Herriko etxeko kontseilu gelara herritar bat sartu zaio Maite Pitrauri (Atharratze, Zuberoa, 1968), Baionara abian den autobusaren tenoreez galdezka. «Ez ditut leitzen ahal autobus geltokian diren tenoreak; badituzu hemen nonbait?» galdegin dio gizon zaharrak. «Fitxa bat inprimatuko dizut», erantzun dio auzapezak, eta, inprimagailutik papera aterarik, goizetako partitze guziak zerrendatu banazka. Ondotik, atariraino lagun egin dio gizonari, eta atea hetsirik itzuli da kontseilu gela handira. «Hori da herri ttipietan auzapez izatea!», erran du, postua uzteko arrazoia esplikatu aitzin.
Hedabide frankotan erran duzu ez zinela berriz aurkeztuko heldu den agintaldiko, emazte gisa herriko kontseiluko gizonek ez baitzaituzte aski entzun.
Besteak beste horregatik utziko dut, bai, baina ez da arrazoi bakarra. Lan karga handiko postua da, eta onartu behar dut ez dela beti erraza izan. Kontseilari gisa hasi nintzen auzapez izan baino lehen, eta ohartu naiz zinez beste jauzi bat dela auzapez izatea. Atharratzeko lehen emazte auzapeza naiz, baita postu horretan dagoen klase apaleko lehen herritarra ere. Orain artio notableek zuten ene lekua. Bi aldagai horiek pisua ukan dute agintaldian.
Kontseiluan egon zareten emazteak ezabatuak sentitu zarete?
Bai, eta uste dut oraino ere leku gehiegitan gertatzen dela. Gizonezko kide batzuek ohartarazi izan didate kontseiluak luzeegiak zirela, eta gehiegi garatzen nituela aipagaiak. Hitzaldiak neurtzen hasi, eta ohartu nintzen guti batzuek gaina hartzen zietela besteei: bistan da gaina hartzen zutenak ez zirela emazteak. Hitza hartzean, gainera, kontseiluko emazteek usteak eta irudipenak adierazten dituzte; gizonek, berriz baieztapenak baizik ez oro har, eta gainera, batzuetan gauza faltsuak baieztatu izan dituzte. Azken finean, zaunka gehien egiten duenari entzun izan zaio, eta, anitzetan, taldeko buruzagia goaitatu behar izan da erabakia hartzeko: harrigarria zait!
«Zaunka gehien egiten duenari entzun izan zaio, eta, anitzetan, taldeko buruzagia goaitatu behar izan da erabakia hartzeko: harrigarria zait!»
Horrekin batera, oro har, kontseiluetan manera jakin batean markatzen da kargu banaketa: gizonak diruaren kudeaketan eta obretan; gaineratekoak, animazioan eta elkarte munduan.
Harrigarria bezain sistematikoa da. Ni ez naiz zurgina, baina ene auzoan den gizona ere ez da hala, eta lasai egon, hura kontseiluan entzuna izanen da obrez mintzatu behar delarik. Atharratzen animazio polo aski azkarra dugu, eta arazorik gabe onartu da emazte batek har zezan horren ardura. Kultura gauza serioagoa denez... gizonak izan dira horren arduradun betidanik. Eta, nola ez, eginbehar administratiboak, berriz, emazteek egin behar izan dituzte. Zenbat aldiz ez diet erran ni ez nintzela haien idazkaria: urrundik gatoz!
Herriko bozetako zerrendetan parekidetasunaren hedatzeak lagundu dezake egoera hobetzen?
Berantetsia naiz, jakin nahirik neurri horren emaitza noiz ikusiko den. Erraterako, Euskal Elkargoko komisioetan aldea ikusten da parekideak diren herriko etxe handietarik jiten direnekin. Erabat aldatzen da egiteko manera, eta anitzez gehiago entzun naute han ene herrian baino: ez du deus ikustekorik. Parekidetasuna instalatua den lekuetan entzuna sentitzen zara. Herri ttipietan, aldiz, egoera zailagoa da.

Zu eta bertze bortz emazte joanen zarete kontseilutik. Ez da paradarik bertze zerrenda bat muntatzeko?
Kontseiluan izateko jendea ez litzateke faltako, baina auzapez izateko, aldiz, ez da nehor agertzen. Nik iragarri nien kontseiluko kideei utziko nuela. Geroztik jende franko jin zait erratera berriz aurkeztuko banintz sostengatuko nindutela. Lehen, garrantzitsua zen auzapez izatea, baina, egun, lanaren alde zikina baizik ez du ikusten jendeak. Postu honetan ontsa izateko, zure taldeak lagun egin behar dizu, eta ikasi behar duzu eginbehar batzuk besteen esku uzten. Gainera, COVIDaz geroztik iruditzen zait indibidualismoak gaina hartu digula, eta ez dugula lehen bezainbat elkar laguntzen. Zailtasunak ikusten ditut berriz kolektiboki pentsatzeko, zorrotzak eta indibidualistak bihurtu baikara.
«Kontseiluan izateko jendea ez litzateke faltako, baina auzapez izateko, aldiz, ez da nehor agertzen. Nik iragarri nien kontseiluko kideei utziko nuela. Geroztik, jende franko jin zait erratera berriz aurkeztuko banintz sostengatuko nindutela»
Hala ere, azken sei urteetan aitzina eraman dituzu zenbait proiektu herrian. Etxebizitzari dagokionez, berritze obra handia egin duzue Dagerre gazteluan.
Gaztelu hori azkarki zahartzen ari zen, eta erabaki genuen hamahiru etxebizitza egitea Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoarekin eta Soliha Bizitegi Sozialen jabe alokatzailearekin elkarlanean. Proiektua azken fasean da. Zehazki, zazpi etxebizitza salgai emanen ditugu eta sei arrandan; denak apartamentu sozialak edo prezio apalekoak dira.
Etxebizitzaren arazoari erantzun egokia eman diozue gaztelua zaharberrituz?
COVIDaren pandemiaren garaian heldu nintzen herriko etxera, eta, garai hartan, etxebizitza eskaera izugarri handitu zen. Arras etxe guti ziren herrian berean gelditu nahi zuten gazteentzat. Bestalde, zahartzearekin batera etxaldeetatik herrira jaisteko joera duten zaharren eskaerari ere erantzun behar izan diogu. Bi erronka horiei aitzin egin izan behar diegu sei urtez.
Bertzalde, herriko etxeak bide eman dio Bekaturos proiektua hirugarren aldiz antolatzeari. Zaila izan da LGTBI borrokaren gaia herriko kontseilura eramatea?
Prefosta elkarteak du gehien-gehiena antolatu, Altxalilirekin batean. Egia da egun horrek galdera anitz sortu zituela herrian eta kontseiluan. Hastapenean, herritar batzuek erran zidaten nolaz uzten nuen herrian horrelako proiektu bat plantan ematen. Eta orain herritar horiexek erraten didate proiektuaz biziki kontent direla, den-dena ontsa iragan baita azken finean. Egun horrek lortu du jendearen beldurrak erauztea, eta horren aldetik bereziki kontent naiz. Paregabea da egun hori, Atharratzera jinen ez litzatekeen jendea batzen baitu, eta nahasketa zoragarri bat eragin.
«Bekaturos egunak lortu du jendearen beldurrak erauztea, eta horren aldetik bereziki kontent naiz. Paregabea da egun hori, Atharratzera jinen ez litzatekeen jendea batzen baitu, eta nahasketa zoragarri bat eragin»
Ez da bakarrik Bekaturos egiten urte guziz Atharratzen. Euskarabenturaren abiatzea ere bi aldiz lagundu duzue. Euskara ikusgai ezartzea izan da zure helburuetarik bat?
Maluruski, Basabürüan euskara galtzen ari da. Damu dut euskararentzat gehiago egin izana sei urte hauetan. Ez dugu lortu gehiago aitzinatzea. Garrantzitsua da euskararen transmisioan berriz serioski zentratu gaitezen. Euskarabenturaren helburua izan da herrian euskarari lekua ematea Euskal Herri osoko gazteak jinaraziz. Hala ere, iruditzen zait xantza dugula euskararen inguruko dinamika hain aktiboa dugulako gure inguruan, eta hori baliatu behar dugu berriz pizteko, elkarrekin. Biarnon, adibidez, ez dute dinamika bera, eta ikusten da.
Etorkinen harrera ere izan da agintaldiko gai garrantzitsuetarik bat.
Siriarrak eta armeniarrak izan ziren lehen-lehenik jin zirenak. 2022an, Ukrainako gerlaren ondorioz, 25 errefuxiatu etorri ziren, eta haietarik bederatzi gelditu dira. Gehienak ontsa integratuak dira, lanean edo eskolan baitira jada. Biziki kontent naiz harrera hori proposatu izanaz, eta harro naiz jendea elkartu baita lana edo etxebizitza emateko.