Sorgin ehizaren 500. urtemuga markatu zuen urtetik, 2009tik, Lapurdi 1609 elkarteak erreak izan ziren herritarrak omentzeko eta historia kontatzeko lana egiten du. Hainbat proiektu eraman ondoan —liburuak, konferentziak, bertso saioak...—, joan den azaroan, Oroit mina obraren inguruan iragan zen omenaldi bat antolatu zuten. Egunean zehar, sorgin ehizaren biktimen izenak irakurri zituzten, aurreskua eman, eta poemak irakurri. Memoria lan horren xedea ikerketa are sakonagoa egitea da, izen bakoitza frogaz segurtatuz, pairaturikoa aitortu eta errekonozitzeko. Nahiz ordura arte memoria herritarrek biziarazi, «ofizialki ezagutua eta errekonozitua» izatea nahi lukete antolatzaileek. Sorgin ehizean erail zituztenak omentzeak berebiziko garrantzia duela baieztatu du Lapurdi 1609 elkarteko Beñat Sagardiak: «Gure arbasoak izan diren biktimek, sorgin deiturikoek, ohoratzea merezi dute. Hori bederen».Â
Oroit mina obraren aitzinaldean, azalpen mahai moduko bat bada. Bertan, sorgin ehizari buruzko azalpenak irakur daitezke, baita obrari buruzko xehetasunak ere. Hortik bi pausotara dago Nestor Basterretxearen obra, 2010ean estreinaturikoa. Horren erdigunean, lehen begi kolpean, sutan erretzen ari den pikete bat, sorgin ehiza betean lapurtar emazteak erretzeko baliatzen zituztenen irudikoa. Ingurua, berriz, beltza, arras beltza. Irudikapen zurrun horren azpian, omenez pausaturiko plaka bat bada, «1609. urtean Lapurdiko gure arbasoek jasan oinazeen oroitzapenez» aitortza esaldia euskaraz eta frantsesez izkiriatua duena.

Obraren beste aldera pasatu, eta, hara, aldebikoa da; herritarrek pairatu sarraskiaren historiaren gisara. Oro har, historiaren kontakizun bakarra zabaldu bada ere, «arbasoen ikuspegitik egina dena» kontatzen du eskulturak: aitzinean ezarri piketean, erreak izan zirenen mina, eta gibelean, isilarazia izan den sufrimendu jasangaitza, arantza gorriek irudikatzen dutena. Erreak izan zirenen izenak jasotzen dituen plaka bat ere ezarria dute, iragan azarotik. Izendatzeak, omentzeaz gain, herritarrak interpelatzen eta galdekatzen dituela erran du Sagardiak. Erretakoen izenaren ondoan, gainera, etxearen izena ere ageri da: «Maiz, izenari segika oraino zutik den etxearen izena ere lotua izaten baitzaio. Etxeen izenak sarraskiaren lekuko ere badira oraino», erran du.
Historia barnetik
1609ko gertakariak plazara ekarriz, elkarteak historia herritarren ikuspegitik egitea du xede: «Gure historia herritarrek berek eta herritarren ikuspegitik lantzea» da xedea. Oraindik ere, gertakari horiei begirako herritar batzuen ezjakintasunak larriturik, «historia herritarren eta euskal gizartearen ikuspegitik kontatzea ezinbestekoa» da, Auxtin Zamora elkarteko kidearen arabera.
Alabaina, ezjakintasuna ez da «ezerezetik» sortu: «Sarraskitzaileen historia hegemonikoak gure arbasoen historia isilarazten baitu». Hala, erreak izan zirenen historia mendeetan isildua izan dela erran du Mixel Mendiburu elkarteko kideak: «Medailaren ifrentzua da: historia hegemonikoaren gibeleko aldea ikusezina bilakatu dute. Gure memoria berreskuratzeko bidean, historia hegemonikoaren beste aldean zer den ikusi behar dugu». Baina ez edonola: betiere «gizarteak gizartearen ikuspegitik» eta «ez bertzeen eskutik, ez eta bertzeei begira ere».Â
Hain justu, euskal gizartearen ikuspuntua berrezartzea baitezpadakoa dela berretsi du Zamorak, «historiaren egia osoa» lortu nahi bada. Kanpotik edo barnetik aritzeak, kontakizuna osoki aldatzen duela argi utzi du: «Barnekoak diren gauza batzuk ez baitira kanpotik ikusten. Guk barnetik bizi izan ditugunak kanpokoek bizi izan ez dituztenak dira. Horrezkero, gure arbasoek pairaturikoa kontatu ezean, historia partzialki kontatua litzateke, osoa balitz bezala». Â
Preseski, memoria lana ikusgarria izan dadin, Oroit mina obra Senpereko erdigunean ezarri dute, Senpereko gaztelu zaharraren aitzinaldean, herritarren pasealeku betean. Ez da kasualitatea bertan zutiarazi izana, obra memorial hura ikusgarri uzteak pasatzen diren herritarrak egunerokoan gertaturikoarekin topo eginarazten baitie, antolatzaileen hitzetan. Denboraren poderioz, memoriaren marka fisiko honek herritarrak hurbiltzera eta aldi berean galdekatzera, jakin-mina asetzera bultzatzen ditu, beren «memoria berreskuratzeko», Sagardiaren arabera. «Halako obra batek beti erakusten du gertatu dena. Zergatik ematen dituzte Lehen Mundu Gerrako monumentuak bestenaz?», galdetu du Mendiburuk, eta hor ere bi kontakizun historiko izan direla gaineratu.Â
Â