Ipar Euskal Herriko euskaldun anitzek oroitzen dute beren inguruko auzo baten, familiako kide baten edo amatxi ala aitatxi baten ahotik entzun izana euskarazko xuka forma alokutiboa. Hizkuntza forma berezi hori gehienetan ahoz erabiltzen da, familiakoekin edo ingurukoekin. Gaur egun, xukaren erabilpena aski mugatua da: Oztibarreko bazterretan entzuten da gehienbat, nahiz eta Amikuzeko lurraldean lukeen jatorria. Baina, haren erabilpena berriz bultzatzeko eta normalizatzeko, Oztibarreko ikastolak plantan jarri ditu egitasmo berri batzuk. Orain, ttipidanik xuka hitz egiten diete ikastolako haurrei, eta, gurasoen interesa pizturik, helduendako tailerrak ere antolatzen hasi dira.
Martta Lako Oztibarreko ikastolako errientsa da lehen urtetik. Etxean betidanik entzun du xuka, eta haurrekin jarduteko momentuan naturalki horrela irakastea deliberatu zuen. «Hasi duxu zazpi ikasleekin, eta ni ninduxun lehen andereñoa: lehen urtea nixun irakaskuntzan. Hasi naizelarik, hasi nauxu egunero mintzo nintzen bezala, naturalki. Azkenean, segitu dixut ene baitan nuena». Gehitu du haurrekin ez dutela alokutiboari buruzko saio bereziturik egiten, erabilpena normalizatua den heinean, naturalki atxikitzen baitute.
«Hasi duxu zazpi ikasleekin, eta ni ninduxun lehen andereñoa: lehen urtea nixun irakaskuntzan. Hasi naizelarik, hasi nauxu egunero mintzo nintzen bezala, naturalki. Azkenean, segitu dixut ene baitan nuena»
MARTTA LAKOÂ Oztibarreko ikastolako errientsa
Haurrekin eramandako desmartxak gurasoak motibatu ditu. Lehen aldiz, COVID-19aren pandemia aitzin saiatu ziren praktika bultzatzen; gero gelditu behar izan zuten. Aldi honetan, iazko abendutik hasi dituzte mintza praktika saioak berriz, interesa duen edonori zuzenduak —Oztibarretik kanpokoei ere bai—. Lakok azpimarratu duenez, helburua da elearen trebatzea, ez izateko eskolako klase teoriko bat. Horrela, bi aste guziz, ostiral arratsarekin, alokutiboa lantzeko solasak egiten dituzte Oztibarreko ikastolan, jokoen inguruan. Adibidez, antzara joko berezi bat sortu dute elkarrekin, arau eta jokamolde bereziak barnebiltzen dituena. Manera ludikoan lantzeak mihiak dantzatzen laguntzen du.
Lakok prudenki zehaztu du esperientzia gutti zutela, eta, hastapenetik, tailerretara hurbiltzen den orori bere motibazioak eta helburuak galdetzen zizkiola. Ulertzearen eta barneratzearen artean ezberdintasuna badela dio; horregatik, tailer bakoitzaren bururatzeko, Kahoot aplikazioa erabiltzen dute. Horri esker, saio osoan joko eta elkarrizketetan barneratu duten guzia borobiltzeko aukera dute, galdera zehatzetarako erantzun egokia hautatuz. Beste ariketa praktikoa hitz egite klasikoa da. Binaka, xuka mintzatzen dira gai baten inguruan, eta, bukaeran, talde osoari laburpen bat proposatzera entseatzen dira.Â
Alokutiboaren berezitasunak
Lakok xuketa etxetik errezibitu zuen arren, ez da hala izan alokutibo forma guziei doakielarik. Toka hitz egiten entzun zuen bere inguruan, baina noketa, emakumeei hitz egiteko erabiltzen den forma, ez zaio transmititu Lakori. Halaxe gertatu zaie beste anitzi ere; noketaren erabilpena urtez urte apaltzen doa, eta toketa gehiago transmititzen segitu da. Gai horri preseski helduta, Ana Jaunarena hizkuntzalariak Ortzaizeko noketaren erabilpena ikertu nahi izan zuen, eta ondorioa zera izan zen: toketaren eta noketaren arteko arroilak handitzen segitzen du, gizarte estereotipoek eta aurreiritziek kalte egiten diotelako emakumeei mintzatzeko alokutiboaren erabilpenari. Pixkanaka, hitz egiteko manera traketsa zen ideia faltsua hedatzen eta errepikatzen joan da.
Toketa eta noketa forma alokutiboekin gerta daitekeen bezala, xuketa ahozkoan erabiltzen delarik, hizki zenbaitzuk jaten dira batzuetan; ez dira ahoskatzen. Baina idatzizko forman osorik idatzi beharra bada. Bestalde, xuka zein hika mintzatzean, alokutiboa ez da beti erabili behar. Kasu zehatzak badira, eta usu tranpa da alokutiboa erranaldi guzietan sartzea. Baina hutsak ez egiteko trukuak jakinarazi ditu Lakok. «Galdera bati 'bai' edo 'ez' erantzuten ahal bazaio, kasu horretan alokutiboa erabil daiteke, bestenaz ez. Haatik, baldintzazko forma delarik, alokutiboa ezin dugu erabili». Alokutiboaren erabilpen forma guziak ontsa menperatzeko, tailerretarako gomita egina zaio interesa duen orori.