Etxabakoizko auzo plataformak proposatuta eta Iruñeko Udalak lagunduta, proiektu pilotu bat jarriko dute martxan Iruñeko Etxabakoitz auzoan martxoaren 2tik ekainaren 26ra arte: Etxabakoitzen bizi diren eta 60 urte baino gehiago dituzten herritarrentzako jantoki komunitario bat. Udalak azaldu duenez, auzoa bateratzea da jantokiaren helburua, eta, beraz, aisialdirako «aukera berriak» eta adinekoen beharrak asetzeko proiektu komunitarioak sortuko dituzte. Izan ere, adinekoek elkarrekin bazkaltzeko aukera gisa ez ezik, «elkarrekin bizitzeko, partekatzeko, komunitatea egiteko eta nahi gabeko bakardade egoerak prebenitzeko topagune gisa» ere ulertzen du udalak jantokia.
Auzoko adinekoen artean «hainbat behar» ikusi dituztela nabarmendu du Ane Arbonies Etxabakoizko auzo plataformako partaideak. Izan ere, auzo plataformak diagnostiko bat egin du auzoko adinekoen errealitatearen eta eskaeren berri jakiteko, eta ikusi dute askotariko egoerak daudela: auzoan badaude hala nahi izan gabe bakarrik dauden herritarrak, egunerokoan gutxi mugitzen direnak, eta mendekotasunen bat dutenak. Hori dela eta, auzo plataformako kideak esan du «beharrezkoa» ikusi dutela baliabideren bat martxan jartzea.
Jantoki komunitarioa Etxabakoizko adinekoen zentroan jarriko dute —auzoko liburutegi publikoaren beheko solairuan—, eta proiektu horretan parte hartuko dutenak astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan elkartuko dira, eguerdiko ordu bietan. Martxotik ekainera bitartean, bi txanda izango dira, bakoitza hogei tokikoa: lehenengoa, martxoaren 2tik apirilaren 29ra arte —txanda horretan izena emateko epea amaitua da—, eta bigarrena, maiatzaren 4tik ekainaren 26ra arte. Lehenengo txandan parte hartzeko, 10 euro ordaindu beharko dira.
Prebentzio komunitarioa
Jantoki komunitarioaren proiektu pilotuan lan egin dutenetako beste bat Zaloa Basabe da, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Gizarte Ekintzako, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzia. Basabek aipatu du jantoki komunitarioaren proiektua Etxabakoizko iazko foroan aurkeztu zuela auzoko plataformak, eta bat egiten duela Iruñeko Udalak ekintza komunitarioaren alorrean dituen helburuekin. Helburu horietako bat prebentzio komunitarioa da, adierazi duenez, eta garrantzitsutzat jo du: «Indibidualismoaren garaiotan, prebentzio komunitarioa da gaur egun dauzkagun tresnen artean eraginkorrenetako bat».
«Indibidualismoaren garaiotan, prebentzio komunitarioa da gaur egun dauzkagun tresnen artean eraginkorrenetako bat»
ZALOA BASABE Iruñeko Udaleko zinegotzia
Zinegotziak aipatu du, halaber, iazko Etxabakoizko foroan auzo plataforma «sinetsita» zegoela jantoki komunitarioak auzoko kohesioa bultzatuko duela. Basabek azaldu du Etxabakoitzek «oso egitura berezia» duela forma aldetik, eta auzoaren iparraldea eta hegoaldea «oso zatituta» daudela. Arboniesek ere zatiketa hori aipatu du: «Azkenean, iparraldean bizi direnak Barañainekin mugan daude, eta gehiago jotzen dute hango guneetara». Hori dela eta, leku guztiak kontuan izatea eta elkartzea izan dute xede, Arboniesen arabera. Basabek esan duenez, proiektuaren bitartez iparraldeko eta hegoaldeko jendea elkartzen saiatuko dira.
Hainbat behar dituen auzoa
Iruñeko Udalak azpimarratu du Etxabakoitzen adineko «asko» bizi direla bakarrik, eta horietako hainbatek mendekotasunen bat dutela, edo mugitzeko arazoren bat. Iruñeko Udalak 2024an Etxabakoizko adinekoen diagnostikoa argitaratu zuen, eta hartan irakur daiteke 65 urtetik gorako auzokideen %30,29 bakarrik bizi direla, eta 65 urte edo gehiago dituztenen %69 emakumeak direla. Dena den, adinekoek dituzten osasun beharrez gain, auzoak dituen beste zenbait behar aipatu dituzte Arboniesek eta Iruñeko Udalak: etxe batzuetan ez dago igogailurik, denda gutxi daude, eta billabesa lineak urriak dira. «Etxe askok ez dute igogailurik, eta zenbait herritar etxean geratzen dira, ezin direlako kalera irten edo kalera irtetea oso zaila zaielako», adierazi du Arboniesek.
«Azkenean, iparraldean bizi direnak Barañainekin mugan daude, eta gehiago jotzen dute hango guneetara»
ANE ARBONIES Etxabakoizko auzo plataformako parte hartzailea
Nahiz eta Etxabakoitzen 65 urte baino gehiagokoen ehunekoa Iruñeko batezbestekoa baino apalagoa den, Iruñeko auzo guztien artean Etxabakoitzek du pobrezia arriskuaren tasarik handiena. Auzoak dituen behar horiei erantzuteko, urtarrileko auzoko bilkuran lehenengo adinekoen udal plana onartu dute, Basabek esan duenez, eta plan horretan alor guztiei egiten zaie interpelazioa. «Hiriak askoz ere jasangarriagoa izan behar du adinekoendako, eta horretarako, ekintzak alor guztietan egin behar dira», adierazi du. Jantoki komunitarioaren proiektuari dagokionez, haren bitartez auzoko «egiturazko problematika» arindu nahi dela aipatu du Iruñeko Udalak.
Proiektua amaitutakoan, udalak balorazioa egingo du, auzoan «modu finko eta iraunkorrean» ezartzeko aukera aztertzeko. Iruñeko beste auzo batzuetara zabaldu daitekeelakoan daude.