Sutea izan zenetik bi urtera, sartze berria Arberoako Ikastolan

Duela bi urte, sute batek Donamartiriko ikastolako eraikin oso bat andeatu zuen. Aurtengo irailean, eraikin berri batean ireki dituzte ateak, eta haurtzain etxe bat irekitzeko proiektua ere badute: obrak abian dira.

Arberoako Ikastola, joan den astean, Donamartirin. PATXI BELTZAIZ
Arberoako Ikastola, joan den astean, Donamartirin. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi urte, 2023ko urri hondarrean, sute batek Donamartiriko ikastolako hiru eraikinetako bat erre zuen. Azpiegiturako eraikinik zaharrenaren teilatua eta barnealdea kiskali zituen. 3 eta 6 urte arteko haurren ikasgela eta irakasleen bilkura gela aterpetzen zituen eraikinak, baita liburutegia ere.

Maialen Etxart Salaberri ikastolako zuzendariak adierazi duenez, dena bota behar izan zuten ezbeharraren ondotik. Sutea gertatu eta ahal bezain fite, ikastolako antolakuntza berriz pentsatu behar izan zuten galdutako eraikinaren hutsunea betetzeko, eta ikasleek ikasten segitu ahal izateko. Hain zuzen, jangela ezarria zen egoitzara mugitu zituzten ama ikastolako haurrak, eta, horren ondorioz jangela falta zenez, prefabrikatu bat ezarri zuten auzoaren pentzean. Irakasleen gelari dagokionez, beste prefabrikatu ttipi bat gehitu zuten, eta han egin zituzten bilkurak.

Jendeak erakutsi elkartasuna nabarmendu du Etxartek: «Jendeen eta familien elkartasunari esker bildu altzari eta puskekin egin ahal izan genuen hori guzia. Uda bukaeran lan anitz egin behar izan genuen gela guzien berriz antolatzeko. Irakasle taldearen eta burasoen engaiamendua beharrezkoa izan zitzaigun. Elkartasun handia izan zen, eta horrek lagundu gintuen». Bi urte «berezi» horiek ongi pasatu baziren ere, egoeraz eta baldintzez «aspertzen» hasiak ziren bukaeran, kontatu duenez.

Aurtengo sartzean, azkenean, eraikin berri batean zabaldu ahal izan dituzte ateak, ikastolako 45 ikasleak eta zortzi helduak aterpetzeko. «Eraikin berrian sartzea gozamen hutsa izan da, eta oraindik bada!», poztu da ikastolako zuzendaria. Eraikin berrian moldaketak egin dituzte, lehen bezala irakasleen gela eta liburutegia ezarri, eta horri bi gela gehitu. Geletatik bat ama ikastolarena da, eta bestea bigarren zikloko haurrena. «Kopuruak beheiti ari direnez, pentsatu dugu ama ikastolak aski duela leku ttipiagoa».

Haurtzaindegia

Beste desafio edo proiektu bat ere mahai gainean eman dute azken garaiotan. Ama ikastolan hamabi haur dituzte, bigarren zikloan hamazazpi, eta hirugarrenean hamasei. «Ikusten den bezala, gero eta ikasle gutiago dugu. Eta sutea izan zelarik, gogoetan hasi ginen, nolako ikastola nahi genuen, zer aldaketa ekarri nahi genuen, zerendako... Eta haurtzain etxe bat sortzeko ideia jin zen». Bi helburu nagusi izanen ditu haurtzain etxeak: batetik, garapena segurtatzea, familiak hastapenetik Arberoako Ikastolaren proiektura erakartzea egiazko behar bati erantzunez; eta bestetik, haurrek niniak direnetik euskara entzun eta ikastea.

Obrak ikasturte hasieran hasi dituzte, eta oraino «pixka bat» iraunen dute, Etxartek esplikatu duenez. Espero dute, hala ere, urte bukaerako prest izatea. «Nork daki, dena ongi joanez beharbada urtarrilean irekiko dugu?», galdetu du. Haurtzain etxeak zortzi haur aterpetuko ditu gehienez, bi haurtzainek kudeaturik, horretarako baitute tokia. Anartean, ikasle, irakasle, langile eta burasoek ikastola arraberrituaz gozatzen dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA