Udazkena ohi baino lehenago heldu da basaranentzat. Irailaren 22an, udazkenaren hasierarekin, abiatzen ohi da basaranak biltzeko garaia. Halere, tenperaturak markatzen du agenda. Aurten, Nafarroako Patxarana sor-markak bi aste aurreratu du uzta biltzen hasteko garaia. Reyno Gourmet markaren barruan dago, eta INTIA Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak sustatzen eta kudeatzen du. Adrian Subia Nafarroako Patxarana sor-markaren kontseiluko lehendakaria eta ekoizlea da. Kontatu du abuztuko azken bi asteetan, gaueko tenperatura 10 eta 14 gradu ingurura jaitsi denez, eta goizekoa 24 graduren bueltan egon denez, lehenago hasi direla uzta biltzen: «Tenperatura kontrasteak ezinbestekoak dira basaranak behar bezala umotzeko. Azalean polifenolak eta mamian taninoak sintetizatzea errazagoa da, eta garraztasuna leuntzen da».
Nafarroako Patxarana sor-marka 1988an sortu zuten, kalitatea zaintzeko eta iruzurretatik eta imitazioetatik babesteko. Sor-markaren barruan orotara patxarana ekoizten duten zazpi enpresa daude: DZ, La Navarra, Baines, Basarana, Azanza, Usua eta Ordoki. Urtero, batez beste, 800.000 kilogramo basaran bildu, eta 3,5 milioi litro patxaran ekoizten dituzte. Beroaldia dela eta, ekainean aurreikusitakoa baino gutxiago bilduko dutela uste dute: «800.000 kilogramotik behera bilduko dugu, baina ez dio patxaran ekoizpenari eragingo stockean baditugulako».
«Tenperatura kontrasteak ezinbestekoak dira basaranak behar bezala umotzeko»
ADRIAN SUBIANafarroako Patxarana sor-markako lehendakaria
Anisa, basaranak eta beratzeko denbora. Horiek dira patxarana egiteko behar diren elementuak. Subiaren hitzetan, etxean egitea bezala da, baina kantitate «handiagoan», kontrol «zorrotzagoak» eginez, eta are gehiago zainduz: «Basaranak bildu, eta hiru edo sei hilabetez anisean mazeratzen uzten ditugu. Jarraipena egin behar da, eta ongi nahasi likido homogeneo bat lortzeko. Hotzarekin egonkortzen saiatzen gara».
Iruzurrak eta arriskuak
Gomez Salvador abokatuek 2014an ateratako txosten baten arabera, faltsua da Iruñeko tabernetan saltzen duten patxaranaren erdia. Basaranekin egindako likorea patxarana baino bi edo hiru euro merkeagoa da, baina patxaranaren prezio berean saltzen dute. Txostenaren arabera, 2010etik 2014ra, Nafarroako Ogasunak 1,3 milioi euro inguru galdu ditu iruzur hori dela eta. «Egoerak berdin jarraitzen du, eta ez dugu lortu beste probintzietako kontsumitzaileen departamentuen kolaborazioa. Bezeroei egiten zaien iruzur bat da, eta min egiten dio sektoreari. Taberna batzuek egiteari utzi diote ez zekitelako iruzur bat zela, baina horrek esan nahi du ere jakitun direnek berdin-berdin jarraitzen dutela», azpimarratu du Subiak.
Beste praktika «arriskutsu» batez ere ohartarazi du. Legez kanpokoa den arren, salatu du oraindik txanbiletik flaskora pasatako patxarana saltzen dela. «Nafarroako Patxaranak debekatu egiten du plastikozko ontzietan saltzea, plastikoak eta alkoholak ez dutelako ongi erreakzionatzen eta osasunerako kaltegarria izan daitekeelako». Horregatik, hiru gomendio eman ditu: beti patxaran botilatua eskatzea, ikustea nola zerbitzatzen duten, eta, ahal bada, egiaztatzea Nafarroako ziurtagiria duela.
Nafarroako Patxarana sor-markako kideak hurrengo urteari begira daude jada, eta elorri beltzaren loraldia ospatuko dute, martxoaren 28an, Funesen.