Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Erbesteratze linguistikoa

2026ko uztailaren 17a
05:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain egun gutxi egin nuen gupidarik gabe alde hiritik, errukirik gabe utzi bainituen egunerokoaren hainbat txikikeria eta ekintza, esate baterako: porlana eguzkiak kiskaltzen, gazteek bart edandako alkohol botilak kaleko eserlekuen azpian lotsati ezkutatuta, ikasturteko azken oharrak, patioko esekitoki andana, semaforo zirkuitua, modan luze daramaten kafetegiko tostadak eta hasperen amaiezinak.

Bazter utzitako horien guztien artean, ez nuen lotsa linguistikoa poltsan sartu nahi izan; horregatik exijitu nion neure buruari hura ere irmo bezain tinko alde batera uztea.

Oporrak hasi baino bi egun lehenago, ikasturte amaierako gose-egarri etengabea asetze aldera, lankide bat eta biok taberna batera joan ginen hamaiketakoa jatera. Zer eskatu pentsatzen ari ginela, nire kideak zerbitzariari zer edan nahi zuen esan zion, gazteleraz. Arrazoia ezaguna nuen: nire kideak momentu hartan ez zuen ezustekorik edota erantzun zakarrik jasotzeko arriskurik hartu nahi izan. Nik, kontrara, oraindik gogoa sapak idortuta ez nuelarik, euskaraz hitz egiteagatik astero jasan beharreko erdeinuari buru egin, eta zerbitzariari nire hamaiketakoa euskaraz eskatu nion. Hala, zerbitzariak euskaraz erantzun zidan, eta nire lankideak agudo ikusi zuen hizkuntza okerra aukeratu zuela.

Hamaiketakoa jan bitartean eta atsekabea arindu nahian, horren inguruan solas egiten aritu ginen. Biok egindakoa ulergarria iruditu zitzaigun; batzuetan zaila da inguru erdaldunean zarenari etengabe eustea, eta, halaber, jazarpen linguistikoari itzuri egitea; batzuetan gogaikarria da nire kideak sentitutako lotsa zein damua sentitzea; batzuetan mingarria da zeure buruari traizio egin diozula eta hura bigarren mailako bihurtu duzula ikustea.

Orain egun gutxi ez dudala hirian maiz sentitzen dudan lotsa linguistikoa sentitzen. Herri guztiz euskaldun batean nago uda igarotzen, eta lasai sentitzen naiz. Ez dut landa eremua eta herriak erromantizatzeko saiakera hiritarrik egin nahi; baina hiriko lubaki sakonetik harago euskara naturaltasunez entzuteak eta erabiltzeak izugarri baretu nau. Are gehiago, hiritik at atseden linguistikoa hartzen ari naiz, hemen ez bainaute hankabiko mehatxutzat eta inposizio linguistikotzat hartzen; hemen jazarpenik gabeko euskal hiztuna naiz.

Hiritik at atseden linguistikoa hartzen ari naiz, hemen ez bainaute hankabiko mehatxutzat eta inposizio linguistikotzat hartzen

Haatik, badakit honek iraungitze data izanen duela eta hiriburura itzuli beharko dudala; orobat, badakit honako erbesteratze linguistikoa pribilegio hutsa dela eta askok dirautela ahal dutena egiten eta euskaraz ahal bezainbeste hitz egiten desengainuen nahiz gutxiespenaren labirintoan.

Euskarari dagokionez, hilabeteotan jazotako gertakariak gogorrak eta mingarriak izan dira euskaldunontzat; izan ere, gertakariok, geure hizkuntza ez ezik, geure egunerokoa biltzen duen sistema osoari ere eraso diote, eta horrek askoz zailago, nekezago eta gordinago bihurtu du euskara erabiltzea, batik bat hiriburuetan; berebat, hori gutxi ez eta, gu geu ere gaitzesgarriago bihurtu gaitu. Horregatik guztiagatik, euskarak hirietan iraun dezan, euskaldunok batzeko eta naturaltasunez gu geu izateko arnasgune handiagoen eta gehiagoren premia dugu; guk geuk biguntzen baitiogu elkarri bidea, guk geuk hartzen baitugu lepoan elkar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA