Artea Oinez erakusketak bere egin ditu Iruñeko Kondestablearen jauregiko paretak. Azken urteotan, Kale Nagusiko bigarrenean dagoen eraikin horretan zintzilikatu dituzte Nafarroa Oinez-en aldeko lanak, eta denborarekin, espazioaren eta artelanen arteko solasaldi bat garatzea lortu. Aurtengo erakusketak ere leku propioa du Kondestablearenean, eta, 77 artistaren obren bidez, egungo munduari buruzko gogoeta bat eskaintzen dio ikusleari, artearen galbahetik pasatua, jauregiko lehen eta bigarren solairuetan. Maiatzaren 24ra bitarte ikusi ahal izanen da.
Gerra, ekologia, feminismoa; horiek eta bertze hainbat gai jorratu dituzte artistek Kondestablearenera eraman dituzten lanetan. Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparaz aritu da komisario lanetan, eta, nabarmendu duenez, osatu duten erakusketa «askotarikoa» da. «Ospe handiko artisten lanekin batera, egile gazteenak jaso ditugu. Artistok guztiok beste begi batzuekin begiratzen diote errealitateari», erantsi du. Egileen zerrendan dira, bertzeak bertze, Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Xabier Morras eta Pello Irazu, baita Oaia Peruarena, Zaloa Ipiña, Angela Moreno, Damaris Pan eta Teresa Sabate ere.
Bi omendu
Artista anitz eta askotarikoak daude Artea Oinez erakusketan; garai, diziplina eta teknika ezberdinetakoak ere bai. Margolanak, eskulturak, serigrafiak eta bertze ikus daitezke Iruñeko Kondestablearenean. Abstrakzioaren esparruko lanak dira gehienak, baina arte figuratiboak eta hiperrealistak ere badute tokia.

Azken urteotako bideari jarraitu dio Nafarroako Ikastolen Elkarteak aurtengo erakusketaren bidez, eta, ohi bezala, aitortza egin nahi izan dio artearen esparruan nabarmendu den norbaiti. Zehazki, ikastolek bi artista omendu nahi izan dituzte: Celia Eslaba Sotes (Iruñea, 1955) eta Concha Zilbeti Etxeberria (Iruñea, 1942), zeramika artistikoaren esparruan lan egindakoak biak.
Eslaba Arte Ederretan lizentziaduna da, bai eta Artearen Historian ere, eta Zeramikaren Artean masterduna. Pinturaren eta eskulturaren munduan egin zituen lehen urratsak, baina instalazioen arlora mugitu da denborak aurrera egin ahala; zeramika, ehungintza eta bertze erabiltzen ditu. Zilbetik, berriz, Arteen eta Lanbide Artistikoen Eskolan egin zituen ikasketak, zeramikaren esparruan. Dantzaria eta musikaria ere bada. Portzelana, harria, papera eta bertze baliatzen ditu artelanak osatzeko.
Aurtengo Nafarroa Oinez urriaren 18an ospatuko dute, Zizur Nagusiaren eta Galarren artean. Zizur Txikiko San Fermin ikastola eta Vianako Erentzun ari dira besta antolatzen, Bidean bat gara lelopean. Nafarroan aurrera egin nahi dute euskararen berreskurapenean eta normalizazio prozesuan.