Aitor Zabaleta

Troiako trena

2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Betidanik maitatu izan dut trenez bidaiatzea. Baita altzairuzko zaldia iristear dagoenean sabelean sortzen den hotzikara ere. Irri eta irri artean bi maitaleren baitan pizten den irrikaren parekoa da. Biek nahi bai, baina ematera ausartzen ez diren lehen muxua iristear den une horretan sortzen den larru ikara. Begiak itxi eta, norabidea ikusteko beharrik gabe, ezpainek elkarrenganako bidea dantzatzen dute koreografia ia perfektu batean, lehenagotik elkar ezagutuko balute bezala. Eta, une horretan, mikrosegundo horretan, azaleko zentimetro oro uzkurtzen da, eta ordura arte lotsati mintzo ziren gorputzak ilargia bera pizteko gai dira.

Uztailaren 14an hartu nuen azkenekoz trena. Paristik Baionara. Etxera. Lehen hunkidura gure trena Montparnasseko pantailetan ikusi nuenean sentitu nuen. Nire tokian jarri eta geltokien artean Baiona entzun nuenean, bigarrena.

Eta bat-batean... ilargia itzali zen.

Baionak eta nire ezpainek elkarrekin dantzatzeko gogoa galdu izan balute bezala.

Frantziako banderak ezker-eskuin. La Marseillaise harro ahoan eta bihotza eskuan, pantailari begira milaka euskaldun, «gure» selekzioak orgasmora eramango gaituen itxaropenarekin. Baionan bezala Bilbon, baina baita Baigorrin eta Ataunen ere. Harri eta zur ikusi dute abertzale askok beren haurrek Frantziarekiko eta Espainiarekiko duten grina. Baina, noski, futbola besterik ez da, eta ez gaitezen kezkatu. Ez baita kirola politizatu behar, baina politika baizik ez da.

Eta ez da ezer aldatuko Frantziarekiko eta Espainiarekiko harremanak leialtasunez jorratzen eta zapaltzailea gure pareko egiten jarraitzen badugu. Talka eta konfrontazio oro saihesten badugu, geratuko zaigun tren bakarra gure ehortzetara eramango gaituena izango da. Baina hori bai, inor mindu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA