k Irati Fernandez Arbelaitz

Tarifit hizkuntza zaintzeko bidea(k)

Plazara
2025eko urriaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira berbere gisa ezagutu izan ditugun hainbat herri Ipar Afrikako Magreb eskualdean. Baina haiek ongi azaltzen dute ez direla berbereak, kolonoek emandako izendapen hori barbaro hitzetik heldu dela. Amazigak dira, eta hitz horrek jende librea, nomada erran nahi du. Hizkuntzak ere hala deitzen dira, amazig hizkuntzak, eta badira andana bat: kabiliera (taqbaylit), Kanarietako guantxea edota Rifeko tarifita, adibidez.

Sartze honetan herri eta hizkuntza gutxitu horren hobeki ezagutzeko parada ukan dugu Plazaran, Marokoko erresumapean den Rif aldera egindako bidaia baten bidez. Amsagar jer dyaspura d Arif: X wbrid n tgumi n tutlayt tarifit (Diasporaren eta Rifen arteko topaketa: tarifit hizkuntza zaintzeko bidea) ekimenaren antolaketan parte hartu dugu tokiko hainbat elkarterekin eta Garabiderekin. Topaketa horren xedea diasporan —gehienbat Europan— sortu eta bizi diren gazteak eta tokiko gazte ekintzaileak elkartzea zen, kulturaz eta historiaz gehiago ikasteko, saretzeko, eta elkarrekin hizkuntzaren alde egin dezaketenaz gogoetatzeko.

Bisiten, tailerren eta hitzaldien artean, hizkuntzaren biziberritzean dituzten hainbat zailtasun eta aukera aipatzeko parada izan zen eta Euskal Herriko egoeraz ere aritu ginen. Anitzetan agertu diren arazo nagusiak baliabide falta eta gobernuaren errepresioa dira, baina bai haiek eta bai guk ongi badakigu baliabiderik gabe ere gauza handiak egin daitezkeela. Diasporaren rola ere aipagai izan zen hainbatetan, emigrazio handia bizi baitute Europara eta horrek hizkuntzaren biziberritzean duen eragina kontuan hartzekoa baita. Etengabe aipagai izan zen galdera hau eta diasporako gazteak erantzun posible batzuekin sartu ziren etxera: «Zein izan daiteke diasporaren rola hizkuntzaren biziberritzean?». Adibidez, tarifit hizkuntzako hedabide batzuk Europan aterpetuak dira, Marokon ezinezkoa litzatekeelako.

Aldi berean, tokian bertan lanean ari dira: kulturaren biziberritze azkar bat bizi dute, musika garaikidearen bidez, baina baita zinemaren arloan ere, haien historia eta errealitatea kontatzen duten film eta dokumentalak sortuz. Sinbologia eta tradizioak berreskuratzen ere ari dira, folklorizaziotik ateratzen berriz zentzu baten emateko (emazteen tatuaje eta sinbolo tradizionalak, adibidez). Eta diasporatik ere, gazte ekintzaile anitz biziki aktibo eta segituak dira sare sozialetan, amazig kultura eta hizkuntzaren alde pedagogia eta sozializazio lan handia egiten ari direnak.

Horrelako trukaketa espazioek gure praktikak partekatzea ahalbidetzen dute, ondotik bakoitzak bere lurraldean hizkuntzaren biziberritzearen arloan eramaten dituen borrokak elikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.