«Haiek suntsitzen dute; guk ereiten dugu». Marieneko lurren defentsan engaiatuak diren herri mugimenduko eragileek salatu dute produktu kimikoekin erre dituztela Kanbo sarreran (Lapurdi) dauden laborantzako lurrak, eta adierazi dute ez dutela erasoen aitzinean «gibel» eginen. ELBk, Lurzaindiak, Ostiak, CADEk eta Nahi Dugun Herriak agiri bateratua izenpetu dute: «Pribilegiatu zenbaiten diru gose ezin asea gogobetetzeko, laborantza lurrak pozoitu eta suntsitzeko eskubidea hartu dute hobendunek».
Marieneko proiektuaren kontra mobilizatuak direnek oroitarazi dute auzia Frantziako justiziaren esku dagoela oraindik, Frantziako Kasazio Auzitegiak eraikitze baimenari buruzko deliberoa ematekoa baitu. Hala, baieztatu dute legalki landatu zutela garia eremu horretan, laborantzarako alokatze bat ezarria baita. «Bandalismo horrek betoitzearen aldekoen zinezko aurpegia erakusten du. Gutxi inporta zaie interes orokorra eta gizarte bizia: gutxi batzuen interesek baizik ez diete balio».
Ohartarazi dute aste honetan ardi tropa bat bazkatzekoa zutela lur horietan, antzinako ohiturari jarraikiz. «Beharrik, laborariak beranta hartu du. Bestela, artaldea pozoitua izanen zen».
Laborari eta herritar gisara, defendatu dute «laborantzarako balio handia» duten lur horiek hazkurrirako bokazioa dutela. «Betoitze zentzugabea promotore eta notableei baizik ez zaie baliagarri». Hala, erran dute lur horietako higiezin proiektuaren eramaileek etxebizitzari buruz duten diskurtsoa «faltsua» dela. «Etxebizitzarako eskubidea eta tokiko elikadura sano baterako eskubidea ez dira kontrajarriak Kanbon».