Ia hamar urte daramatza Tafallako Berdesia elkarteak zuhaitzak landatzen. 2016. urtetik, hain zuzen, 16.000 arbola baino gehiago landatu dituzte. Xedea da auzolanean Tafalla osoa inguratuko duen baso bat sortzea. Klima aldaketari aurre egiteko eta jasangarritasuna sustatzeko «tokian tokiko» eta «ekintzetan oinarritutako» plan integral bat sortzen ari dira. Asko dira egitasmoaren barruan egindako ekintzak, tartean Bizitzaren basoa proiektua. Mauricio Olite Arizek, elkarteko kideak, azaldu du zendutako senide eta lagunak omentzeko leku bat izanen dela: «Heriotza naturalizatzen lagundu nahi dugu. Horretarako, lagunak eta senideak animatu nahi ditugu maite duten norbait hiltzen denean zuhaitz bati bizitza ematera».
Basoa sortu ahal izateko herri lurrik ez zegoenez, elkarteak lursail bat erosi du. Halere, herriarentzako leku bat izatea nahi dute. Oraingoz, azaroaren 15ean, basoa izango denaren perimetroa landatu zuten. Hemendik aurrera asmoa da zuhaitza aukeratzeko izen ematea zabaltzea, eta elkarteak landaketa kudeatzea. Hau da, arbola motaren arabera data bat jarri, eta landatzeko deialdi bat zabalduko dute: «Ezin da edonor etorri eta nahi duenean zuhaitz bat landatu».
Kudeaketa errazteko zenbait arau adostu dituzte: sei zuhaitz espezie egonen dira aukeran, bakoitzari leku bat egokituko zaio, eta oroigarri gisa plaka bat jartzeko aukera egonen da. «Ez dugu nahi hilerri moduko leku bat edo errautsak uzteko leku bat izatea. Tafalla osoa inguratuko duen baso bat sortzen jarraitu nahi dugu, eta uste dugu jendea proiektuan inplikatuz zaintza gehiago sustatuko dugula», esan du Olitek.
Paisaia «hondatua»
Besteak beste, autobideak eta trenbideak inguratzen dute Tafalla. Olitek salatu du administrazioak ez duela neurririk hartu ondorio klimatikoak saihesteko, eta pasaia «oso hondatuta» dagoela. Horregatik, urteak daramatzate Nafarroako Gobernuari eta Tafallako Udalari presioa sartzeko plan oso bat garatzen: «Ez dugu soilik presioa sortu nahi, ekintzetan oinarritutako proiektu bat izatea nahi dugu», esplikatu du. Zuhaitzak landatzeko lursaila «hondatua» eta «materia organikorik gabe» dago. Hori dela eta, lurra bere onera ekartzeko eta ongarri naturalak eta biologikoak sortzeko ikastaroak egiten ari dira: «Gure proiektuaren bidez, askoz zorrotzagoa izango da zaintza».
Klima aldaketaren kontrako plan bat denez, jendearentzat «erakargarriak» diren baina aldi berean «tokikoak» diren zuhaitzak landatu nahi dituzte; adibidez, zumar hostotxikia, ihar frantsesa, amodio zuhaitza, zurbeltza eta erkametza. «Klima aldaketak eragindako baldintza klimatikoei ongi egokitutako arbolak izatea nahi dugu», nabarmendu du Berdesiako kideak.

Horrekin batera, lursailaren funtzionamendua «autosufizientea» eta «jasangarria» izatea nahi dute: «Lursaila aztertu, eta giltza linearen teknika erabili dugu. Horren bidez, lursailean dauden baliabide naturalak identifikatu eta aprobetxatu ditugu erliebearen, zoruaren eta klimaren arteko oreka lortzeko. Teknika horren bidez, hain justu, ura leku batzuetan pilatu ordez, lursail osora zabaltzen da».
Olitek argi utzi du Tafallako beharrei eta herritarrei begira egindako proiektua bat dela Bizitzaren basoa: «Tafallako gizartea askotarikoa da, azken urteotan migratzaile asko etorri baitira. Uste dugu gure proposamenak Tafallako herritar guztien kulturak, ohiturak, sinesmenak eta jatorriak batzeko aukera polita dela». Kontatu duenez, proiektua garatzeko prozesu osoa «asko zaindu» dute, eta «asko» ikasten ari direla gehitu du: «Basoa memoria kolektiboa, suspertze ekologikoa eta herritarren parte hartzea sustatzeko erreferente izatea nahi dugu».
Urtean 1.500 arbola
Herritar talde baten nahietatik abiatuta sortu zen Berdesia, 2016an. Datorren urtean hamar urte beteko ditu elkarteak, eta dagoeneko berrehun bazkide dira. Batzuetan, Tafallatik kanpoko jendeak interesa jartzen du, baina bazkide gehienak herrikoak dira: «Gure proiektua bertakoa da, eta ez dugu lanik egiten Tafallatik kanpo. Halere, laguntza eskatuz gero, aholkularitza lana egiten dugu», zehaztu du Olitek.
«
Memoria kolektiboa, suspertze ekologikoa eta herritarren parte hartzea sustatzeko eredu izatea nahi dugu»
MAURICIO OLITE ARIZ Tafallako Berdesia elkarteko kidea
Herri osoa inguratuko duen baso bat sortzeko plana martxan jarri zutenetik, urtean 1.500 arbola inguru landatu dituzte. Olitek nabarmendu du «asmo handikoa» dela proiektua, baina kontent da egiten ari diren urratsekin. Gainera, azpimarratu du herritarren parte hartzearen adibide garbi bat dela. Izan ere, auzolana dute ardatz, eta, horregatik, Tafallako eragileekin elkarlanean aritzen dira: «Tafallan dagoen mugimendu sozialaren gehiengoa lursailetatik pasatu da. Espazioak sortzen ditugun heinean, jendeak leku horiekin lotura emozional bat sor dezan saiatzen gara».
Bizitzaren basoa elkarteak egiten duen lanaren adibide bat da, baina beste proiektu asko dituzte esku artean. Esate baterako, datorren urtean bigarren fasea izanen du egitasmoak. Izan ere, Etorkizuneko basoa sortu nahi dute. Bizitzaren basoaren antzekoa da, baina jaiotzak hartuko ditu ardatz: «Haur bat jaiotzen denean, asmoa da zuhaitz bat landatzea, arbola eta haurra batera hazi eta gara daitezen».