Trinketean, iraultza ttipi bat eta antolaketa berria

Plekari pilota elkarte berriak zalantzan ezarrarazi du trinketeko zirkuitu profesionala. Txapelketen antolatzeko ardura dilindan da oraindik, eta pilotariak eztabaiden erdigunean dira; eragileen eta instituzioen iritziak kontrajarriak dira.

Plekari elkartearen aurkezpena Baionan, ekainaren 30ean. PATXI BELTZAIZ
Plekari elkartearen aurkezpena Baionan, ekainaren 30ean. PATXI BELTZAIZ
2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraultza ttipi bat gertatu da trinketeko berezkoen zirkuitu profesionalean. 2008tik orain arte, Esku Pilota zen pilotari guziak biltzen zituen elkarte bakarra. Baina Plekari elkartea sortu dute berriki Lionel Mazars errugbilari ohiak eta Patrick Orhategarai pilota trebatzaileak. Ez dira satisfos egun plantan den antolaketaz: uste dute pilotaren inguruko giroa apaldu dela eta trinketak husten direla, eta hainbat huts leporatzen dizkiete zirkuituaren arduradunei. Haien alternatibak arrakasta nabarmena bildu du mementokotz, 24 trinketlarietatik hemeretzik Plekarira jauzi egitea deliberatu baitute.

Pilotari gehien-gehienak enpresaz aldatzeak are gehiago ahuldu du Esku Pilotaren zilegitasuna. Azken urteetan, franko errazki zabaldu ziren elkartearen inguruko zurrumurru txarrak. Kantxa bazterretan ohikoak bihurtu ziren oharrak egia zirela baieztatu du Eñaut Etxeberria pilotariak. «Pilotari anitzen lansariak berantean entregatuak ziren, txapelketetako hautuak nolanahika egiten ziren... Kezka anitz genituen, eta sentitzen genuen Esku Pilotako arduradunek ez gintuztela sekula entzuten».

«Pilotari anitzen lansariak berantean entregatuak ziren, txapelketetako hautuak nolanahika egiten ziren... Kezka anitz genituen, eta sentitzen genuen Esku Pilotako arduradunek ez gintuztela sekula entzuten»

EÑAUT ETXEBERRIA Pilotaria eta bozeramailea Plekari elkartean

Apirilean bilkura batean elkartu ziren arduradunak eta pilotari guziak, «azken xantza» gisa. Orduan, pilotari gehienek sentitu zuten haustura, Etxeberriaren ustez, buruzagiek ez baitzuten bere burua zalantzan ezartzen «sekula», eta, beraz, kirolariek ikusi baitzuten egoera ez zela aldatuko. Hortakotz, elkarte berriaren proposamenarekin bat egitea erabaki zuen hark, eta, era berean, Plekariren administrazio kontseiluan pilotarien bozeramailea izatea.

Kalapitaz aserik, alternatiba bila joan dira gehienak. Peio Larralde txapeldunak ere aukera gisa ikusi du Orhategarai bere trebatzaileak eramandako proiektura batzea. «Uste dut pilotari gehienek aldaketa beharra sentitu dugula. Plekari pilotarien aldeko mugimendu bat da, pilotaren inguruko partaide eta eragileekin eramana. Pilota denena da, eta horretarako denen beharra dugu», arrazoitu du Larraldek.

Iritzi kontrajarriak

Baina Esku Pilotari loturik segitu duten pilotariak ez dira iritzi berekoak: Peio Guichandut, Julen Mariluz, Luis Sanchez, Eneko Maiz eta Iker Espinal. Guichandutek eta Mariluzek azpimarratu dute Esku Pilotari «leial» egon nahi dutela, «haren balioekin bat egiten» dutelako. Elkarteak zirkuitu profesionalean lehiatzeko parada eskaini zienez, garrantzitsua atzematen dute «emaniko konfiantza itzultzea». Bi pilotari horiek kirolaren eta politikaren arteko lotura ere aipatu dute, haien iritziz «politika istorioak» ere bai baitira interes guzien artean. «Pilotan aritzea da garrantzitsuena. Kirolaz bakarrik ari gara, eta ez dugu politikarik egin nahi: ez ditugu biak nahasi behar», erran du Mariluzek. Guichanduti ere ez zaizkio interesatzen «politika istorioak».

Esku Pilotaren inguruko kritikak entzunik ere, ez dituzte ulertzen. «Dena hobetu daiteke beti, hori segur da. Baina jada konpondu diren arazoei erreparatzeak ez du deus ekartzen», adierazi du Guichandutek. Mariluzek berriz, ez du inola ere bat egiten kontrako iritzi horiekin. «Ez ditut batere ulertzen Esku Pilotari buruz entzuten diren kritikak. Gauzak hobetzen ahal dira, normala da. Ni ez banaute hartzen txapelketa batean aritzeko, nire mailari begiratu eta hura zalantzan ezarriko dut lehenik», baieztatu du pilotari gazteak, aitorturik trinketeko zirkuitu profesionala «deskubritzen» ari dela oraino ere. Hala ere, biek uste dute hautua pertsonala dela, eta bakoitza libre dela nahi duen elkartearen ordezkari izateko.

«Ez ditut batere ulertzen Esku Pilotari buruz entzuten diren kritikak. Gauzak hobetzen ahal dira, normala da. Ni ez banaute hautatzen txapelketa batean aritzeko, nire mailari begiratuko eta hura zalantzan ezarriko dut lehenik»

JULEN MARILUZ Esku Pilotako pilotaria

Bestalde, Iker Espinalek ñabardura zenbait ikusten ditu egoera horretan. Jokatzea du lehentasun, izan elkarte batekin ala izan bestearekin. «Ez dut arazorik nehorekin ere, baina ez zait gustatu nola aurkeztu ziguten Plekariren proiektua. Presio handia nabaritu nuen», kontatu du Espinalek. Gehitu du gaur arte ez duela nehork deitu Plekaritik, eta Esku Pilotarekin engaiatua segituko duela gauzak horrela diren bitartean.

Amaturrekin berriz lotu

Esku Pilotari egin dioten kritiketarik beste bat izan da amaturrekin harreman guti izatea. Izan ere, pilotari gazte batek baino gehiagok sumatu dute klubekin elkarrizketa falta izan dela helduen lehiaketetatik zirkuitu profesionalerako bidean. Henri Errandonea Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakaria da, eta instituzio horrek ditu gazteen eta amaturren lurralde mailako txapelketak antolatzen. Gaur egun, Esku Pilotak txapelketa horietan ari izan diren pilotari berriak hartzen ditu gehienbat. «Badu urteak eta urteak harreman eta elkarrizketa gehiago galdegiten diogula Esku Pilotari. Nahiko genuke gure iritzia eman eta haiekin eztabaidatu, pilotarien garapena ahalik eta hobekien laguntzeko. Baina erantzunik gabe gelditu gara anitzetan», aitortu du Errandoneak. Haren ustez, profesionalen artera heltzeko, amaturretan lortutako emaitzek baizik ez lukete balio beharko. Azken urteetan ez da bortxaz hala izan.

Errandoneak oroitzen du gaztetxoen udako txapelketa bat kasik ezeztatu behar izan zutela, garai berean Esku Pilotak bere «akademia» sortu zuelako. Akademia horretara gomitatu zituen pilotari gazterik hoberenak, eta gurasoekin abenduan ezarri bazen ere harremanetan, klubak eta Pilota Batzordea azken hilabetean abisatu zituen. Errandonearen ustez, egiteko manera horrek ez du zerikusirik Plekariren proiektuarekin, hark «elkarlana eta profesionalismoa» aldarrikatzen baititu. Azaldu du  Mazars eta Orhategarai Pilota Batzordearengana hurbildu zirela Plekari sortu orduko, elkar ezagutzeko eta elkarren nahien berri izateko.

«Badu urteak eta urteak harreman eta elkarrizketa gehiago galdegiten diogula Esku Pilotari. Nahiko genuke gure iritzia eman eta haiekin eztabaidatu, pilotarien garapena ahalik eta hobekien laguntzeko. Baina erantzunik gabe gelditu gara anitzetan»

HENRI ERRANDONEA Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakaria

Mundu profesionala eta amaturrak berriz elkartzea beharrezkotzat jo du Pilota Batzordeko lehendakariak. Horretarako, segidan adostu dute Iparraldeko Pilota Batzordeko kide baten hartzea Plekariren administrazio kontseiluan. Errandoneak berak beteko du kargu hori. «Nehor ez bazterrean uztea» du helburu, eta pilota amaturreko antolatzaileen ikuspegia ordezkatzea.

Errandonea konbentzitua da Plekari proiektu serioa eta legitimoa dela. Mazars goi mailako errugbilaria izana da, eta pilotara ekarri nahi ditu bere kirolean garatu diren neurri tekniko eta teknologikoak. Pilotarien emaitzak hobetzeko GPS datuak baliatu nahiko lituzkete hark eta Orhategaraik. Pilotarien segipena hobeki egiteko, plantan ezarri nahi dituzte osasunari eta trebatze fisikoari lotutako neurri zenbait ere. Plekarik segurtatu du Philippe Bielle eta Thierry Harizmendi pilotari profesional ohiak izanen dituztela lagun horretarako.

Gardentasuna ipar

Plekarik, amaturrak kontuan hartzeko nahia ez ezik, pilotaren inguruko beste eragileekin hitz egitekoa ere erakutsi du. Haren administrazio kontseilura batu dira, mementokotz, pilotarien ordezkariak (Eñaut Etxeberria eta Andoni Larre) eta Iparraldeko Pilota Batzordeko bozeramaile Henri Errandonea. Baina txapelketen arduradunak, Frantziako Pilota Federazioko ordezkaria eta partaide ekonomikoak sartzekoak dira. Eta Plekariko nagusiek aurrekontua ere finkatzekoa dute oraindik; horrek pizten die arrangura gehien kanpoko begiraleei. Esku Pilotarekin lehian sartzeko, edota, hala nahi izanez gero, ordezkatzeko, gaitasun ekonomiko handia erakutsi beharko dute, eragileak konbentzitzeko gisan.

Horregatik, gardentasunez jokatu nahi dutela erran dute Mazarsek eta Orhategaraiek behin baino gehiagotan. Orhategaraik segurtatu du trantsizio urte bat beharko dela, pixkanaka egin nahi baitute aitzina, nahiz eta «espero gabeko arrakasta» bildu duten orain arte. Lehen pauso gisa, Mauleko bestetako txapelketa antolatu dute, zeinetan lau pilotari amatur eta lau pilotari profesional lehiatu diren, denak nahasirik. Orhategaraik begi onez ikusi du iniziatiba, aitzineko urteetan Mauleko klubak egindako bidea segitu baitute eta berriz ere funtzionatu baitu.

Federazioa Esku Pilotari jarraika

Aldaketa guzien artean dago Frantziako Pilota Federazioa. Gaur egun hark dio Esku Pilotari baimena ematen zirkuitu profesionalaren antolatzeko. Hazparneko Berria formakuntza zentroa ere gidatzen du, pilotari gazteen trebatzea eta garatzea laguntzen duena; tresna oso garrantzitsua da pilotariak fisikoki eta buruz prestatzeko, berezkoen mundura sartzeko aukera ukan aitzin. Lilou Etxeberria federazioko lehendakariaren bitartez, jadanik jakinarazi dute Esku Pilotarekin loturik segituko duela. Hasieran Plekariren galdeari erantzunik eman ez bazion ere, orain Etxeberria lehendakariak onartu du Plekariren administrazio kontseilura batzea, «gauzak nola egiten diren ikusteko». Mementokotz ez du beste informaziorik eman nahi izan, eragile guziekin biltzekoa baita, eta horren ondotik baizik ez baita prest izanen xehetasunen plazaratzeko.

Serge Maite Esku Pilotako zuzendariak ere nahiago du eragileen arteko bilkura iragatea hitz egin eta iritzia eman aitzin.

Bestalde, bilkura handi hori iragan aitzin, bi aukera ageri dira: Plekarik antolaketa osoa eskuratzea Hego Euskal Herriko zirkuitu profesionalean bezala, edo bi elkarteekin segitzeko hitzarmena izenpetzea. Orduan, elkarte bakoitzak bere pilotariak kudeatuko lituzke, eta txapelketa ezberdinetan jokaraziko liekete. Hala gertatzeko aukera handiak dira gaur egun.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA