Jaiotzen garenetik, beroa bilatzen dugu. Erditze aurretik egin ohi diren ikastaroetan aipatzen den unerik garrantzitsuenetako bat azala azalaren kontra deritzona da. Amak (ama ez den norbaitek ere egin dezake, edozein bero emaile energia-iturria izan daitekeelako), jaioberria azalaren kontra kokatuko du eta umetxoak utero barruan zegoenean sentitzen zuen beroaren oihartzuna sentituko du. Beroa berreskuratu nahian bizitza zeharkatzen goaz erlazio batetik bestera, lagun artean, bikote artean. Gure zaurgarritasuna inguratuko du bero horrek eta gaitasuna emango digu (gure zaurgarritasunak, bestearen azalak, bihotzak) loturak sortzeko. Besteekin batera mundu jasangarriago bat pentsatzeko eta eratzeko aukera emango digu interdependentziak.
Interdependentziaren ideia Marina Garces pentsalariaren El compromís liburuan ezagutu nuen estreinako aldiz. Haren ustetan (eta bat nator berarekin), ez gara izaki autonomoak eta besteei, ekosistemei eta egiturei lotuta bizi gara. Ildo horretan, askatasuna partekatua izango litzateke eta ez mito neoliberaletik jaiotako askatasun indibiduala soilik. Horrela, eraldaketa politikoa irakaspen kolektiboari, zaintza-sareei eta komunitateei esker sustatuko litzateke.
Interdependentzia ukatzearen ondorioa zaintza krisia litzateke: osasungintzaren krisia, bakardadea, prekaritatea eta horrek guztiak eskutik lotuta dakarren sufrikarioa azken finean. Sufrikario eta bakardade horien inguruan aritu ginen asteazkenean B. eta biok gure seme-alaben gelakidearen urtebetetzean. Unikornioz beteriko txokolatezko bizkotxoaren aurrean B.-k kontatu zidan farmazia bat duela Iruñeko Alde Zaharrean. Negozioa bere amarena zen eta familia guztia hortik pasatu omen da. Baita Alde Zaharreko familia gehienak ere. B.-k txikitatik ezagutzen ditu auzokideak eta, bakarrik bizi direnei eta oso helduak direnei, mugitzeko zailtasunak dituztenei, botika zein fardelak eraman ohi dizkie bere txanda amaitzean. Igogailurik gabeko blokeak topatu ohi ditu B.-k hainbat kasutan eta berogailua piztu gabe nola edo hala eguna igarotzera behartuta dauden agureak. Txikia zeneko bere komunitatearen eta zaintza-sarearen parte ziren agure berberak.
Interdependentzia ukatzearen ondorioa zaintza krisia litzateke: osasungintzaren krisia, bakardadea, prekaritatea
Horregatik ezagutzen du B.-k T. andrearen benetako egoera. Andrea goizero esertzen zaio farmaziako aulkian eta bertan ematen ditu orduak hankak nekatuta dituelako aitzakiaz. B.-k bere burua eskaintzen duenean etxeraino laguntzeko, T. andreak lasai ibiltzeko eskatzen dio, atsedena behar duela eta berehala alde egingo duela esanez; farmaziaren berotasunean babestuta iragaten ditu T.-k bai udazkena, bai negua. Ezin dio berogailuaren prezioari aurre egin T. andreak eta beste oskol bat topatu du B.-ren farmazian. Gorputzaren tenperatura mantentzen lagunduko dion azal berria. Garcesek dioen moduan, «interdependentzia ulertzen ez duen gizartea autodestruktiboa da». Gure gorputza besteen gorputzari lotuta dago, gure bizitzak besteen bizitzei lotuta dauden moduan eta hori ulertzen ez dugun bitartean, gure biziraupena ez da duinekoa izango.