Ziburuko azokaz gozatu aitzin, inguruan ekitaldi andana Azokaroari esker

Azokatik harago ere euskaraz gozatzeko, Azokaroa prestatu dute Baltsan elkarteko eta 'Argia'-ko kideek. Ziburu inguruko hainbat herritan kontzertuak, aurkezpenak eta mahai inguruak antolatu dituzte maiatzerako.

Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, iaz. GUILLAUME FAUVEAU
Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, iaz. GUILLAUME FAUVEAU
Ziburu (Lapurdi)
2026ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpi urte dira Ziburuko euskal liburu eta disko azoka abiatu zutela Baltsan elkarteko eta Argia-ko kideek. Aurten, ekainaren 6an iraganen da, larunbatarekin, Ziburuko plazan. Baina ez dira egun bateko egitarauarekin asetzen, eta, horretarako, aitzineko hilabete osoan Azokaroa prestatu dute. Maddi Zubeldia Baltsan-eko kideak erran du elkarteekilako harremana sendotzeko parada zaiela: «Azoka biziki aberasgarria da, baina egun batera mugatzen gaitu. Frustrazio pixka bat sentitzen genuen; beraz, aurretik beste hitzorduen antolatzea erabaki dugu. Manera bat da, bestalde, auzo herrietako elkarteekiko loturak sendotzeko eta haien lanaren eskertzeko». Orotara, sei gaualdi antolatu dituzte.

Azokaroa atzo abiatu zen, Azkainen, Bil Toki gelan, Jone Bordatoren Erroen izerdia liburuaren aurkezpenarekin. Ondoko hitzordua maiatzaren 7an izanen da, arratseko zazpietan, Ziburun, Baltsan-en egoitzan. Izan ere, Robin Farrar irakasle eta ekintzaile galesak galeserari buruzko hitzaldia eginen du. Euskara ikasia du hark, eta hizkuntza gutxituen aldeko eragileen arteko loturak egiteaz arduratzen da. Gaualdiaren girotzeko, Gwilym Bowen Rhys kantari eta musikari galesak folk kontzertu bat emanen du.

«Bakoitzak xinaurri lana egiten du bere aldetik. Ttipitik ari bagara ere, ari gara! Elkartez elkarte lotzea horretan zentzua du: elkarrengandik ikasten dugu eta aberasten gara»

MADDI ZUBELDIA Baltsan elkarteko kidea

Maiatzaren 16an, larunbatez, 12:00etan Ulhaintsaren negarra Jon Garmendiaren poesia liburuaren errezital musikatua eginen du Urruñako ikastolak. Ortzi Ohiarzabalek biolin doinuz lagunduko du aurkezpena.

Maiatzaren 18an, astelehenez, Euskal Irratien uhinetatik zabalduko dute Larrialditik iratzarraldira mahai ingurua, Azokaroaren barnean betiere. Solasaldian euskararen egoera orokorra izanen dute mintzagai. Plazara kooperatibako Eneko Gorrik, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko Intza Gurrutxagak eta Iñaki Iurrebaso idazle eta soziologoak parte hartuko dute emankizunean.

Maiatzaren 22an, arratseko zortzi orenetan hasiko da, Baigorrin, Pleibak Miren Amurizaren bertso saio literarioa. Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek eta Paule Bilbao musikariak parte hartuko dute. Baigorriko Bixentainean izanen da, eta Baigorri inguruko Boga irakurle taldeak eta Basaizeak kudeatuko dute gaualdia.

(ID_17756351270235) 2026ko Azokaroa zikloaren egitaraua.
2026ko Azokaroa zikloaren egitaraua.

Azokaroa Donibane Lohizuneko mediatekan bururatuko dute, maiatzaren 28an, Aritz Ibarra komiki egilearen Deiadarra liburua aurkeztuz. Ostegun arrats hartako zazpi orenetan emana dute hitzordua. Donibane-Ziburuko AEK-k antolatuko du aurkezpena.

Arnasguneak sortu

Gaualdiak antolatzen dituzten elkarteekin harremanak saretzea garrantzitsua iruditzen zaio Zubeldiari: «Bakoitzak xinaurri lana egiten du bere aldetik. Ttipitik ari bagara ere, ari gara! Elkartez elkarte lotzeak horretan zentzua du: elkarrengandik ikasten dugu, eta aberasten gara».

Hilabete osoan, Azokaroak esparru askotarikoetan euskara hutsean ari diren sortzaileak biltzeko asmoa du. Eta behar bat betetzen du sustut: Lapurdi kostaldean euskaraz bizitzeko arnasguneak sortzea. «Hemen euskarak plaza hartzeak eta okupatzeak sinbologia azkarra du», erran du Zubeldiak.

Bestalde, Azokaroaren bidez, publiko guziari azokara jiteko gomita egitea dute xede. Besteak beste, irakurle gazteak jinarazteko asmoa dute, euskaraz kontsumitzeko interesa elikatzeko eta aberasteko. Horretarako, bestalde, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasleekin hainbat tailer egin dituzte, euskal literaturaren eta sorkuntzaren inguruan. Beste ikastetxeetan lanketa horren eramateko nahia erakutsi dute, gainera.

Etorkizunerako helburuak argi dituzte, eta hasitako lanarekin segitu nahi dute Baltsan-eko eta Argia-ko kideek: euskaraz bizitzeko hitzordu baten errotzea eta euskal sorkuntzaz gozatzen segitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA