Urtean zenbat galera izaten ditugun jakitea gustatuko litzaidake: zenbat objektu utzi ditugun burkoaren eta hormaren arteko amildegian ahantzirik, urtean zenbat ileko goma eta galtzetin galdu ditugun begien bistatik, zenbat hitz geratzen diren burmuinean herdoildurik, zenbat hizkuntza hautsak harturik, zenbat intentzio bete gabe eta euskarazko zenbat hiztun galdurik.
Gutxitan ibiltzen gara zokomiran, gutxitan urduritzen eta kezkatzen gara; izan ere, galera ezberdinak daude, eta, galera bakoitzak, gugan erreakzio ezberdina sortzen du. Batetik, nahigabe eta ezustean galdutakoak daude, horiek, behartu gabeko galerak izaki, maiz ez dute gure kontzientzia aztoratzen; erresumina sentitu eta albait azkarren ematen digu arreta beste zerbaitek, ez gara mugitzen. Bestetik, norbaitek edo zerbaitek behartutako galerak daudela esanen nuke: norbaitek beharturik hitz egiteari utzitako adiskidea, diru beharrean egon eta sosen bat lortzeko saldu beharreko objektua, eta, modu figuratiboari heltzen badiogu, lan egiteagatik galdutako denbora eta errespetatu gabeko, nahiz ezeztatutako hizkuntz eskubidea, adibidez.
Nafarroako egoera eta bertako hizkuntz eskubideak aintzat harturik, harrotasunik gabe esan dezaket nik nire ikasketa guztiak euskaraz egiteko pribilegioa izan dudala; hori bai, goi mailako ikasketak guztiz euskaraz egiteko, Nafarroatik joan behar izan nuen. Garai hartan ez nien kausa-ondorioei asko erreparatu, beste nonbaiten ikasteak sortutako zirrarak arindu baitzidan lekualdatzea. Orain, ordea, hamar urte pasatu direla, ikuspegia ezberdina da.Â
Ildo berean, beti euskaraz ikasitako nire gertuko batek, ikasturte honetan, erdi mailako ikasketak amaituko ditu, eta Nafarroako goi mailako ikasketen hizkuntza ereduari erreparatu ostean, euskaraz ikasten jarraitzeko, beste hiri batera joan beharko du.Â
Ni kanpora joan nintzen era berean, beste asko Iruñean geratu ziren ikasten, eta, gutxinaka, agerikoa izan zen euskararen galera; euskara, hainbat kasutan, bigarren mailako hizkuntza izatetik, lehenengo mailako konplexu izatera igaro zen. Orain, hamar urte beranduago, ez dira gutxi euskara erdigunera eraman nahi dutenak, baina, bide horretan, maila galdu dutelako eta zuzen hitz egiten ez dutelako konplexua eta lotsa dute. Halaber, erruduntasun sentimendua galtzea zaila egiten zaie.
Galera ezberdinak daude, eta galera ororen gaineko ardura gure gain hartzeko ohitura dugu. Haatik, badago sekula galera izan beharko ez lukeena: norberaren hizkuntz eskubideak.Â
Horiek horrela, noiz erreparatuko diogu erakundeek eragindako bortxazko galerei? Noiz izango ditugu hizpide euskaraz ikasi ezin eta erdaraz ikastera behartutakoak?Â
Noiz arte izanen da utopikoon aldarria Nafarroan, edozein adinetan eta edozein lekutan, euskaraz ikasteko eskubidea eta baliabideak bermaturik egotea?
Iragan larunbatean, irailean Nafarroako Gobernuak jakinarazitako haur eskoletako matrikulazioen datuak eta horien gaineko hausnarketa plazaratu zen. Bertan, euskarazko eskaintza dagoen tokietan euskaraz ikasteko eskakizuna nabarmen handitu dela adierazi zuten; eskaintzarik egonez gero, noski. Datuok erreparatuta egindako hausnarketa argia bezain zaharra da: Iruñea haur eskolen beharrean dago. Beste behin hainbat izan dira honako ikasturtea euskaraz egiteko aukerarik izan ez dutenak, plazarik gabe geratu baitziren Iruñeko Udalaren haur eskoletan ikasteko eskaeren erdiak baino gehiago.
Maiz seinalatu dugu erdaraz mintzatzen dena, euskarazko aditz hura ahoskatzeko zailtasuna duena, jariotasunik ez duena, euskara ikasteari utzi diona; baina noiz seinalatuko ditugu erakundeak? Noiz arte existituko da Nafarroako zonifikazioa? Noiz arte izanen da utopikoon aldarria Nafarroan, edozein adinetan eta edozein lekutan, euskaraz ikasteko eskubidea eta baliabideak bermaturik egotea? Bien bitartean, galeraz eta utopikoz beterik egotera behartu dute gure lurra.Â