Ukaezina da Euskal Herrian idortea dagoela. Horrekin batera, ur eskasia ere nabaritzen ari da. Egoera horri aurre egiteko, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak erabaki du edateko uraren kontsumoa alerta gorrian jartzea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Euskal Hirigune Elkargoak iragarri duenez, gaur 18:00etatik goiti martxan jarriko da egokitzapen plana. Horrek erran nahi du erabiltzaile orok bere ur kontsumoa apaldu beharko duela, eta bakarrik beharrezkoak zaizkion jardueretara mugatu beharko duela. Murrizketa orokorrak norbanakoei, enpresei eta profesionalei eta laborariei aplikatuko zaizkie.
Izan ere, neurrien artean, norbanako guziei debekatua zaie kanpoko eremuen ureztatzea 08:00etatik 20:00etara. Etxeko ibilgailuak edota teilatuak, murruak eta gaineratekoak garbitzea ezinezkoa izango da, baita igerileku pribatuen betetzea ere. Igerileku publikoak ere ezingo dira bete, salbu Akitania Berria eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) kontrakoa ez badu erraten. Kirol zelaiei dagokienez, egunean zehar ezinezkoa izango da hauen ureztatzea, eta baimendutako tenoreetan baizik ez da egiten ahalko, astean bitan. Enpresentzat eta profesionalentzat neurri berdintsuak plantan jarriko dira, gehienetan segurtasunari, osasunari edo lan jakin batzuei lotutako salbuespenak aplikatuta.
Azkenik, laborariek ere murrizketak izanen dituzte ureztatzeentzat. Egunez noizbehinkako ureztatzea baimendua izango zaie ekoizle profesionalei, ekoizpenak bizirik atxikitzeko beharrezkoa denean. Gaineratekoei ureztapena 08:00etatik 20:00etara ezinezkoa izanen zaie. Murrizketa guzien zerrenda elkargoaren webgunean atzeman daiteke. Bestalde, murrizketak errespetatzen ez dituztenentzat 1.500 eurotik gorako isunak aurreikusten dira. 7.500 euro arte igo daiteke enpresen kasuan.
Ur mailak, «oso kezkagarriak»
Uztailaren 26an Euskal Irratien mikroan mintzatu zen Eneko Aldana, Euskal Hirigune Elkargoko Edateko Uraren eta Saneamendu Kolektiboaren lehendakariordea. Azpimarratu duenez, Ipar Euskal Herriko ur sareen sistema pentsatu zenean ura bazegoen, baina azken urteetan klima aldaketaren ondorioz urtean zehar euria gutiago egiten du, eta udak gero eta lehorragoak dira.
Are, ibaietako ur markak maila «oso kezkagarrietara» iritsi direla adierazi du Elkargoak. «Urdazurik, Iholdiko errekak eta Uhaitza egoera kritikoan dira, eta Errobi, berriz, alerta azkartuan da». Ondorioz ur baliabideak «biziki fite» tentsionatzen direla azaldu du Aldanak. Horren karietara, ur biltegi «handi» baten falta nabarmendu zuen, eta lehentasuna lurraldeko ur sarea indartzea dela oroitarazi du. Gabezia hortaz sufritu zuten duela bi aste Hazparneko eta Ortzaizeko herritarrek ur eskasia izan zenean, ur sare orokorrari ez baitira lotuak.