Vinaixa Gartzia: «Elkartze honek kultura eta koru mundua uztartzea lortuko du»

Kabia Nafarroako koru zuzendarien elkartea sortu dute lurraldeko hamabi abesbatzatako zuzendariek. Nafarroako zuzendarien artean elkarlan handiagoa izan nahi dute.

Kabia elkarteko lehendakari Vinaixa Gartzia, urtarrilaren 23an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Kabia elkarteko lehendakari Vinaixa Gartzia, urtarrilaren 23an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñea
2026ko otsailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako hamabi abesbatzatako zuzendariek sortu dute, baina «askoz gehiago» izateko nahiarekin sortu da Kabia Nafarroako koru zuzendarien elkartea. Lau helburu nagusirekin sortu dute: zuzendarien arteko harremana eta koordinazioa sustatzea, formakuntza bultzatzea, informazioa trukatzea eta aholkularitza eskaintzea. Elkartea sortu duten hamabi zuzendarietako bat eta elkarteko lehendakaria da Vinaixa Gartzia (Hernani, Gipuzkoa, 1993). Nafarroan Leitzako Jeiki abesbatza zuzentzen du, eta jaioterrian, Goiz Eguzki jubilatuen abesbatza.

Zergatik sortu duzue Kabia elkartea?

Zuzendari batzuek elkar ezagutzen genuen, baina konturatu ginen ez genuela harremanik. Orduan, gure beharrak edo zalantzak asetzeko, bilera batzuk egin genituen, eta abesbatzen zuzendarien elkarte bat sortzea bururatu zitzaigun. Hamabi zuzendari elkartu ginen, eta lau zutabe aurreikusi genituen: formakuntza, gure arteko lotura, aholkularitza eta informazioa helaraztea.

Urtarrilaren 10ean elkartea Noainen aurkeztu zenutenean, aipatu zenuten elkartearen sorrera «behar partekatu» batetik datorrela.

Hori da. Esaterako, nik zalantzaren bat izanez gero, elkartearen bitartez zalantza horren inguruan dakien norbaiti galde diezaioket. Beste alor bat da ikusten dugula ez dagoela zuzendari gazterik. Beraz, formakuntza behar dugu zuzendari gazteentzat. Hala ere, gazteez gain, musika eskoletako, kontserbatorioetako eta ikastetxeetako irakasleei ere oinarrizko formakuntza eman nahi diegu, horrela zentro horietako umeek koruen mundua ezagutu dezaten, eta gero heldutan jarrai dezaten.

Noiz bururatu zitzaizuen elkartea sortzea?

Duela sei hilabete inguru hasi ginen hizketan. Hasieran, zer behar genituen komentatu genuen. Ideia pila bat izan ziren. Eta orduan, ikusi genuen Espainian Aedcoro koru zuzendarien elkartea dagoela, eta esan genuen: «Zergatik ez dugu hori imitatzen maila txikiagoan?».

«Zuzendari batzuek elkar ezagutzen genuen, baina konturatu ginen ez genuela harremanik»

Zergatik deitu diozue elkarteari Kabia?

Zuzendariok beltzez janzten gara, eta hegazti beltzetan pentsatu genuen. Belea bururatu zitzaigun, baina Beleak izenak ez gintuen konbentzitu. Orduan, txorien ildo horretatik, topagune batean pentsatu genuen, eta Kabia bururatu zitzaigun. Sorkuntzarako eta bertatik hazteko puntu bat.

«Etengabeko eta kalitatezko formakuntza» bultzatu nahi duzue. Zer ekintza egingo dituzue horretarako?

Bi ekintza mota ditugu. Alde batetik, ikastaroak antolatzea. Adibidez, ikasturtean lau larunbatetan zuzendariak batzea, eta errepertorio bat prestatzea, zuzentzeko keinuak ikastea… Eta, bestetik, elkartearen bitartez zuzendari espezializatu bat beste abesbatza baten entseguetara eramatea. Esaterako, Iruñerrian gospel koru bat dago, baina nire koruak ez daki gospela abesten; orduan, gospelean aditua den zuzendari horrekin jar naiteke harremanetan, eta nire abesbatzako kideei erakusten ahal die.

Elkartea hainbat arlotako abesbatza zuzendariei bideratuta dago.

Bai. Ez da, adibidez, koru mistoentzat edo tradizionalentzat soilik. Jubilatuen koruetako edo elizako koruetako zuzendariengana ere zabaldu nahi dugu, baita lehen aipatutako musika eskoletako, ikastetxeetako eta kontserbatorioetako zuzendariengana ere. Zuzendari ez diren irakasleei ere zuzenduta dago, haiek trebatzeko.

Haurren zuzendariei ere bideratuta dago. Gazteen artean abesbatzek interesa pizten dute oraindik?

Gutxi daude, betiko arazoa dagoelako. Emakumeetan ahots aldaketa ez da ia nabaritzen, baina gizonetan bai. Orduan, mutil gaixoak abestu ezinik egoten dira, eta interesa galtzen dute. Hortaz, horiek berreskuratzea oso zaila da. Nolabait lortu behar da haur horiek ez joatea, nahiz eta ahotsa aldatzeko bidean egon eta urtebetez ezin abesturik egon.

Eta elkartea sortu izana lagungarria izan daiteke gazteek koruetan segitzeko? 

Hori da. Batez ere, koru abeslarien batez besteko adina apaldu nahi da. Geroz eta helduagoak dira, eta belaunaldi berriak ez datoz. Beraz, hori da gure erronketako bat. Zuzendarien bitartez hori lortzea.

«Koru abeslarien batez besteko adina apaldu nahi da. Geroz eta helduagoak dira, eta belaunaldi berriak ez datoz»

Hamabi abesbatzatako zuzendariek sortu duzue elkartea, baina elkartearen aurkezpenean 30 zuzendari inguru izan zineten. Nolako harrera izan du elkarteak gainerako zuzendarien artean?

Ona. Esan genien gure helburua ez dela gure ideiei soilik eustea, baizik eta besteenak ere jasotzea. Interesa duen jendearen postak iristen zaizkigu, eta orain guk inkesta bidaltzeko zain daude, haiek erantzuteko. Gogotsu ikusten ditugu.

Orduan, inkesta bat bidaliko duzue.

Hori da. Bazkide egin direnen artean, haien beharrak jasotzeko.

Loturak sortzen hasi dira jada abesbatzetako zuzendarien artean?

Nik, adibidez, nabaritu dut. Gainera, ni gipuzkoarra izanda, Nafarroan ia ez nuen ezagutzen beste zuzendaririk. Elkartea sortzen ari ginela, beste zuzendari batzuk ezagutu ditut. Esaterako, nire kasuan, erlijio musikako programa bat prestatu behar nuen, eta Isabel Lakar lesakarra ezagutzen nuen —Elizondoko abesbatzako zuzendaria da, eta elkartearen sortzaileetako bat—. Hark musika mota horren inguruko obra bat prestatu zuela banekien; hortaz, galdera batzuk egin nizkion, eta azalpenak eman zizkidan. Nik nabaritu dut jada lotura gure artean, baina ea areagotzen den.

Zer espero duzue Kabia elkartearen sorrerarekin?

Ideiak jasotzea eta denon arteko lankidetza bat espero dut. Orain arte bakoitzak bere oasi txikia zuen, eta ez genuen elkar ezagutzen, ez genuen gure artean proiekturik egiten… Beraz, elkartze honek, formakuntzaren eta gure arteko loturaren bitartez, kultura eta koru mundua uztartzea lortuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA