SAFeko abokatuek Hendaiako atxikitze zentroko egoera salatu dute

Uztailetik goiti pantaila baten bidez egiten ahalko dituzte auzi saioak Hendaiako atxikitze zentroari atxikia zaion eraikin berrian. SAF sindikatuko abokatuen ustez atxikiak direnen oinarrizko eskubideak zangopilatzen ditu egitasmoak.

Francisco Sanchez eta Ilazki Ortego abokatuak, Baionan. NAHIA GARAT
Francisco Sanchez eta Ilazki Ortego abokatuak, Baionan. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailetik goiti, pantaila batean ikusten duten epaile batek agintzen ahalko die atxikitze zentroan gakotuak diren pertsonei kanporatuak izanen direla. Hara zer egoera salatu duten SAF sindikatuko Baionako adarreko abokatuek. Izan ere, Baionako Auzitegiari atxikia zaion eraikin bat egin diote Hendaiako zentroari, eta bertan epaitzen ahalko dituzte erbesteratuak, bideo dei bidez. Proiektu horrek 1,3 milioi euroko kostua izan du.

SAF sindikatuko abokatuak dira Ilazki Ortego eta Francisco Sanchez. Sindikatuaren adarra muntatu berri dute Baionan, eta lanean hasi dira sortu orduko. Lehen zeregina atxikitze zentroko epaiketa modu berri horren kontra egitea dute, eta komunikatu bat atera dute jadanik. «Errotik eta aho batez egitasmo horren kontra gaudela adierazi nahi dugu. Gizatasuna kentzen du justizia mota horrek», erran dute. Bideo dei bidezko auzi saioak egiteak ez ditu bermatzen atxikiak direnen oinarrizko eskubideak, haien ustez. Atxikiak diren jendeak oraino «baztertuago eta bakartuago» sentiarazteko neurria da, Sanchezen arabera. 

Gainera, uste dute auzia «artifiziala» bilakatzen duela halako egitasmo batek, atxikia den pertsonak eta epaileak ez baitute elkar ikusten aurrez aurre. Abokatuek, bestalde, ez dute argi non egon beharko duten: auzitegian, epailearekin batera, edo atxikitze zentroari itsatsitako eraikinean, atxikia denarekin. «Hainbat gauza definitu gabe daude. Galdetu diegu nola pasatuko zen, baina ez dute erantzun. Ez dakite, eta berdin zaie», salatu du Ortegok. 

Frantziako Justizia ministerioak justizia bizkortzeko neurri gisa aurkeztu du eraikina, eta erran dute «dirua aurrezteko» balioko duela: Hendaiatik Baionako Auzitegirainoko bide gastuak aurrezteko, dirudienez. Baina bi abokatuen ustez neurriz kanpoko gastua da, eta iradoki dute bestelako lehentasun batzuk daudela sistema judizialaren egoera kezkagarria ikusirik. 

Ekintzarako tresna

Ez da berria SAF sindikatua Baionan, baina urte luzez inaktibo egon zen, eta apirilean aktibatu dute berriz. Sanchezez arabera, parada da lurraldean gertatzen diren hainbat erronkari erantzuteko, hala nola atxikitze zentroko egoerari. Beste borroka batzuk ere eraman nahi dituzte gerora, baina oraino zehaztekoa dute zeintzuk. Anitz gauza gertatzen diren lurraldea dela erran du, nolanahi ere: «Militantzia, muga, presondegia, atxikitze zentroa... Gauza anitz gertatzen dira, eta guk adi egon nahi dugu», esplikatu du. 

Ortegok erran du abokatuen artean saretzea «inportantea» dela ekintza kolektiboak egin ahal izateko. Adibidez, prefeturak muga inguruan droneen erabilpena zabaltzeko emandako baimenari helegitea ezarri zioten, eta Palestinaren aldeko sustengu manifestazio baten debekuari ere bai. SAF sindikatuaren bidez halako ekintza gehiago egin nahi dituzte, eta molde bateratuan egiteko tresna da sindikatua. 

Arlo espezifiko batzuetan ari diren abokatuendako laguntza saretzeko tresna izan daitekeela gehitu du Ortegok: «Eraso instituzional gero eta gehiago pairatzen ditugu. Babesleku bat ere izanen da egoera horiek bizi dituzten abokatuendako», erran du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA