Haren izena gero eta gehiago aipatzen da Ipar Euskal Herrian: Frantziako Besta Ederrenen labela zeharka diruztatzeaz gain, Pierre-Edouard Sterinek Miarritzeko Olympique errugbi taldea diruztatzen du, eta, aurtengo otsailean, ideia erreakzionarioak zabaltzeko diruztatzen duen CRSI taldeak batzarra egin zuen Miarritzeko Aguileran. Sterin ezagutzea zaila da: komunikabideetan bereziki diskretua da, eta publikoki ez da kasik agertzen. Hala ere, iaz, L'Humanité egunkariak eskuin muturreko dirudunaren Pericles planaren berri eman zuen: 2027ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan eskuin muturra garaile izateko estrategia biltzen du hor.
150 milioi euro baliatu nahi ditu proiektuaren gauzatzeko, ideia erreakzionarioak gizartean txertatzeko, eta plan xehea egina du horretarako: politikarien trebatzeko eskolak, gogoeta taldeak, hedabideen kontrola —Marianne egunkaria erosten saiatu izan da—, tokiko elkarteekilako harremanak... Helburua lortzeko lehen urrats gisa, 2026ko herriko bozetan Batasun Nazionalak Frantziako hirurehun herritan irabaz dezan nahi luke. Tokian tokiko estrategiak plantan ezartzen ditu horretarako, eta zilegi da galdekatzea Miarritzen egiten ari den azpilana horren baitan kokatzen ote den.
Sterinek plan estrategikorik ba ote du Ipar Euskal Herrirako? Bi aditurengana jo du Ipar Euskal Herriko Hitza-k Sterinen eragina aztertzeko. Jean Yves Camus politologoa eta kazetaria da, eskuin muturrean berezitua; luzaz, Frantziako eskuin muturreko mugimenduak aztertu ditu. Thomas Lemahieu L'Humanité egunkariko kazetaria da: badu bi urte Sterini buruz ikertzen ari dela. Uztailean, Sterinek Frantziako Besta Ederrenen labela zeharka diruztatzen zuela erakutsi zuen ikerketa baten bidez; label horren barne izan dira Ipar Euskal Herriko hainbat besta. Hark atera du Pericles plana argitara, gainera.
Labeletik ihes
Belgikan bizi den frantziar erbesteratu fiskala da Sterin, eta hainbat eremutan ari diren erakundeak diruztatzen ditu. Hala nola, Frantziako Besta Ederrenen labela diruztatzen du: Ipar Euskal Herrian, labelaren barne izan dira Hendaiako Hiri Besta, Ezpeletako Piper Besta, Hazparneko Lehengo Hazparne eta Bidaxuneko Historikoak. Label horren bidez, laguntza ekonomikoa jasotzen dute partaideek, ekimenaren inguruko ikusgarritasuna hedatzen dute, eta publizitatearen eta logistikaren arloetan ere laguntza lortzen dute. Izan ere, labela elkarte moduan antolatua da, eta hertsiki lotua da Studio 496 enpresari. Enpresa horretan akzioak baditu Sterinek.
Label horretan ezartzen duen laguntza ekonomikoaren atzean, eskuin muturraren ideiak zabaltzeko proiektu ikaragarri bat duela kontuan hartu behar da, nolanahi ere. Horren ondorioz, L'Humanité egunkariak berria zabaldu orduko, Hendaiako, Ezpeletako eta Hazparneko herriko etxeek labeletik ateratzea erabaki zuten; Bidaxuneko Historikoen kide den Axel Martinezek, berriz, Mediabask-en adierazi zuen labeletik joango direla soilik «helburu politiko batzuetarako baliatua bada egun batez». Bidaxuneko Herriko Etxeak ez dio Ipar Euskal Herriko Hitzar-ri erantzunik eman nahi izan. Orainokoan, beraz, Bidaxune labelaren parte da.
Erlijioaz obsesionatua
Sterinen inguruko hipotesia anitz egiten ahal dira, baina gauza batez segur izan behar da: bere bizia erlijioaren inguruan ardazten du. Katolikoa da fedez, oso kontserbadorea praktikan. Camusek azpimarratu du lehentasuntzat hautatu duela erlijioa Sterinek. «Politika baino gehiago kasik, agenda erlijiosoa aitzinetik pasarazten du. Ezkontza homosexualaren eta abortuaren aurka kokatzen da, argiki. Nahiz eta ez den talde integrista bati lotua, dituen sentimen erlijiosoek ez diote dudari lekurik uzten». Adibidez, Le Fond du Bien Commun izeneko sare teologiko eta erreakzionarioaren buru da, zeinak «jendartearen ongizatea» bilatzen baitu; errealki, bere ideia kontserbadore eta tradizionalak zabaltzeko tresna da. Camusentzat, horrelako proiektu bat politikoa baino «bokazio erlijiosokoa» da.
Lemahieuk ere bat egiten du «erlijioaz obsesionatua» den ideiarekin. Sterinek erlijioa lehenesten duela argi da, baina ez da haren ekinbide bakarra. Izan ere, erlijioa maiz erabiltzen du historiaren, ondarearen eta tradizioaren kontzeptuekin batera. «Sterinentzat, Frantzia zibilizazio gerla batean sartua dago, non eta hobespen nazionala lehenetsi behar den. Berak dio haur zuri eta erro europarrekoak behar direla».
Berriki, preseski, Artzain Onaren Institutuak —eskuin muturrari lotutako Frantziako talde katoliko tradizionalistak— antolatutako hitzaldi batean, honakoa erran zuen: «Frantzian, lehentasunez Europako jatorrizko haur gehiago egin behar dira, eta, orokorkiago, haur horiek bataiatu eta ebanjelizatu beharko lirateke». Hortaz, Lemahieuk azaldu du historiaren berridazketa egiten duela, Frantziako Iraultzarekin eragindako lorpen sozialak ezabatzeko. Errate baterako, antzerkiak eginarazi ditu non eta gertakariak ausarki manipulatuak diren. Kazetariaren ustez, historia «bereganatu» nahi du: errealitatetik urruntzen da «bere istorioaren» kontatzeko.
«Politika baino gehiago kasik, agenda erlijiosoa aitzinetik pasarazten du. Ezkontza homosexualaren eta abortuaren aurka kokatzen da, argiki. Nahiz eta ez den talde integrista bati lotua, dituen sentimen erlijiosoek ez diote dudari lekurik uzten»
JEAN YVES CAMUS Politologoa
Camusek azaldu duenez, Sterin borroka ideologiko batean sartua da. Erlijioa eta historia nahasten ditu, eta arlo kulturalean ekiten saiatzen da —festibalak diruztatuz, adibidez—. «Sterinentzat, azken urteetan, gerla kulturala ezkerrak irabazi du. Beretzat, ezkerrak balio woke-ak zabaldu ditu, ez zaizkionak onargarri bere ildo kontserbadorean», erran du Camusek. Horretarako, kulturaren «kontrola» berriz hartu nahi du, tradizioa «berreskuratzeko». Camusek azpimarratu du erlijio kontua baitezpadakoa dela hor ere: kultura kristautasunean «berriz errotu» nahi baitu.
Hori dela eta, elementu kulturalei interesatzen zaie Sterin. Horrek esplikatu lezake haren esku hartzea Frantziako Besta Ederrenen labelean, adituen ustez. Nahiz eta labelaren barne diren Ipar Euskal Herriko bestak ez diren zuzenki erlijioari lotuak, erritualtasuna eta tradizioa etengabean aipatzen dituzte. Hala ere, Lemahieu eta Camus ados dira errateko labelaren kasuan, Ipar Euskal Herria ez dela bereziki jomugatzat hartua. Sterinek ikuspegi orokorragoa du, eta bere helburua Frantziako lurralde guzietan «bere ideiak zabaltzea eta bere presentzia erakustea» da. Bi adituek ez diote arrazoi berezirik ikusten Ipar Euskal Herriko bestak labelean sartu izanari, baina Lemahieuk zehaztu du barne izateko bestek kotizazio bat pagatu behar dutela eta, printzipioz, edozeinek egin lezakeela, labela ez baita kalitatearen erakusle.
Informatzearen ardura
Sterinek labelarekin ez du fokua Ipar Euskal Herrian jarri bereziki, baina lurraldean egin dituen beste mugimenduek arrangura sortu dute. BO Miarritzeko Olympique errugbi kluba diruztatzen hasi, eta uda honetan klubaren jabetza hartu zuen. Otsailean, gainera, diruztatzen duen gogoeta talde batek, CRSIk, batzarra antolatu zuen Aguileran. Erantzun gisa, Miarritzeko BOUC zaleen taldeak banderola bat zabaldu zuen egoera salatzeko, martxoaren 7ko partidan, Miarritze antifaxista leloa zuena. Lemahieuk uste du eskuin muturreko dirudunaren mugimenduen berri izan behar duela jendeak, dudarik ez dadin egon egiten dituen esku sartzeei buruz. Lemahieuk uste du kazetari gisa garrantzitsua dela horri buruz informatzea: «Sterinen presentzia oharkabekoa bada, irabazle aterako da, emeki-emeki bere aztarna pausatzen ari baita».
«Sterinen presentzia oharkabekoa bada, irabazle aterako da, emeki-emeki bere aztarna pausatzen ari baita»
THOMAS LEMAHIEU Kazetaria
Euskal Herriarekiko interesa duela erakutsirik ere, oraindik zaila da jakitea zehazki nolako estrategia politikoa eraman nahi duen Sterinek. Ipar Euskal Herrian duen presentziak jakin-mina sortu die Lemahieuri eta Camusi, baina biek adierazi dute mementoko Sterinek ez duela borondate zuzen eta argirik erakutsi. Oro har, haren proiektu osoak dudak sortzen dituela uste dute, eta zaila zaie mugimendu bakoitza neurtzea. Botere «ikaragarria» izanik ere, Sterinek daraman muturreko ideologiari muga politikoak ikusten dizkio Camusek: «Erlijioari buruz Sterin hain da muturrekoa eskuin muturraren baitan ere, non eta oso-oso gutik bat egiten duten haren ikuspegiarekin. Gaur egun, Marine Le Penek ere ez lituzke abortuarekiko hain ideia muturrekoak partekatuko».
Sterinek ukan dezakeen beste muga Pericles plan ekonomikoa da, adituen ustez. Camusek azaldu du elkarte eta talde anitz ekonomikoki lagundu dituela, baina diru zama aski apalekin. Halere, irabaziak eskuin muturreko Frantziako Batasun Nazionalera zuzentzen ditu, baina, Camusen ustez, «boterera ezin da heldu diruari esker baizik». Haatik, aitortu du Sterinen proiektua «beldurgarria» dela eta arretaz segitu behar dela, nola Ipar Euskal Herrian hala Frantziako Estatuan.