Bost urte dira orain Hazparneko Uhaldia etxaldea martxan dela. Ofizialki 2019an sortu zen, baina 2021ean agertu ziren lehen langileak. Julie Abbadie elkarteko zuzendariak, zailtasun ekonomiko eta sozialetan direnak laguntzeko egitura baten falta ikusi, eta bere familiako lurretan gauzatu zuen proiektua. Gaur egun, hamabost bat langilez osatua da etxaldea, eta astero barazki saskiak errezibitzen dituzten 130 bat harpidetza dituzte.
Horiek horrela, egitura honek jendea «gizarteratzeko» funtzioa duela argi utzi du Ihintza Dolosor Uhaldiako langileak; haien kasuan, «lan mundua gizarteratze tresna gisa erabiliz». Izan ere, gizartean lekua atzemateko zailtasunak dituztenei ingurumen sozial berri bat eta lan giro bat proposatzen dizkie Uhaldiak. Horri esker, parte hartzaileek, alde batetik, laborantza munduko ezagutzak barneratzeko aukera dute, hau da, barazkien ekoizpenari buruzko jakintzak ikasteko parada; eta, bestetik, sozializatzeko kodeak berreskuratu eta bakartze sozialetik ateratzeko irtenbide bat ere badute. Uhaldia etxaldearen helburua ez da norbanako hauek absolutuki laborantza mundura bideratzea, baizik eta gizarteratzeko gakoak berreskuratzeko aukera bat ematea, eta haien proiektu pertsonaletan laguntzea.
«Profil askotako jendea hurbiltzen da, arrazoi askotarikoengatik: izan bereizketak, lan istripuak, etxetik ihes egin behar izana, hots, edonori gerta dakizkiokeen bizitzako gorabeherak», azaldu du Dolosorrek.
Sare zabalago baten barne
Cocagne sarean dagoen elkarte bat da Uhaldia. 1999an sortutako sare horrek laborantza bidezko gizarteratze egiturak biltzen ditu Frantziako Estatu osoan; Euskal Herriko bakarra Uhaldia da. Hori dela eta, tokiko produktu biologikoen irisgarritasuna erraztea da sarearen helburu nagusietako bat, eta bide horretan sortu zuten Cocagne programa. Izan ere, programa horrek astero banatutako barazki saskiak prezio apalagoan lortzea ahalbidetzen die zailtasun ekonomikoan direnei, eta, ondorioz, produktu sanoak erosteko eta kontsumitzeko parada eskaintzen die. Are gehiago, ekoizpen biologikoari buruzko sentsibilizazio tailerrak ere proposatzen dizkie, eta osasuna, barazkien ekoizpena, sukaldaritza eta bizikidetza dira bertan jorratutako gai nagusiak. Pizza gaualdia izan zen horietako azkena.
Etorkizunera begira
«Diru laguntzak anitz gutitzen» ari direla adierazi du Dolosorrek. Horretarako, nahiz eta laguntzez gain salmenta gune batzuk eduki —Hazparneko merkatuan, Zarea eta Xistroak dendetan…—edota harpidetza franko ukan, etxaldearen finantzaketa ekonomikoa egonkortzeko jatetxe solidario baten proiektua martxan ezarri du elkarteak. Horrez gain, Lurralde Elikaduraren Astea antolatuko dute ondoko astean. Urriaren 6an hasi eta 10ean bukatuko den aste berezi horrek lurraldea dinamizatzea eta elikadura solidarioari buruz sentsibilizatzea du helburu: ekoizpenari eta elikadurari buruzko hausnarketak eginen dituzte ekitaldi eta tailer zenbaiten bidez, eta azken egunerako, larunbatarekin, elkartearen ate irekiak antolatuko dituzte.
Azkenik, asteroko saskientzako harpidetzarako lekuak gelditzen direla esplikatu du Dolosorrek; nahi izanez gero, haien webgunean emaitzak egiteko aukera ere bada.