Antzerkiak eta kritika sozialak eskutik heldu diote elkarri Teatrodix jaialdian. Seigarren aldiz antolatu dute, eta gaurtik urriaren 24ra bitarte eginen dute, Iruñean, Leitzan eta Azkoienen. Ohi bezala, jaialdiak antzerki sozial eta komunitarioa izanen du oinarri. Hamahiru ikuskizun prestatu dituzte, antzerkia, musika, dantza, zinema eta bertze uztartuz. Gainera, jaialdiak berak sortutako hiru antzezlan aurkeztuko dituzte: Lantxotegirekin batera ondutako Insallah / Oxala, Teatre Sant Cugat taldearekin eta Iruñeko Gaiarre antzokiarekin egindako Gran Casting, eta Las Poderosas, Suakai eta ACT taldearekin batera garatutako Stop Trata.
Arte eszeniko garaikideek toki nabarmena dute Teatrodix jaialdiaren barruan, baina sormen kolektiboaren bidez ondutako antzezlan komunitarioak bazter utzi gabe. Betiere, jaialdiaren helburu nagusia da gizartean pil-pilean diren auzien inguruko gogoeta bultzatzea, eta bazter gelditu ohi diren bertze hainbat gai erdigunean jartzea. Ikuspuntu feministari eutsi nahi izan diote aurten, eta emakumeen aurkako indarkeriaz, migrazioaz, genozidioaz, prekaritateaz eta bertzez hitz egin.
2021. urtetik
Kulturix eta Paris 365 elkarteek sortu zuten Teatrodix jaialdia, 2021ean. Artea baliatu nahi izan dute gizartea astintzeko. Jaialdia handituz joan da urteotan, eta aurten Nafarroako eta hemendik kanpoko hamaika artistak eta konpainiak bat egin dute. Marina Otero argentinarra, hain zuzen, lehendabizikoz ariko da Teatrodixen, urriaren 16an. Ayoub izeneko lana emanen du, Ibrahim Ibnou Goushekin batera.
Elisa Forcano, berriz, Espainiatik etorriko da: urriaren 15ean, Zorra dorada aurkeztuko du Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sexu indarkeriari buruzko antzezlan bat da, eta hainbat sari jaso ditu estreinatu zutenetik. Inshallah / Oxala Iruñean prestatutako lan bat da. Lantxotegi elkarteak zuzendu du prozesua, Maialen Diaz hezitzaile eta sortzailearekin batera. Lantxotegik gazte migratzaileekin egiten du lan, eta Oxala obraren bidez, doluari buruz egin du gogoeta. Urriaren 17an emanen dute, Iruñeko Katakraken.

Iruñetik kanpo, Leitzara eta Azkoienera iritsiko da Teatrodix jaialdia aurten. Urriaren 20an, Ander Santxez Reyk Landa bila aurkeztuko du Leitzako herri aretoan. Herriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako bi emanaldi antolatu dituzte. Urriaren 24an, bertzalde, Azkoienen izanen da Teatrodix; hango emanaldia izanen da jaialdiko azkena, baina antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu zer konpainia ariko den.
Antzerki emanaldiekin batera, tailerrak eta bertze antolatu dituzte. Hernan Gene artistak, bertzeak bertze, Clown: arrakasta eta porrota izeneko tailerra zuzenduko du. Urriaren 12an, gainera, Luis Arrietak Sustraiak. Raíces perdidas dokumentala aurkeztuko du Iruñeko Golem zinema aretoan.
Jaialdiko sarrerak salgai dira jada. Argibide guztiak Teatrodix.com helbidean ikus daitezke.
egitaraua
- Urriaren 9. Superella. Laura Puertas. 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.
- Urriaren 12. Sustraiak. Luis Arrieta. 19:30ean, Golemen.
- Urriaren 13. Stop Trata. Las Poderosas. 19:30ean, Civivox Pompelon.
- Urriaren 14. Opus tres. Ben Attia. 16:00etan, Antartikan.
- Urriaren 14. Reminiscencia. Malicho Vaca Valenzuela. 19:30ean, Civivox Pompelon.
- Urriaren 15. Agur Peter Pan. Yarleku. 10:00etan eta 12:00etan, Pompelon.
LEB jaialdia eginen dute Elizondon
Urriaren 16tik 18ra, LEB Intensif jaialdia eginen dute Elizondon. Musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituzte herriko karriketan, eta herritarrak bilakatuko dituzte sortzaile. LEB jaialdia 2023an egin zuten lehenengoz, Agoitzen, landa eremuan sormen prozesuak garatzeko asmoz. Ekinaldia moldatuz joan dira geroztik, oraingo egitura lortu arte.
Zehazki, jaialdiko arduradunek eta baztandarrek elkarrekin jorratutako bi lan aurkeztuko dituzte; herritarren eta lurraldearen arteko lotura eta euskara landu dituzte, bertzeak bertze.