Hogei urte baino gehiago daramatzate baztandarrek Lekarozen Palacio de Aroztegia SM enpresak egin nahi duen makroproiektu urbanistikoaren aurka borrokatzen. 2021eko apirilean Lekarozen egindako kanpaldiarengatik «talde kriminal antolatu bat» izatea eta «derrigortze eta bortxa» delituak egitea leporatzen diete zazpi baztandarri. Guztira, hogei urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte. Aintzane Ariztegi da auzipetuetako bat (Lekaroz, 1998). Maiatzaren 19tik 23ra eginen dute epaiketa, Iruñean.
Zer moduz zaudete epaiketaren atarian?
Uste dut orokorrean neke sentsazioa dagoela gure artean, prozesu hau urte luzeko afera izan baita, baina, aldi berean, gogoz gara. Lehengo aldiz deklaratzera deitu gintuztenetik, kasik hiru urte pasatu dira. Horrelako zigor baten arriskua dagoenean, ez da goxoa arrisku horren motxilarekin bizitzea, eta zalantza asko sortzen dira. Hortaz, uste dut badagoela gogoa jakiteko zer izango den, zer gertatuko den epaiketan. Horrez gain, epaiketa noiz izanen zen jakin genuenetik, oso intentsoa izaten ari da dena, Euskal Herriko elkartasuna saretzen aritu baikara etengabe. Ez da erraza Baztanen gisako herri txiki batetik elkartasun sare hori lortzea.
18.000 lagun bildu zenituzten otsailaren 1ean Iruñean, manifestazio batean. Sumatzen duzue berotasuna oraindik?
Jotzen dugun lekura jotzen dugula, elkartasuna jasotzen dugu; ateak irekitzen zaizkigu, eta jendea besoak zabalik dago. Oso eskertuta gaude sentitzen dugun elkartasunarekin. Hala ere, uste dut zaila dela Euskal Herriko agenda politikoa sei hilabetez hartzea, bertze mila kontu daude eta. Manifestazioaren ostean, afera pixka bat lasaitu, eta atseden hartu genuen, baina espero dugu maiatzaren 19ko asteko epaiketari begira giroa berotzen hastea. Aroztegiko Elkartasun Batzordeak absoluzioaren aldeko kanpaina bat jarri du martxan, eta ekintza ugari egin dira. Segur aski, epaiketa hurbilago dagoenean neurtuko da benetan zenbat leku hartzen duen. Otsailaren 1ean lortu bagenuen, espero dugu berriz ere toki hori hartzeko gaitasuna izatea.
«Horrelako zigor baten arriskua dagoenean, ez da goxoa arrisku horren motxilarekin bizitzea»
Nola gogoratzen dituzu ekintzaren egunak?
Baztanen egin genuen izugarrizko ahalduntze ariketa bezala oroitzen ditut egun haiek. Gutxik imajina dezakegu horrelako herri txiki batean, anitzetan hil izendatutako herrietan, horrelako erresistentzia bat lora daitekeenik. Uste dut, pandemia izanik, jende gutxiago mobilizatzea espero zutela, baina testuinguruak nahikoa lagundu zuen, jende anitz etxean geundelako. Etxeratze agindua zegoen, eta horren gainetik jardun genuen, betiere neurriak hartuz eta elkar zainduz. Desobedientzia ariketaren prozesua ere asko zaindu genuen. Kanpaldian parte hartu zuen jendeaz edo makinen aitzinean esertzera animatu zen jendeaz gain, sare oso bat ari zen dena sostengatzen. Adibidez, janaria prestatzen. Ez dakit formula zein izan zen, baina lortu genuen makinak hemendik bidaltzea. Hala ere, proiektuak martxan jarraitzen du.
Txarrik ere izan zuen?
Bai. Herriko bazter guztiak Poliziak hartuta oroitzen ditugu. Jendeak bere burua identifikatu behar zuen lanera joateko, eta mendian zebilen jende guztia identifikatzen zuten. Gure auziaz aparte, 9.000 euro inguruko isunak heldu ziren identifikazioengatik. Tentsio handia zegoen kanpaldian, edozein ordutan agertzen baitzen Polizia. Oso zaila zen gu hortik kanporatzea, bideak trabatuta baitzeuden; ondorioz, Poliziaren autoak ezin ziren han sartu. Orduan, gu handik ateratzeko bi kilometro eraman beharko gintuzten herreskan.
Azpimarratu duzue ez zaretela zazpi soilik, herri oso bat baizik.
Aroztegiko proiektuaren kontrako borrokak hogei urte baino gehiagoko ibilbidea dauka. Ordutik modu askotara erakutsi da kontrakotasuna. Argi ikusten da ez duela zentzurik zazpi pertsona hartu eta gure gain jartzea egun horretako lanak gelditu izanaren ardura. Herri burujabeak emandako erantzuna zigortu nahi dute prozesu honen bidez. Zazpiok epaiketara begira egotea ez da ausazkoa. Konpromisoa zigortu nahi izan dute; hau da, urte luzez borroka honen lehen lerroan egon den jendea eta bertze alorretan konpromiso maila handia izan duen gazteria.
Zer ekar dezake «talde kriminal bat» zaretela leporatzeak?
Zer da talde kriminal bat izatea? Interpretazioak egiteko moduko akusazio bat dela iruditzen zaigu. Gainera, ez gara talde kriminal bat, eta ez dago hori justifikatzen duen frogarik. Batzarretik eta nahiko modu espontaneoan egin ziren gauzak. Gure kasuan, erabili dute justifikatzeko gure artean nolabaiteko hierarkia bat zegoela; hortaz, buruzagiak zeudela, eta gero, egin beharrekoa egiten zuen jendea. Gainera, hierarkia horretan sexuaren araberako banaketa ere egin dute.
«Herriak ematen duen edozein erantzun edo desobedientzia zibil zigortzeko tresna bihur daiteke»
Eta herri mugimenduari begira?
Uste dugu etorkizunari begira herri mugimenduak zigortzeko aurrekari penal bihur daitekeela gure auzia. Hau da, herriak ematen duen edozein erantzun edo desobedentzia zibil zigortzeko tresna bihur daiteke. Herri honetan urte luzez jokatu izan da dena terrorismoa da logikaren barruan, eta saiatu dira gu ere horretan sartzen. Egia da epaitegietan esan dutela frogarik gabe ezin dutela hori erran. Mugak topatu dituztenean, talde kriminalaren diskurtsoa sortu behar izan dute. Horregatik, uste dugu arduraz jokatu behar dugula eta ezin dugula horrelako aurrekaririk onartu.