Maider Bedaxagar

Xurigorrika 2026

2026ko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herenegun, eguzkiaren lehen agerraldiez goxatzen ari ginela, ene auzo Maddik, 93 urteko emazte karan eta eskuzabalak, aspaldian entzun ez nuen hitz bat erabili zuen: xurigorrika. Herri ttipietako giroa hauteskunde garaian bixi-bixia da, eta ez da egungoa.

Urdiñarbek pastoralen tradizio handia du eta 1909. urtean hiru pastoral jokatu ziren, eta are gehiago, bi egun berean! Lehenik, Roland pastorala eman zuten urdiñarbetarrek pazko astelehenez. Baina ez ziren ontsa jin beren artean, eta, aste bat berantago, bi taldetan bereizi eta nork bere pastorala eman. Halakoa zen giroa garai hartan: xurigorrika! 

Apezaren aldekoek Abraham eman zuten. Egun berean, beste alderdikoek, hots, auzapezaren aldekoek Santa-Elena eman zuten. Izan ere, emazte pastorala zen. Taldeko argazkian, xuri eta beltzez agertzen dira hamar bat andere gazte, luxuzko eta modako arropaz jantziak, biloak motoan bilduak, batzuek buruko elegante batez apaindurik.

Baionako mediatekako eskuizkribuen ikertzen nengoela, Georges Herelle (1848-1935) historialari eta ikerlariaren notak ukan nituen eskuen artean. 1899an Baionara jin zen filosofia irakasle bat zen eta, Zuberoako pastoralek liluraturik, hainbat liburu idatzi zituen. 1909ko ekainaren 6 hartan, Urdiñarben zen Herelle, emazte pastoralean, eta honakoa idatzi zuen: «Eskaleen jelkaldiak jende harrotze handia eragin zuen publikoan, zurezko zutabeek mugimendua ezin zutela jasan, ezkerraldetik kolpez desegin zen harmaila».

Publikoaren harroaldiaren arrazoia aitzinatzen du ikerlariak, eta, artetik errateko, pastoralaren pasarte oso interesgarri bat erakusten digu. Eskale horiek taulada gainean jestu handitan zebiltzan, pertsonaia handiak eskarniatuz, jan eta edaten ausarki eta jendeari amoina egiten, eta, publikoa, berriz, jarlekutik harro-harro sos aurtikitzen. Halako eszenarik nehork ez zuen aipatu sekula, eta gaur egun ez da gehiago existitzen pastoraletan, maskarada ala ihauteri garaian baizik ez direlako agertzen.

Duela guti, deskubritu nuen 1909ko ekainaren 13ko Le journal de Saint-Palais kazetan, Urdiñarbeko istripuaren beste aipu bat. Kazetariak hil bat eta hamar bat kolpatu deitoratu zituen. Bildozeko Ambroise Irular zurginak bizia galdu omen zuen. Ezbeharrak, gainera, hainbat kolpatu eragin zituen: Oxandabero mutikoak zango sagarra bihurtu, Padilla mutikoak odoluri larriak, Goihetxe neska gazteak ezkerreko zangoa hautsi, Etxebeste neska gazteak espalda bihurtu, Hourcadek matelezurra xehatu. 

Arrazoiak, berriz, argi eta garbi dakartza kazetariak: ordoki ez zen gune batean eraikiak izan ziren harmailak, eta zolan finkatu gabe, eraikuntza lurrean pausatua baizik ez zen. Orduan, laurehun ikusliar suportatzen zituen harmaila dinbili-danbala osoki lehertu zen. Gainera, euriteak izan ziren aitzineko astean eta lehen pastorala jada emana izan omen zen astelehenarekin. 

Baina, herrian diotenaz, xuriek zituzten ttottogiak sabotatu. Akto politikoa zatekeen, beraz. Artxiboek ez badute horrelakorik kontatzen ere, xurigorrikaren tirabiren bizipena egon da memorian gelditua.

Eta horrelako malurrik gerta dadin desiratu gabe, eztabaida beharrezkoa dela herri batean agertzen dela uste dut, eta Urdiñarbek, beste herri frankok bezala, zerrenda bakarra martxoan aurkeztean, ez ote dio kolore nabarra kentzen xurigorrikari?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA