Gaztetxe batek, gure kasuan Enbatak eta Hendaiako Gazte Asanbladak, funtzio asko betetzen ditu. Herri mugimenduaren barruan ezinbesteko tresna da eta gazte asanblada, herritarrok zein eragileek militantzia politikoa jorratzeko espazioa. Azkenaldian hainbat herritarrek eztabaidagai duguna eta gazte asanbladatik bultzaturiko eztabaida mahai gainean ezartzen ari gara.
Hendaiako Herriko Etxeak Frantziako Poliziarekin batera, herritar patruilak ezarri nahi ditu martxan, segurtasunaren aitzakiapean. Gure helburua hori salatu eta bertan behera gelditu dadila exijitzea da. Proposamen hau ez da kasualitatea, eta Europa osoan gertatzen ari den gorakada erreakzionarioaren adierazle da. Hendaiako Herriko Etxea osoki sartu da joera honetan, azken urteetan Hendaia kameraz betez eta polizia munizipalak armatuz. Gure ustez, tendentzia erreakzionarioen igoera, krisi ekonomikoaren ondoriozko pobretze orokortua, zerbitzu publikoen murrizketa eta etorkizunak sortzen duen beldurrari lotua da. Noski, egoerak sortzen duen ezinegonaren aurrean, PSko hautetsiek klase ertainaren parte bat segurtatu nahi dute, neurri autoritarioen bidez, eta segurtasunik ezaren arrazoi nagusitzat lapurretak izendatuz. Baina nor kezkatzen da gaua kalean eta poliziaren mehatxu pean igaro behar duen etorkinaz? Etxean tratu txarrak jasotzen dituzten emazteez? Etxejabeen interesen arabera alokairua gal dezaketen familia eta gazteez? Patruila munizipal hauek gizartearen parte txiki baten interesak baizik ez dituzte babesten. Gainera, beste herrietan ikusi den bezala, adibidez Irunen (Gipuzkoa), patruila horietan aurreiritzi arrazistei eta klasistei ate handia irekitzen zaie, talde faxistei bidea erraztu eta gizarteko sektore marjinalizatuenen jazarpena handitzearekin batera.
Guk Hendaiako Herriko Etxearen neurri erreakzionario eta autoritarioei elkarlaguntzan eta mundu hobe baten aldeko borrokan oinarritzen den elkartasuna kontrajartzen diogu.
Beraz, politikoki atzera pausoak ematen ari diren garai honetan, instituzioz kanpoko alternatibak sortzea beharrezkoa da. Soilik borrokak eta antolakuntza politikoak ekarriko baitu bizi dugun zapalkuntza ororen gainditzea.
Batu borrokara!