Tuberkulosia hazkuntzan: arren, bizidunen zientziak entzuten bagenitu?

Biharko Lurraren Elkartea
2025eko ekainaren 6a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Badu zenbait hilabete nagusiki behiak jotzen dituen hatsbideetako gaitza kudeatzeko estatuak daraman moldea aipagai dela Iparraldean. Izan ere, gaitzetik «sendo» dagoen Frantziaren estatutua atxikitzeko neurgailu arras sinple eta «bortitz» batean oinarritzen dira: bizi diren kabalak trabarik gabe esportatzeko, herrialdeko hazguneetarik %0,1k baizik ez du tuberkulosiak jorik izan behar. Estatutu horren atxikitzeko, barrandatze (profilaxia) politika bat plantan ezarri dute gostaiak gosta; «osasun» protokolo bat betetzen dute kabala saldo osoaren hiltzera behartu dezakeena buru bat edo batzuk gaitzak hunkiak direla sumatzen baldin bada. Sinple da, hotz da, mekanikoa da. Alta, egiazko bizia aise konplexuago da. Adibide bat har dezagun konplexutasun horren adierazteko, agerian ezartzen baititu bizidunen arteko interakzio eta bilakaerak.

Hobendun ekarria den bakterioa erroa behi tuberkulosia deitu dute, bizkitartean ehun espeziaz goiti jo ditzakeelarik hemen eta munduan gaindi. Iparraldean, behiez gain, basurdeak, azkonak, basahuntzak, azeriak, urtxakurrak (koipuak)... hunki ditzake. «Lo» bezala egon daiteke ingurumenean hilabete edo berdin urteetan, behi gorotzetan, basehiza zuloetan, urean (ameboideek kutsa dezakete...). Bakterioa sarturik egon daiteke animalien gurintxoetan, harentzat eritasunari buru egiteko molde naturala delarik; eta gehienetan, eritasuna ez da agertuko.

Gure bazter hauetan, azkona partikularki kutsakorra da. Zepo eta hilketa neurriak ardura hartzen dituzte. Azkona animalia «lurraldetarra» bezala ekarria da: eremu batean lurpeko zuloak hutsik utziak direlarik, auzo eremuetarik jin ihizi multzoak heldu dira bereganatzerat, eta bakterioak hartzaile berriak aurkitzen ditu. Beste gaitz batzuekin ohartu dira basa ihizien hilketa politika horiek bilatzen dutenaren guztiz kontrako emaitzara heltzen direla. Hots, eritasuna are gehiago barreiatzen dutela ihiztatuak eta arteetan harrapatuak diren animaliek, arriskutsuak bilakatu zaizkien eremu horietarik ihes egiten dutelako. Frantziako Laborantza Ministerioko webgunean Cote d'Or departamenduko kasua adibidetzat ematen dute, eta zenbaki adierazgarriak dira: hamar urtez profilaxia egiten (eta kutsatu behi hiltzen) ibili ondoan, azkonak zepoetan harrapatzen aritu ondoan, atzeman azkonen erdiak gaitzari positibo ematen du, oraino! Ez da harritzekorik, biologia eta ekologia zientziek ez baitigute besterik erraten. INRAEk 2021eko Point Veterinaire aldizkarian hala zioen: «M. Bovisen ingurumen biziraupena behi tuberkulosiaren kontrolerako eta desagerpenerako traba ekologikoa da».

Zientziaren eta osasun estrategiaren arteko desadostasun horren erakusteko bagenuke oraino beste argudiorik garatzeko. Aditu, hazle, marexal, ikerlarientzat begi bistakoa dena da «sano» diren kabalen hiltzeak ez duela ez buru, ez buztanik. Ezen, patogeno batek joa den saldo baten immunizazio estrategia eraginkorra izateko beharrezkoa baita erresistenteak diren kabalen ikustea, identifikatzea eta begiratzea! Egunez egun aitzina doan zientzia horren parean, desagertze, hilketa itsu eta konfinatze osasun politika horiek zaharkituak dira. Emeki-emeki aldatzen hasiak dira. Iragan martxoaren 20an bidali gutun batean, Pirinio Atlantikoetako prefetak zioena oroitaraz dezagun: «Osasun, ekonomia eta gizaki desafioak batera integratu» nahi zituen. Hitza hitz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.