Xibertako golf elkartearen «pribilegioak» salatu ditu Angeluko oposizioak

Eskualdeko Kontuen Auzitegiaren txostenaren arabera, «bereziki apala» da golf instalazioak kudeatzen dituen elkarteak herriko etxeari ematen dion ordainsaria. Gehiago ordaintzeko gaitasuna dutela uste du Angelu Elkarrekin ezkerreko taldeak.

(ID_16510151) Xibertako golfa.
Angeluko Xibertako golfa, aste honetan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urriaren 9a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nola da posible Xibertako golfari hainbeste abantaila, eskuzabaltasun eta pribilegio ematea herriko etxeak?». Mahaut Fanchini Angelu Elkarrekin oposizio taldeko hautetsiak egin zuen galdera irail bukaeran egin zuten herriko kontseiluan. Eskualdeko Kontuen Auzitegiak txosten bat atera du ikasturte hasiera honetan, eta deitoratu du golf zelaia kudeatzen duen elkartearen eta herriko etxearen arteko harremana ez dela «orekatua» eta ez dela «aski zehatza». Bi egiturek historikoki izan duten harremana defendatu du Claude Olive auzapezak. 2050 arteko epea du hitzarmenak.

Herriko lurretan da Xibertako golf zelaia. Enperatrizaren golf eremuarekin eta horiei atxikiak zaizkien eraikinekin batera, 50 hektarea inguru hartzen dituzte orotara. Elkarte batek kudeatzen ditu instalazioak. Kontu Auzitegiaren txostenaren arabera, urtero 85.000 euro inguruko ordainsaria ematen diote herriko etxeari. «Bereziki apala, euskal kostaldean lurrek duten prezioen arabera». Angelu Elkarrekin taldeko kideek ohar batean adierazi dutenez, 2024an 92.809 euroko alokairua ordaindu zuten denera. «Hossegorreko golf elkartearekin parekatzen badugu, haiek 330.000 euro ordaintzen dute; urtero 200.000 euro inguruko galera da», deitoratu dute. «Hautetsiei dei egiten diet zenbaki hori gogoan atxiki dezaten aitzinkontuari buruzko erabakiak hartu behar direnean», salatu zuen Fanchinik herriko kontseiluko eztabaidan.

Alta, hori ez da Xibertako golf zelaia kudeatzen duen elkartearen egoera ekonomiko eskasaren ondorioa, Kontuen Auzitegiak berak azpimarratu gisan. 2,9 milioi eurokoa du urteko negozio zenbatekoa; 158.000 euro ingururen irabaziak izan zituzten 2024ko urtean. Hori bera azpimarratu du Fanchinik berak ere: «Lizentzia batek 2.000 euro balio ditu urtean, eta lau urteko itxaron zerrenda bada. Nahikoa da bost kide lortzea 10.000 euro lortzeko; hamar kide 20.000 euro lortzeko. Hain kirol elkarte aberatsa izanik, ez da arrazoirik hain ordainsari txikia izan dezaten», deitoratu du.

Ezkerreko oposizioaren hitzetan, ez dira onargarriak golfaren kudeatzaileen galdetzen zaizkien baldintzak. Lur publikoetan izanik ere, ez zaie eskatzen zerbitzu publiko bat eman dezaten. «Hitzarmenaren arabera, Angeluko ikastetxeetako ikasleei dohainik egin beharko liekete harrera. Alta, Kontuen Auzitegiaren arabera, hori ez da gehiago indarrean azken hamar urteetan», idatzi dute agirian.

Uraren erabilpena auzitan

Xibertako golf zelairako uraren erabilpena ere zalantzan eman du oposizioak. Izan ere, Xibertako lakutik tiratzen duten uraren bidez ureztatzen dituzte zelaiak. Kontuen Auzitegiaren arabera, urtean 100.000 euro aurreztea ahalbidetzen dio horrek golf instalazioak kudeatzen dituen elkarteari. «Hondartzetan dutxak ixten ditugu, baina golf zelaiak urezta dezake», deitoratu du Fanchinik. 

Herriko kontseiluan izan zuten eztabaidan, bortizki erantzun zion Olive auzapezak Fanchiniri. «Mintzatu aitzin, herri honen historia ezagutu beharko zenuke; baina, dirudienez, ez da hala. Baina barkatzen dizugu, orain dela gutxi iritsi zarelako». Oroitarazi zuen dohaintza baten bidez eskuratu zuela zelaia herriko etxeak, 1981ean, euro sinboliko baten truke. «Emailearen xedea zen ahal bezain luze segi zezala zelai horrek golf jarduerarekin». Horrez gain, inbertsio guziak golf elkartearen esku direla nabarmendu zuen auzapezak. «Horregatik ordaintzen dituzte 90.000 euro bakarrik. Dena biziki argi eta gardena da», ebatzi zuen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA