zailtasunari, Poliziaren presentzia itogarria gehitu behar zaio. Goiz honetan, jendarmeen bost furgoneta zeuden Louis de Foix lizeoaren aitzinean; beste hainbeste Cassinen aitzinean, uniformez eta zibilez jantzitako beste hainbat Poliziarekin batera. Seaskako Bernat Etxepare lizeoa da osorik blokeatua segitzen duen bakarra.

Gainera, hainbat tokitan gutunak bidali dizkiete gurasoei, mobilizatzen segitzen badute ikasleek ondorioak izan ditzaketela erranez. Louis de Foixen, adibidez, segurtasun agente bat ezarri dute barnetegiko ikasleak zaintzeko, eta gurasoak abisatu dituzte ikasleak goizeko 7:00rak baino lehenago aterako balira zigorrak izanen dituztela. «Nire gurasoei idatzi diete, erranez klaseetara ez banaiz agertzen diziplina batzordetik pasa beharko dudala», kontatu du Lyamek. 14 urteko ikaslea Cantau lizeoan da, eta ez du manifestazio bakar bat ere galdu. «Helburua ez da klaseak huts egitea, gure eskubideen alde mobilizatzea baizik; garrantzitsua da».

Horri guziari Parcoursup sistemaren presioa ere gehitu behar zaiola uste du Anouckek. 15 urte ditu, eta Cassin lizeoko ikasle da, bigarrenean. «Kasik kolegiotik hasten zaizkigu aipatzen Parcoursup. Sekulako presioa ematen digute, erranez hobe dugula hau eta hori ez egitea, eragin txarra ukanen duelako. Batzuek horregatik ez dute parte hartu nahi protestetan, absentzia horiek haien dosierrean agertuko direlako, eskola fitxan markatuko dizkietelako», salatu du. «Guraso anitzek ere ikasleei erraten diete klasera itzuli behar dutela, baina entseatzen gara esplikatzen urtean behin bakarrik gertatzen direla halakoak; zinez baliatu behar dugu». 

Ikasleak babestera

Joan den astetik, sindikatuek protestetan parte hartzera deitu dute, eta ikasleekin batera atera dira karrika. «Biziki inportantea da ikasleei babesa adieraz diezaiegun. Aspalditik diogu gazteak karrikara atera behar direla; biziki pozik gara gure aldarrikapenekin bat egin dezaten», esplikatu du Patricia Glory CGTko arduradunak. Cantau lizeoan irakasle da, eta Poliziak ikasleen kontra izan duen «proportziorik gabeko» bortizkeria salatu du. «Ikusi genuelarik urriaren 1ean zer gertatu zen, nola jokatu zuten, erabaki genuen guk ere karrikara atera behar genuela. Poliziak erabiltzen dituen armak erokeria bat dira, eta ikusi dugu zer ondorio dituen. Heldu gisara gure ardura da hemen izatea». 

Asteburu honetan Jaka Horien mobilizazio bat iragarri dute, eta sindikatuen lanbidearteko greba deitu dute azaroaren 5erako. «Ez gara erreforma baten kontrako borroka batean, justizia sozialaren alde ari gara, hobeki bizitzea aldarrikatzeko», nabarmendu du Gloryk. «Historikoa da, aspaldi ez genuen halako mobilizaziorik ikusi. Ez dakigu zer eman dezakeen, baina gazteak gisa horretara atera diren bakoitzean, gobernuak gibel egin eta erantzun bat ematen bukatu behar izan du. Ikusiko dugu, baina biziki baikorra da». 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA