Aurrera egiteko aukera baten bila

Iruñeko Alde Zaharreko Hipotekak Kalte Eginikoen Plataforma dago Elkarri Laguntza erakundearen oinarrian; 2013an sortu zuten, krisiak jotako herritarrak laguntzeko. Haurrak dituzten andreak eta karrikan bizi diren gazte migratzaileak artatzen dituzte.

(ID_17270898118305) Elkarri Laguntza-Apoyo Mutuo elkartea. Arropa eskaintzen dute, e
Elkarri Laguntza erakundeak arropa jaso eta banatzen du Iruñeko Arrotxapean duen egoitzan. Irudian, emakume bat arropak begiratzen. NAFARROAKO HITZA
edurne elizondo
Iruñea
2024ko irailaren 27a
04:55
Entzun

Denak daude lanean. Batzuk, arropa bila etorri diren emakumeak artatzen; bertzeak, gazte migratzaileen artean banatu beharreko janari poltsak prestatzen. Elkarri Laguntza erakundeko boluntarioek ez dute geldirik egoteko minutu bakar bat ere. Nagusiki, haurrak dituzten andreak eta karrikan bizi diren gazte migratzaileak artatzen dituzte, Iruñeko Arrotxapea auzoko euren egoitzan. 2013an sortu zuten elkartea, krisiak eta prekaritateak jotako herritarrak laguntzeko asmoz. 140 familia baino gehiagorekin eta berrehun gazte migratzaile ingururekin ari dira lanean.

«Gu Iruñeko Alde Zaharreko Hipotekak Kalte Eginikoen Plataforma ginen; Elkarri Laguntza elkartea sortzea erabaki genuen, beharrak bultzatuta. Konturatu ginen gure inguruan emakume anitz zeudela gela batean bizi zirenak eta haurrak zituztenak, eta laguntza behar zutela. Elikagaiak banatzeko elkarte bat sortzea erabaki genuen», kontatu du Tere Gonzalez kideak.

 Elkarri Laguntza erakundeko kide Tere Gonzalez, astelehenean, elkarte horrek Iruñeko Arrotxapea auzoan duen egoitzan. NAFARROAKO HITZA
Elkarri Laguntza erakundeko kide Tere Gonzalez, astelehenean, elkarteak Iruñeko Arrotxapea auzoan duen egoitzan. NAFARROAKO HITZA

Elkarri Laguntza erakundeak hitzarmen bat du Nafarroako Elikagai Bankuarekin. Akordioaren bidez, bankuan jasotako elikagaiak banatzen dituzte artatzen dituzten herritarren artean. «Lakarra zaharren elkarteko kideek, gainera, euren baratzeetako barazkiak ekartzen dizkigute». Elkarri Laguntza elkartearen egoitzara jotzen duten gazte migratzaileentzat kontserbak eskatu ditu Gonzalezek, zehazki: «Karrikan bizi dira, eta ezin dute bazkaria prestatu edo berotu».

Gazteok astean behin jasotzen dute Elkarri Laguntza elkarteak banatutako janari poltsa. Amin berea hartzeko zain da. «Aste osoa iraun behar du», erran du, irribarrez. Gonzalezek so egin dio: badaki poltsan ez dagoela astebeterako nahikoa janari. Aminek 21 urte ditu, eta karrikan bizi da; kalean bizi diren bertze gazteak ditu sare, egunerokoari aurre egiteko bidean. Garbi du ez duela Iruñean gelditu nahi: «Nik lan egin nahi dut; paperak baditut, baina hemen ez dut deus lortzen. Duela bi urte ailegatu nintzen Iruñera, eta bi urte hauetan, deus ere ez. Zerbitzari aritu naiz hilabete batzuk, baina gero kalera, eta berriz hutsetik hastera. Ez dago bertzerik. Lanik eza eta arrazakeria dira arazo nagusiak». 

«Hagitz gaizki»

Hamadak ere badaki karrikan bizitzea zer den: zortzi hilabete egon zen kalean. «Gaixo zegoen gurekin bat egin zuenean», oroitu du Gonzalezek. Elkarri Laguntza elkarteari esker, erroldatzea lortu zuen Hamadak. Orain gela batean bizi da, eta sukaldaritza ikasteko formakuntza bat hasiko du laster. «Lan egin nahi dut; ikasi eta lan egin», nabarmendu du.

«Lanbide bat ikasteko tailerretan ematen dute izena, etorkizun hobe bat lortzeko bidean aurrera egiteko»

TERE GONZALEZElkarri Laguntza erakundeko kidea

Hamadak ondoan ditu Salah Essaidi eta Mohamed. Haiek ere lortu dute karrika atzean uztea. Salah Essaidik sei hilabete eman zituen kalean; Mohamedek, berriz, zazpi. Orain gela bat dute. Sumatzen zaie teilatu baten pean bizitzeak poza eta indarra eman diela; ikasten ari dira, gainera, eta lan bat lortzeko aukera, ondorioz, hurbilago ikusten dute. «Karrikan hagitz gaizki pasatu dugu», erran dute. Gazteek Elkarri Laguntza elkarteko kideen babesa eskertu dute. Gehiago egin nahiko luke Gonzalezek, baliabideek ezartzen dituzten mugak gainditu. «Aurrera egiteko aukera baten bila ari dira. Ez dute bertzerik nahi: lan egin, aurrera egiteko».

18-27 urte bitartekoak dira Elkarri Laguntza elkartean artatzen dituzten lagun gehienak. Lan egiteko lehen oztopoa Espainiako Atzerritarren Legea dela salatu du Gonzalezek. Hizkuntza eta formakuntzarik eza ere «muga bat» izan daitekeela azaldu du, eta Elkarri Laguntza erakundeak bi esparru horiek lantzen dituela muga hori gainditu ahal izateko. «Hizkuntza eta lanbide bat ikasteko tailerretan ematen dute izena, etorkizun hobe bat lortzeko bidean aurrera egiteko».

Elkarri Laguntza erakundeko boluntarioak, astelehenean, artatzen dituzten herritarren artean banatu beharreko poltsak eta kutxak prestatzen, elkarteak Iruñean duen egoitzan. NAFARROAKO HITZA
Elkarri Laguntza erakundeko boluntarioak, astelehenean, artatzen dituzten herritarren artean banatu beharreko poltsak eta kutxak prestatzen, elkarteak Iruñean duen egoitzan. NAFARROAKO HITZA

Gonzalezek onartu du etxebizitza falta «arazoa» dela gaur egun, baina «kudeaketa egoki bat» jo du lehentasun nagusitzat. «Bazterketaren aurkako politikak behar ditugu». Elkartera jotzen duten gazteek egiten duten bidea jarri du adibide. 2022an, 75 gaztek lortu zuten karrikatik ateratzea Elkarri Laguntza erakundearekin egindako lanari esker, eta iaz, berriz, 68k. «Erroldatzea da lehen urratsa, eta gizarte zerbitzuetara jotzea bigarrena. Bazterketa handiko egoera batean dira gazteok, eta horrek aukera ematen die errenta bermatua jasotzeko. Ikas dezaten laguntzen diegu, eta jatekoa eta arropa ere ematen dizkiegu. Gazteok lan egin nahi dute; aukera hori eman behar diegu».

Gazte anitz dira Elkarri Laguntza erakundeko kideek banatu beharreko poltsen zain. Batzuek mantak eskatu dituzte, gainera, asteburuko euri zaparradek hondatutakoen ordez. Karrikara itzuli beharko dute gero. Aurrera egiteko aukera baten bila; aurrera egiteko aukera baten zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.