1931ko apirilaren 14an, 2.000 pertsona inguru elkartu ziren Corellako udaletxearen aurreko plazan, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatzea eskatzeko. Horren ostean, hainbat corellarrek etorkizun hobe bat amestu zuten; dena den, itxaropen hori «odolez eta suz» ezabatuko zieten bizilagunek. Hori irakur daiteke Fermin Perez-Nievas kazetariak idatzitako El mañana que nunca llegó. Corella 1931-1936 liburuaren sinopsian. Kazetariak apirilaren 21ean aurkeztu zuen liburua, Corellan bertan. Idazki horretan, Perez-Nievasek azaldu du nolakoa izan zen Corellako egoera politikoa eta soziala 1931 eta 1936 bitartean, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian eta 36ko gerraren lehenengo hilabeteetan. Liburuan zera irakur daiteke, besteak beste, falangistek eta erreketeek Corellan egindako «basakeriaren» berri, 1936ko uztailaren 19an herria hartu ostean.
Hasieran, Venancio Bozal corellarraren bizitzaren inguruan hasi zen liburua lantzen Perez-Nievas. Kazetariak azaldu duenez, Bozal kapitaina zen, eta kolpistei jarraitzeari uko egin ostean, 1936ko abuztuan fusilatu egin zuten. Bozalen inguruko liburu hori lantzeko, pentsatu zuen egokia zela azaltzea nolakoa izan zen Corella errepublikaren garaian. Azkenean, horren inguruan ikertzen hasi zenean, liburuari buruz zuen ikuspegia aldatu zitzaion. Izan ere, esan du inoiz ikusi eta aztertu ez ziren artxibo ugari aurkitu zituela. Horrez gain, Perez-Nievasek nabarmendu du arreta eman ziola jakiteak 36ko gerran 87 hilketa izan zirela Corellan —herriak 5.800 biztanle inguru zituen garai hartan—, eta erantsi du deigarria egin zitzaiola irakurtzea 1931n errepublika Corellara modu «demokratikoan, baketsuan eta asanblearioan» iritsi zela, eta urte batzuk geroago, bertako bizilagunek beste bizilagun batzuk «hil, bortxatu, segregatu eta errepresaliatu» zituztela.

Liburua idazteko, kazetariak hainbat baliabide kontsultatu ditu, hala nola 30 liburu baino gehiago, hogei egunkari goiburu baino gehiago eta hainbat artxibo —tartean, Corellako Udal Artxiboa—.
Corellako bizitza
Perez-Nievasek uste du Corellak «ilusioz» eta «itxaropenez» hartu zuela Espainiako Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14an. Kazetariak esan du Corellako Udalak «justiziaz» hitz egin zuela errepublika aldarrikatu zutenean, eta «lasai egoteko deia» egin zuela. Dena den, azaldu du bigarren errepublikan Corellako lehen alkate izan zen Meliton Catalanek «traba asko» jarri zizkiola «oso laster» askatasunari: «Besteak beste, ez zuen uzten lokal jakin batzuetan bilerak egiten, eta debekatu egin zuen «gora komunismoa» gehiegi oihukatzea». Halaber, aipatu du eskuinak «pisu handia» zuela Corellan, eta uste du horregatik jarri zirela traba horiek.
1936ko uztailaren 19an, berriz, falangistek Corella hartu zuten, aurreko egunean Tutera hartu ostean. Perez-Nievasek nabarmendu duenez, Corellaren hartzea Erriberako «bortitzenetakoa» izan zen; izan ere, 36ko gerran hilketa gehien izan ziren Nafarroako bosgarren herria izan zen Corella. Perez-Nievasek ikertu du ea zergatik izan zen Corellan horrelako errepresioa eta «basakeria», eta hori azaldu dezaketen bi hipotesi aurkeztu ditu. Alde batetik, Corellan Nafarroako beste herri batzuetan baino falangista gehiago zeuden garai hartan. Primo de Rivera diktadorearen lehengusina Maria Teresa Saenz de Heredia Corellan bizi zen, eta horrek ere eragina zuela uste du. Bestetik, kazetariak aipatu du noble, latifundista eta jauntxo asko bizi zirela Corellan, eta horiek jendearengan eragin handia zutela. «Eskuinak pisu handia zuen Corellan. Lurraren agintea zuten, baita langileen botoaren gaineko boterea ere».
«Eskuinak pisu handia zuen Corellan. Lurraren agintea zuten, baita langileen botoaren gaineko boterea ere»
FERMIN PEREZ-NIEVAS Kazetaria
Perez-Nievasen arabera, Nafarroako «sarraskirik basatienetako bat» jasan zuen Corellak, eta herrian izan ziren 87 hilketez gain, bortxaketak, jipoiak, umiliazioak eta lapurretak ere izan ziren, besteak beste. Gainera, esan du errepublikaren aldekoek «eguneroko errepresioa» jasan zutela denbora luzez Corellan. «Errepublikazaleak izan zirenei olibondoak ebakitzen zizkieten, ez zieten uzten ganadua ateratzen, eta ezin zuten elikatu, eta emakume alargunei ez zieten uzten elkarrekin hitz egiten, besteak beste». 2016ra arte ez zen izan urte horietan jasandako «minaren» eta «sufrimenduaren» aitorpenik Corellan.
Liburuaren bitartez, errepresioa jasan zuten pertsonak omendu nahi izan ditu Perez-Nievasek, haien sufrimendua aitortu, eta ehunka familia markatu zituzten bost urte erretratatu. Liburuan QR kode bat dago, eta kode horrek Corellako Udalaren webgunerako sarbidea ematen du. Izan ere, udalaren webgunean edonorentzat ikusgai daude Perez-Nievasek liburua idazteko bildu dituen 1931 eta 1936 bitarteko dokumentuen mila irudi baino gehiago. Kazetariak hasieratik izan zuen asmoa berak aurkitutako dokumentu horiek zabaltzeko eta jendearen esku uzteko.