Erakusleiho bat artisautzarentzat

Garei kolektiboak artisau azoka bat sortu du Aribeko garaian. Bertako produktuak saltzeko lekua izateaz gain, saretzeko eta bakardadeari aurre egiteko topagune bat izatea nahi dute.

Garei kolektiboko Gonzalo Santoma, Adan Leiva, Kattalin Barber, Cris Navarro, Maialen Lopez eta Itziar Berruezo, Ariben. AITOR KARASATORRE / FOKU
Garei kolektiboko Gonzalo Santoma, Adan Leiva, Kattalin Barber, Cris Navarro, Maialen Lopez eta Itziar Berruezo, Ariben. AITOR KARASATORRE / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2025eko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan Aezkoako eta inguruko herrietako informazio turistikorako gunea itxuraldatu, eta artisau azoka bihurtu dute. Ariben dagoen garai bat atondu dute sei artistak azoka gisa: Garei kolektiboa sortu dute beren produktuak ezagutzera emateko eta saltzeko. Horrez gain, aurrerago tailerrak antolatu eta elkar ezagutzeko topagune bihurtu nahi dute. Kattalin Barberrek, Itziar Berruezok, Adan Leivak, Maialen Lopezek, Gonzalo Santomak eta Cris Navarrok osatzen dute kolektiboa. Hurrenez hurren, loreekin egindako artelanak, bitxiak, lanparak, kandelak, argazkiak eta uhalak egiten dituzte. Abuztuan zabaldu zuten azoka, eta, oraingoz, asteazkenetik igandera dago zabalik, 10:30etik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:30era; igandeetan goizez bakarrik zabaltzen dute.

Aezkoa ibarreko batzordearena da garaia; ibarreko arduradunak ohartu dira geroz eta jende gutxiago joaten dela, eta, gastu handia denez, beste erabilera bat ematea erabaki dute. Martxoan eskualdeko artisauekin mintzatu, eta tokian tokiko produktuak saltzeko azoka bat sortzea proposatu zieten. Horrez gain, pantaila telematiko baten bidez, informazio turistikoa emango dute aurrerantzean ere. Artisauek nabarmendu dute «oso eskertuta» daudela, «ilusioz beteta» eta «pozik». «Egiten dugun lana plazaratzeko aukera bat izateaz gain, saretzeko edo artistekin biltzeko leku bat da. Gureen gisako lanak nahiko bakartiak dira», esan du Barberrek.

(ID_15288814) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-09-05, Aribe. Garei kolektiboa
Kattalin Barber, Aribeko artisau azokako bere erakusmahaiaren ondoan, hilaren 5ean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Leivak uste du elkargune bat izateak bakardadeari aurre egiten laguntzen ahal diela: «Ordu asko pasatzen ditugu bakarrik geure proiektuetan murgilduta». Horregatik, aitortu du aurrerago «polita» litzatekeela, dendaz gain, lantegi bat izatea: «Nahiz eta bakoitza berera egon, lan energia sumatzen da. Ederra litzateke pozak eta frustrazioak —badaude eta— elkarri kontatu ahal izatea».

Orain arte askok ez zuten elkar ezagutzen, eta argi dute ezagutzen ez dituzten beste artisau asko egonen direla inguruan. Proiektua ibarrarentzat ere onuragarria izanen dela uste du Barberrek: «Oso saltoki gutxi daude, eta are gutxiago opari bat egiteko. Ez da turistentzako soilik, Pirinioetan egiten den lanaren erakusleiho izatea nahi dugu, eta tokikoek bat egiteko leku bat».

Kattalin Barber

Herbaria

Loreei begira bizi da Kattalin Barber (Lakabe, 1990). Herrian hezi eta hazi den arren, urte asko eman ditu kanpoan bizitzen. Loreekin artelanak sortzea landa eremura itzultzeko bidea izan da. 2021ean Artzibarko lore herbarioa osatzen hasi, eta Herbaria proiektua sortu zuen. Afizio moduan abiatu zena, ofizio bihurtzeko asmotan dabil: «Honetaz bizitzea da apustua. Lehen lore lehorrekin koadroak egiten nituen, eta orain loreak landatzen eta lore sorta freskoak eta lehorrak saltzen hasi naiz». Zianotipiak ere egiten ditu, gero eta gehiago.

Aurtengo erronka lore baratzea jartzea izan da. Zenbait ikastaro eta praktika egin ditu, aurrenekoz ari baita esparru horretan lanean. Lore ekoizpenaren inguruan hausnartzeko aukera bat dela dio: «Oso jende gutxik ekoizten ditu loreak, eta are gutxiago Nafarroan. Normalean erosten ditugun loreak Kolonbiatik edo Landetatik datoz. Gainera, produktu kimiko pila bat erabiltzen dituzte». Eredu intentsibotik aldendu, eta tokian tokiko loreak kontsumitzeko apustu bat dela dio: «Kontsumitzen ditugun loreak perfektuak eta berdinak dira. Horretan eragin nahiko nuke».

Itziar Berruezo

Emeki

Lasai-lasai, mantso-mantso edo emeki-emeki sortzen ditu bitxiak Itziar Berruezok (Aria, 1988): «Amatxik janaria poliki eta denboraz prestatzen duenean bezala da». 2015ean, Nikaraguan bizi zelarik, artisau batzuk ezagutu, eta makramea egiten hasi zen. Ondoren, 2018an, ingeniari lana utzi eta bitxigintza ikastera joan zen Donostiara. Ikasketak amaitutakoan, ingeniari eta bitxigile aritu da. Orain dela gutxi, soilik artisaua izateko apustua egin, eta Emeki proiektua sortu du. «Uste dut beti probatu behar dela, bestela beti izanen dut zalantza», esan du.

Azpimarratu du garrantzitsua dela imitaziozko bitxien eta bitxien arteko bereizketa egitea. Lehena pieza solteak elkartzearekin lotzen du, eta bigarrena prozesu sakonago batekin. Berruezok zilarrarekin lan egiten du, batez ere: «Bitxigintza egiten duzunean, zilar lingote edo lamina batetik abiatu, eta sopletearekin eta zerrarekin forma ematen diozu. Gainera, nire bitxi sorta bakoitzaren atzean istorio handi bat dago».

Adan Leiva

Lanparak

Antzerkigintza utzi, eta lanparak egiteari ekin zion Adan Leivak (Burlata, 1985). 15 urte zituenetik 35 urte bete arte, Madrilen bizi izan da, baina egun Orbaizetan bizi da. Bizitzaren zatirik handienean antzerkian ibili da, eta horrek argiztapenean arreta jartzera eraman du: «Antzerkiari esker, argiztapenaren inguruan hausnartu, eta etxeko giroa nola aldatu zezakeen behatzen hasi nintzen».

Hasieran kuiekin egindako lanparak egiten zituen, baina materiala aurkitzea «zaila» zenez, material ugari ikertuz joan da. Egurra, papera eta zuntz begetala erabiltzen ditu. «Orbaizetan bizi naizenez, urtegian dauden egur zatiak hartzen ditut. Egurrak gidatuta sortzen ditut lanparak. Teknika findu dudanez, esperimentatzen ari naiz, mahaiko lanparak ez ezik, beste motatakoak ere egiteko».

Maialen Lopez

Barneko Sua

Duela bost urte inguru, «transformazio garaian» zegoen Maialen Lopez (Lizarra, 1996). Bakarka egoteko denbora asko hartzen zuen momentu intimoetan, argizariak piztea gustuko zuen. Kandelak naturalak izatea nahi zuenez, sortzea erabaki zuen: «Argizari bat sortu baino lehen, zertarako den pentsatzen dut, eta erabaki ostean, koaderno batean idazten dut zer osagai izango dituen». Lizarrakoa da, baina Orbaizetan bizi da.

(ID_15288804) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-09-05, Aribe. Garei kolektiboa
Azoka bilakatutako Aribeko garaia, hilaren 5ean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Kandelak pizteak pisu sinbolikoa dauka Lopezentzat. Horregatik, erritualak egiteko helburuarekin sortu du Barneko Sua proiektua. «Beti izan dut zenbait prozesutan laguntzeko beharra, hala nola, doluei, abortuei, zikloei eta memoria uterinoari lotutako prozesuetan. Nire bizitzan izan ditudan esperientziek eta prozesuek eraman naute horretara», aitortu du. Horretarako, doula izateko formakuntza egiten ari da.

Gonzalo Santoma

Argazkiak

Naturari begira bizi da Gonzalo Santoma argazkilaria (Bartzelona, 1972). Hogei urte daramatza Garraldan bizitzen, baina txikitatik Nafarroara joateko ohitura zuen familiarekin. 15 urte zituela, argazki kamera bat eskatu zion aitari, eta ordutik natura dokumentatzen du: «Natura ikertzeko beharra daukat. Naturari behatzea sekretu bat bezala da. Horren atzean zer dagoen jakin nahi dut». Horrekin batera, natura zaintzearen garrantziaren inguruan sentsibilizatu nahi du jendea. Argazkiak egiteko gakoa pazientzia dela dio. Izan ere, batzuetan hotza eta euria egin arren, kalean egon behar da esperoan.

Cris Navarro

Huellas Nomadas

Makramea lantzen hasi zen Cris Navarro (Epila, Espainia, 1989), eta gaur egun, makrame teknika erabiliz, paracord izeneko materialarekin txakurrentzako eta katuentzako uhalak egiten ditu. Huellas Nomadas izena du lanak. Azpimarratu du «oso iraunkorra» dela, eta parapenteak eta horrelakoak egiteko erabiltzen dela: «Pertsonalizatuak direnez, bizitza osorako izatea nahi dut». Denbora gutxi darama Orbaizetan bizitzen, eta azokak jendea ezagutzen lagundu dio.

(ID_15288826) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2025-09-05, Aribe. Garei kolektiboa
Aribeko artisauen azokako hainbat produktu, hilaren 5ean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Lehen babeslekuekin elkarlanean aritzen zen, eta txakurrentzako abegi etxe bat zuen. Ezegonkor zegoenez, txakurrei laguntzeko beste bide bat bilatzea erabaki du. Horregatik, saltzen duenaren erdia babeslekuei eta gisako lekuei ematen die: «Gobernuaren babesik ez dutenak laguntzen saiatzen naiz. Beren energia, denbora eta dirua inbertitzen dute, eta lan ikaragarria egiten dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.