Seaskak lanbide heziketako sail berria irekiko du irailean

Arta lanetan trebatuko dituzte ikasleak, Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte egiturarekin elkarlanean.

Seaskako Bernat Etxepare lizeoa, Baionan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Seaskako Bernat Etxepare lizeoa, Baionan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko otsailaren 23a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko irakaskuntza eskaintza zabalagoa izanen da Ipar Euskal Herrian heldu den irailetik aitzina. Seaskak iragarri du lanbide heziketako sail berria irekiko duela Baionako Bernat Etxepare lizeoan: arta lanetan trebatuko dituzte ikasleak, Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte egiturarekin elkarlanean. Otsail hasieran eman zieten saila irekitzeko baimena Akitania Berria eskualdeko arduradunek, eta beraz, heldu den ikasturterako prest izanen dute. «Pozik» agertu dira Seaskako kideak Baionan egin duten aurkezpenean. 

Joan den abenduan Donapaleun (Nafarroa Beherea) egin zuten ikastolen kontseiluan erabaki zuten 2027ko ikasturte hasierarako irekiko dutela Seaskako bigarren lizeoa Amikuzen. Bi lizeoen artean osagarritasuna lortzea dute helburu, lanbide heziketako sailak Baionan kontzentratuz oraingoz. 

Gaur-gaurkoz, bi sail profesional dituzte Bernat Etxepare lizeoan: Adinekoen eta Haurren Animazioa baxoa batetik, eta Merkataritza eta Salmentako Lanbideak baxoa bestetik. Horrez gain, baxo teknologiko bat ere badute: Merkataritza Kudeaketa eta Zientzia Teknologikoak. Irailean ARTA - ASSP baxo profesionala abiatuko dute.

Profesional euskaldunak

Seaskako arduradunek esplikatu dute gaur egun profesional euskaldunak eskas direla lehen haurtzaroaren eta pertsonentzako arta eta zerbitzuen sektoreetan, eta uste dute ondoko urteetan ere joerak bere horretan segituko duela. Izan ere, Ipar Euskal Herriko bilakaera demografikoari erreparatuta, populazioaren zahartzea aurreikusten dute ondoko urteetarako: «Zahar etxeetan, gizarte ekintzako udal zentroetan edo etxeetako laguntzaile elkarteetan profesional euskaldunen beharra handituko da ondoko urteetan». Horrez gain, EEPk eta Euskal Hirigune Elkargoak aurreikusia duten hizkuntza politika gauzatzen bada, haurtzaindegietan eta harrera anitzeko egituretan ere profesional euskaldunen beharra handituko da.

Seaskak aurreikusi duen prestakuntzan, ikasleak hiru urtez trebatuko dituzte publiko ezberdinekin lan egiten, izan adinekoak ala ahalmen urritasuna duten helduak eta haurrak, eta haiei arta tekniko egokia ematen ikasiko dute. Horrez gain, ikasiko dute zer erakundek egiten duten lan artaren arloan Ipar Euskal Herrian, baita askotariko publikoari zuzendutako heziketa ekintza osagarriak diseinatzen ere.

Seaskak jakinarazi du Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte egiturarekin elkarlanean arituko direla irakaskuntza prozesu osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.