Dolü gabe, dolü gabe… hiltzen niz. Aise da erratea, zailxeagoñi agian nork bere buruari aplikatzea. Matalaz dolu gabe hil omen zen. Irudikatzen dut kantuz boza ikaran, Lextarreko plazan, 1661ean, Zuberoako jende xehea burua apal, hari begiratzera ez menturatzen ere, borreroaren lotsaz.
Hau egia. Edo egiazko alegia bederen. 2004an fax bat (orduan hala baitzen informazio kanal ohikoa gure etxean). Igorleari so bat: Beñat Goihenetxe Mitikileko erretorea bera! Hik errak, eni zuzenka hertsatzen! Hola zioen mezuak: «Dolü gabe dolü gabe bizi niz / Hiltzea Xiberoarentako ohiltzen beitüt / Segürra segürra azkorrian / Jeikirik dira egiazko Xiberotarrak / Egiazko Euskaldunak / Besteen artean bizitzeko». Hau harridura, eta plazera ber denboran. Biharamunean Mixel Zartantxü Garindaineko kantari xaramelari bil eta Urdiñarben kantatu genuen Müsikaren Egünean. Hostoa hogei bat aldiz erori eta berritu zen, eta hogei bat urteren buruan Mitikileko auzo den Larrabileko Euskaltzainak zabaltzen digu Matalazen hitzak beharbada haren askazi batek zituzkeela erran, eta berak paperean etzan, Benito gureak gero zabaltzeko. Egia erratera, eta Jean Louis Davanten argi-zorroztasunak ezaguturik, sumatzen nuen laino zerbait, lepo (moztu) horrek bazukeela beste bururik... Baina azkenean zer axola du? Manuel Machadok olerki batean aipatzen du fenomeno hori, La copla izenekoan:
«Herriak kantatu arte koblak ez dira koblak
eta herritarrek ematen dituztenean inork ez daki nork egin dituen (...)
Zeren bihotza arima herrikoian urtzean
izenez galtzen dena eternitatez irabazten baita»
Horretan beraz arrazoi duke Bizkaia Iurretako gure Sarri Sarri Sarri zuhurrak: «Herri honetan bizi gara gauza batzuk ahantziz, beste batzuez oroituz, eta besteak… sortuz». Funtsean, nork zer, zer inporta du hitza bizi den ber? Gure hitzen egia-alegien historian izan dira halako idazle egia-alegiazkoak eta eni oso eder zait istorio-misterio hau: Augusta Lafittedelako bat, deitura bereko Piarresen klona agian, Petri Marka beste bat, hau ere Lafitte eta Mark Legasseren klonak omen... Edo hurbilago Epelondo bat, eta sortuko dira besteak eta eskerrak.
2061ean, pastoral urtea libre bada, Matalazen Dolü gabe xaramelatuko dute segur ere, eta hau bai eder izanen da! Baina zein emanen dute, dolu gabe...«hiltzen niz, ala bizi niz»?
Artean bizi gaitezen hil arte bederen, irus, kantuz eta ez doluz.