Etxekide kooperatibako kideek gero eta hurbilago dute Iruñeko Txantrea auzoan eraikitzen ari diren egoitzara mugitzeko ordua. Zahartzarorako pentsatutako proiektu bat da: 25 bizitoki kolaboratibo hartuko dituen etxe bat eraikitzen ari dira, han biziko direnek elkar zaintzeko asmoz. Eraikineko obrak irailean hasi zituzten, eta asmoa da 2027rako bukatzea. «Bi urte barruko sanferminetarako han egonen gara», erran du Etxekideko kide Itziar Agirrebeitiak.
Kooperatibak 2016an hasi zuen bere bidea, eta Agirrebeitiak 2020an egin zuen bat egitasmoarekin, senarrarekin batera. Kooperatibako gainerako kideak bezala, hura ere zahartzarorako egungo sistemak eskaintzen dituen ereduez bertzelako alternatiba baten bila ari zelako batu zen proiektura. «Batetik, zahar etxeak daude; bestetik, nor bere etxean gelditzea eta norbait kontratatzea zaintzeko. Zaintza komunitarioaren alde egin nahi dugu guk Etxekide kooperatibaren bidez», azaldu du.
Idoia Narbaiza 2023an sartu zen Etxekiden, hura ere senarrarekin. Egun, kooperatiban 32 kide dira. Denentzako tokia izanen da Iruñean eraikitzen ari diren egoitzan, taldean zazpi bikote baitaude. Kooperatiban bertze 30 pertsona inguruk eman dute izena, eta itxaron zerrenda batean sartu dira, tokia noiz lortu zain.
«Zaintza komunitarioaren alde egin nahi dugu guk Etxekide kooperatibaren bidez»
ITZIAR AGIRREBEITIA Etxekide kooperatibako kidea
Etxekidek sustatutako bizitoki kolaboratiboetan sartzeko, halere, bete beharreko baldintza batzuk badaude. Adin muga da haietako bat: 50 eta 70 urte artekoentzat da proiektua. «Elkar zaintzea da helburua; denak oso zaharrak bagara, ezingo dugu egin», esplikatu du Agirrebeitiak. Hark 68 ditu, eta Narbaizak, 61.
Eskubide Sozialen menpe
Etxekide martxan jarri zutenetik, kooperatibako kideek taldearen kohesioa lantzeko formakuntzak egin dituzte. Agirrebeitiak eta Narbaizak, hain zuzen, nabarmendu dute kideen arteko batasuna «oso garrantzitsua» dela. Finean, kohesio eta batasun hori izanen da elkar zaindu ahal izateko oinarria. Kooperatibako kideek erantsi dute «funtsezkoa» dela nork bere zahartzarorako zer nahi duen ongi azaltzea, Etxekideren helburua baita kideen erabakiak ahalik eta zorrotzenen errespetatzea. Hori egiteko, aurretiazko borondateen agiria egin behar dute denek, egin nahi dituzten urratsak ongi zehazteko.
Etxekideko kideek nabarmendu nahi izan dute Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren eskutik ari direla garatzen beren proiektua. «Gurearen gisako proiektuak jasotzen dituen dekretu bat onartu zuen gobernuak 2020an», zehaztu du Agirrebeitiak. Kooperatibaren egitasmoak, baina, kontrako iritziak piztu ditu Txantrean, eta herritar batzuek Koliving Kanpora plataforma sortu dute.
Plataformako kideek salatu dute Etxekide egitasmo pribatu bat dela, eta Txantrean jaso duen lursaila, berriz, publikoa. Iruñeko Udalarena zen, hain zuzen, baina Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen, 2008. urtean, buruko osasunarekin lotutako arazo larriak dituztenak artatzeko zentro bat egiteko. «2022an, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak hala eskatuta, Iruñeko Udalak lursailean garatu beharreko proiektua aldatu zuen: bizitoki kolaboratiboak eraikitzeko baliatuko zutela jaso zuten», oroitu dute plataformako kideek. Gehitu dute, udalaren akordioaren arabera, Nafarroako Gobernuak zehaztu zuela parte hartuko zuela bizitoki kolaboratibo horietan biziko zirenak hautatzeko prozesuan. Gobernuak 75 urterako eman dio lursaila Etxekide kooperatibari.
Bi helegite
Lursailak hartuko zuen proiektua aldatu izanak piztu zituen orain plataforman bat egin dutenen alarmak, eta salatu dute Nafarroako Gobernuak ez duela Txantrean eraikiko duten egoitzan biziko direnak hautatzeko inolako prozesutan parte hartu. «Ez da bidezkoa. Proiektua ez da interes orokorrekoa, herritarrek, oro har, ez baitute aukera parte hartzeko irizpide sozial eta ekonomiko objektiboak kontuan hartuta egindako prozesu batean», erran dute.

Plataformako kideek erantsi dute Etxekideren estatutuetan jasota dagoela kooperatibako kideen «senideek edo lagunek» beteko dituztela taldean hutsik gelditzen diren tokiak. «Halaxe ageri zen Etxekideren webgunean, informazioa kendu zuten arte». Egun, webguneko bazkideentzako atalean baino ezin da irakurri estatutuen inguruko informazioa.
Plataformak auzitara jo du, eta helegiteak aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuan eta Nafarroako Administrazio Auzitegian. Ez du erantzunik jaso oraindik. Kideek gehitu dute Nafarroako Gobernuak ez dizkiela bidali gardentasunari buruzko legea baliatuta Etxekideren egitasmoari buruz eskatutako agiriak.
Plataformako arduradunen ustez, Etxekideren proiektua garatzeko bidea eman duen prozesua ez da legezkoa izan: «Nahieran antolatutako lehiaketa publiko bat izan da», txarretsi dute. Plataformak eskatu du obrak geldi ditzatela, eta bertan behera utz dezatela Etxekidek jasotako baimena. Koliving Kanpora taldeko kideek gehitu dute Txantrean martxan jarritako proiektuak ez diola auzoari mesede egiten.