Visa plataformako kidea

Barth Mottay: «Sindikalismoaren bidez eragin nahi dugu eskuin muturraren kontrako borrokan»

Ipar Euskal Herrian ordezkaritza duten zenbait sindikatu bildu dira Visa kolektibo antifaxistan, lan munduan faxismoaren kontra ekiteko asmoz. Mottayk azaldu du formazioa eta pedagogia lana izanen direla beren lehentasunak.

Barth Mottay, Visa kolektiboko kidea, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Barth Mottay, Visa kolektiboko kidea, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko bozen atarian faxismoaren eta eskuin muturraren kontra egiteko beharra sentitu zuten Ipar Euskal Herrian ordezkaritza duten hainbat sindikatuk, eta Visa plataformaren adar bat sortu zuten urtarrilean Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. CGT, FSU-Snuipp eta Solidaires sindikatuak bilduak dira bertan; Barth Mottay FSU-Snuipp sindikatuko eledun eta Visako kideak (Donibane Lohizune, 1991) azaldu du beren asmoa dela lan munduari eta langileei zuzendutako ekintzak egitea, lan munduan sindikalismoaren bidez egiteko aurre eskuin muturrari. 

Frantziako Asanbleak Lyonen liskar batean erail zuten neonazi bat omentzeko isilunea egin zuen. Zeren sintoma da?

Eskuin muturraren eta faxismoaren ideien eta diskurtsoen normalizazioan hozka bat gehiago gainditu dugula erran nahi du. Ez dut uste duela urte batzuk halako omenaldi bat posible izanen zenik; izan ere, bero-beroan erantzun dute, ikerketaren lehen emaitzen beha egon gabe. Gainera, Frantziako Asanbleako lehendakari Yael Braun-Piveten proposamen bat izan zen, ez Batasun Nazionalarena. Eskuin muturrak abiaturiko uholde mediatiko baten ondorioa izan da. Nik uste dut 2023ko urriaren 7tik zerbait aldatu dela eta hedabideetan zernahi kontatzeko bidea libre dagoela. Eta hori eskuin muturrarendako ezin hobea da; Elon Musken teoria da: dena kakaz zipriztindu, berdin du egia den ala ez. Eta hainbeste denbora behar dugu erraten dutena gezurtatzeko, ezen lasai segitzen ahal baitute zernahi kontatzen. Gure alderdi sozialak estrategiak atzeman beharko ditu horri aitzin egiteko, Macron eta haren lagunek, eta, oro har, liberalismoak ez baitute deus ere eginen horren kontra, komeni baitzaie eskuin muturra izatea beren aurkaria. 

Zergatik sortu duzue Visa kolektiboa sindikatuen artean? 

Abiapuntua erretreten mugimendua izan zen: sindikatuetako ordezkariak elkarlanean aritu ginen, elkar ezagutu genuen, eta uste dut elkarlanerako bidea ireki duen mugimendu bat izan zela. Erretreten erreformari begira Batasun Nazionalak diskurtso anbiguoa zuen: estrategikoki ezin zuten erran alde zirenik, populuaren alderdia direla diotelako eta beren argumentu nagusia hori delako. Hortaz, arriskua zen sindikatuon esparruan lekua har zezaten. Gero, 2024an, Europako Legebiltzarrerako eta Frantziako Asanblearako bozetako emaitzek anitz kezkatu gintuzten. Ordura arte beti pentsatu izan da Ipar Euskal Herrian eskuin muturra urrun zela, baina hor, herri anitzetan lehen indarra izan zen. Eta lan munduan eta sindikatuen esferan ere sumatzen genuen gorakada hori: sindikatu kide diren langile gehienek ez diote boza eskuin muturrari ematen, baina horien artean ere emendatzen ari zela ohartu ginen. Eta izugarri kezkagarria da, erran nahi du sindikatuok ez dugula lortzen gure mezua behar bezala pasarazten. Horregatik erabaki genuen Visa kolektiboari batzea, eta adar bat sortzea Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. Helburua da faxismoaren gorakadari buruzko gogoetak hedatzea, eta horri kontra egiteko tresnak plantan ezartzea, sindikatuen baliabideak elkarrekin ezarriz. Sindikalismoaren bidez eragin nahi dugu eskuin muturraren kontrako borrokan. Nagusiki formazioak egin nahiko genituzke langileekin, eta informazioa zabaldu. Bestalde, eskuin muturraren erasoen berri eman nahi dugu: Urruñako zinemaren kanpoaldean agertu zen svastikatik hasi eta Baionako meskitaren kontrako atentaturaino. 

Herriko bozei begira komunikatu duzue, zein da erronka eskuin muturraren kontrako borrokaren ikuspegitik? 

Kontua da sindikatuen arteko kolektibo bat dela, eta beraz gure artean ere desberdintasun politikoak izan daitezkeela; baina denak ados gara zera errateko: gure rola langileei mintzatzea da. Hortaz, kontuan hartu behar da auzapezak eta hautetsiak herriko etxeetako eta elkargoetako langileen nagusiak direla. Lurraldeko funtzio publikoko enplegatzaileak dira. Hortaz, lurraldeko funtzio publikoko langileei buruz lan bat egin dugu.

Bestalde, ulertu behar da herriko bozen gibelean Frantziako Senatua ere jokatzen dela, herriko hautetsiek hautatzen baitituzte senatariak. Beraz, herriko bozek garrantzi handia dute botere legegileari begira. Agerikoa da eskuin muturrak lekua hartzen badu arrisku zuzena badela. Berez, eskuin muturrak Frantziako Estatuan 600 zerrenda aurkeztuko zituela iragarri zuen; uste dut azkenean askoz ere gutiago direla, baina daukaten estrategia da etiketarik ez duten edo eskuin tradizionaletik hurbilago diren zerrendetan aurkeztea, Batasun Nazionalaren etiketarik gabe. Hala gertatu da Miarritzen, kasurako, Richard Tarditsen zerrendan Batasun Nazionaleko kide ohi batzuk badirelako. Visa kolektiboaren helburuetako bat da zerrendetan so egitea nor diren eskuin muturreko hautagaiak.

«Luzaz, pentsatu izan dugu sindikalismoa faxismoaren eta eskuin muturraren aurrean babesgune bat zela. Bistan da, oraino hala da hein handi batean, baina gure artean ere eskuin muturraren aldeko boza emendatzen ari da»

Sindikatu gisa, nola eragiten ahal duzuela uste duzu? 

Sindikalismoak bere ekintza moldeak arraberritu behar ditu absolutuki. Luzaz, pentsatu izan dugu sindikalismoa faxismoaren eta eskuin muturraren aurrean babesgune bat zela. Bistan da, oraino hala da hein handi batean, baina gure artean ere eskuin muturraren aldeko boza emendatzen ari da. Gero eta gutiago babesten du. Horregatik, kolektiboki aritzea ezinbestekoa da, eta Visaren helburua da leku bat ukaitea gure lana eskuin muturraren kontrako borrokara zuzentzeko. Bestelako bataila sozialak arlo guziei begira eramaten ditugu: feminismoa, ekologia... Eta hor leku bat dedikatu nahi genion eskuin muturraren kontrako borrokari, ditugun baliabide, indar eta gaitasun guziak batuz. 

Ezkerreko alderdi batzuen kontrako diskurtsoa zabaltzen ari da hedabide nagusietan, eta batzuek kezka dute ez ote den ezkerreko beste mugimenduetara ere hedatuko. 

Balioak ifrentzikatzen ari dira, argiki. Batasun Nazionala zuritu dute, eta Frantzia Intsumisoa kriminalizatu. Ni ez naiz alderdi horretako kidea, eta desadostasun batzuk ere baditut, baina argiki pairatzen ari dira eskuin muturraren erasoaldia. Baina faxismoa igan den aro guzietan gertatu den fenomeno bat da: 1930eko hamarkadan, Frantzian, Plutot Hitler que le Front Populaire eslogana izan zen bezala (Hobe Hitler Fronte Popularra baino). Afera da ez direla Frantzia Intsumisoarekin geldituko, eta pixkanaka ezkerreko mugimendu oro izanen dela jomugan. Pentsatzen dut ezkerreko mugimendu, alderdi eta sindikatuok gehiago kezkatu beharko ginatekeela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA