Ostiral arratsaldea Erripagañan. Haurrak jolasean ari dira karparen azpian, eta, handik hurbil, bizilagunak elkarretaratzea egiten ari dira Palestinako genozidioa salatzeko. Auzo bizia da, herritarrei esker: auzo elkartea sortu zuten 2015ean, eta urte berean ospatu zituzten Erripagañako bestak lehen aldiz. Jai batzordea badute geroztik, eta euskara taldea ere bai, bertzeak bertze. Osasun etxerik, kiroldegirik eta kultur etxerik ez, ordea.
Zerbitzuak ezar ditzatela exijitzeko, hain zuzen, manifestazioa eginen dute urriaren 25ean. «Lau udalen menpe da Erripagaña, baina ez gara inoren lehentasun», salatu dute bizilagunek. Erripagañako auzo elkarteak deitu du protestara. 2023an ere hainbat antolatu zituen. Egoerak, baina, ez du hobera egin oraindik, eta, horren ondorioz, herritarrek erabaki dute karrikara itzultzea.
«Zerbitzurik ez izatea da arazo nagusia», erran du Jose Luis Garciak. Hura da Erripagañako auzo elkarteko presidentea. Duela zortzi urte ailegatu zen Erripagañara, eta Burlataren menpe dagoen eremuan bizi da. Alberto Errea, berriz, Eguesibarko Udalarena den zatian. Errea duela bederatzi urte mugitu zen auzora, eta Xabier Colas duela 11; hura Iruñeko Udalaren eremuan bizi da. Auzo elkartean bat egin dute hirurek.

Argak eta errepideak zehazten dituzte Erripagañako mugak. Auzo horren inguruko plangintza 2004. urtekoa da, eta lehendabiziko bizilagunak duela hamalau urte mugitu ziren harat. Geroztik, etxebizitzak ugaritu egin dira. Batetik, auzoa %30 handitzea onetsi zuen Nafarroako Gobernuak 2010ean, eta, bertzetik, etxebizitza gehiago egiteko bertze akordio bat onartu zuten 2022an. Erripagañak 13.000 biztanle inguru ditu egun.
Lau udalen menpe egoteak —Iruñea, Burlata, Eguesibar eta Uharte— hamaika traba eta arazo eragin dizkie Erripagañako herritarrei. Duela urtebete, Nafarroako Kontu Ganberak txosten bat aurkeztu zuen auzo horren egoerari buruz, eta zehaztu «arazoa sortzetikoa» zela: «Erripagañako udalerriz gaindiko eragina duen planean ez zuten aurreikusi lau udalen menpe egoteak zer arazo eraginen zituen». Kontu Ganberak zerbitzurik eta kohesiorik eza eta irisgarritasuna aipatu zituen, bertzeak bertze.
«Lau udalen menpe gaude, baina inork ez du dagokion ardura hartzen; ez gara existitzen», salatu du Alberto Erreak. 2023an antolatutako protestak oroitu ditu, eta adierazi herritarrek «bultza» egin behar izan dutela beti, udalek urratsen bat egiteko. 2023ko urrian, hain zuzen, Eguesibarko, Iruñeko, Uharteko eta Burlatako udalek hitzartu zuten Erripagañan Civivox bat eta kiroldegi bat eraikitzeko tramiteak hastea. «2025eko urrian gaude, eta ez dago deus», zehaztu du Erreak.
Burlatan, dirua arazo
2024ko maiatzean, lau udalek bertze akordio bat egin zuten: adostu zuten prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea, erabakitzeko Erripagaña auzoak zer «izaera administratibo» izan behar zuen. «Iruñea prest da Erripagaña osoa hiriko auzo gisa hartzeko baldin eta erabaki horrek bertze udalentzako ona izanen den akordio bat badu oinarrian», erran zuen orduan Joseba Asiron Iruñeko alkateak.
%59
Erripagañako zer eremu dagoen Burlatako Udalaren esku. Burlatako Udalak du Erripagañaren %59, Iruñeko Udalak %21, Eguesibarrek %10, eta Uharteko Udalak bertze %10a.
Azken urteotan, Uhartek garbi erran du Erripagaña bertzeen esku uzteko prest dela. Udal horrena da zatirik txikiena, eta, Erripagañako auzo elkarteko kideek zehaztu dutenez, ez du lursailik zerbitzuak garatu ahal izateko.
Bertzelakoa da Burlatako Udalaren egoera, ordea. Udal horrek aztertu du Erripagañako bere zatiari uko egiteak zer ondorio izanen lukeen, eta emaitzaren arabera, «udalaren bideragarritasuna kolokan» jarriko luke.
Erripagañako auzo elkarteko kideek ez dute bat egiten Burlatako Udalak emandako azalpenekin, eta azpimarratu dute udal horrek «dirutza» irabazi duela Erripagañari esker: «Hogei urtez aritu dira dirua irabazten; Burlatak bere zatia uzten badu, irabazteari utziko dio, baina ez du galduko. Gu erdian gaude, eta ez dute urratsik egiten behar ditugun zerbitzuak jartzeko», azaldu du Jose Luis Garciak. Kontu Ganberak egindako txostenean ere jaso dute Burlatako arazo ekonomikoak «egiturazkoak» direla.
Xabier Colasek gehitu du Erripagña sortu zutenean ere Burlatak oraingo bideragarritasun arazo berak zituela, eta diru arazo horiei aurre egiteko sustatu zutela proiektua, neurri handi batean. «Burlatak dirua irabazten du oraindik ere, hirigintzako lizentzien bidez, Burlatako lurretan baitaude orain hasi dituzten obrak», gaineratu du.
Izan ere, merkataritza gune bat eta etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat dago martxan Burlatako Udalari dagokion Erripagañako zatian. «Hasierako asmoa moldatu dute; lehen proiektua izan zen merkataritza gune handi bat egitea. Hori egokitu, eta merkataritza gune txikiago bat eta etxebizitzak eginen dituzte», esplikatu du Garciak.
Erripagañako auzo elkarteko kideek alegazioak aurkeztu zizkioten egitasmo horri, uste baitute proiektuaren araberako mila metro koadroko plaza ez dela egokia auzorako. «Merkataritza gune handia bazter utzi eta gero, uste dugu hobe dela bi plaza txikiago egitea. Gure proposamenak ez dituzte aintzat hartu, ordea», erantsi du Colasek.

Lau udalen arteko 2024ko akordioaren arabera, asmoa zen Erripagañako herritarren artean kontsulta bat egitea, erabaki dezaten auzoa noren esku gelditzea nahi duten. Apirilean egitekoa zen, baina prozesu hori ere egin gabe gelditu da oraingoz.
Ekainean, Iruñeko, Uharteko, Eguesibarko eta Burlatako udalek mahai gainean jarri zuten auzia berriz ere, eta adostu zuten inkesta soziologiko bat egitea, auzoko bizilagunen iritzia «modu zorrotzean» biltzeko. Beraz, inkestaren emaitzak jaso eta gero bultzatu asmo dute auzoaren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte hartzailea, azkenean.
«Ez dugu ulertzen zein den inkesta horren helburua; halere, trabarik ez dugu jarri, udalek erabakiak har ditzatela besterik ez baitugu nahi. Beldur gara, ordea, ez ote den izanen kontsulta atzeratzeko aitzakia huts bat», salatu du Garciak. Orain arte, Uharteko Udala da inkesta soziologikoa egiteko hitzarmena onartu duen bakarra.
Eskola eta institutua
Erripagañako auzo elkarteko kideek lau udaletako agintariei eskatu diete «garbi» mintza daitezela; jakin nahi dute, gainera, zer eskaintzeko prest diren. «Guk zerbitzuak nahi ditugu, eta behar ditugun zerbitzu horiek emateko prest dagoenak har dezala auzoaren ardura», argitu du Garciak.
Nafarroako Gobernuak ikasturte honetan abiarazi du haur eskola. Osasun etxea hartuko duen lursaila, ordea, hutsik dago oraindik ere. «Aurreko agintaldian hasi behar zuten eraikitzen, baina ez dute deus ere egin. Burlatak ere ez du presiorik egiten obrak has ditzaten». Lursaila Burlatako Udalarena da, baina auzo elkarteko kideen hitzetan, osasun etxea ez da «lehentasun» burlatarrentzat. Izan ere, Erripagañako biztanle gehienek Sarrigurenera jo behar dute medikuarengana, eta batzuek Mendillorrira.
15.000Zenbat biztanle izanen dituen Erripagañak. Oraindik eraikitzeko daudenak bukatzen dituztenean, 6.300 etxebizitza inguru izanen dira auzo osoan: 15.000 biztanle baino gehiagoko auzo bat izanen da Erripagaña.
Eskolara ere, Mendillorrira joaten dira Erripagañako haur gehienak, Elorrira. «Orain hasi beharko lukete gure auzoko eskola eta institutua eraikitzeko bidea; izan ere, nahiz eta orain lehentasun ez izan, aurrerago hala izanen dira», nabarmendu dute auzo elkarteko kideek.
Erripagañako karpan jolasean ari diren haurretako batzuen guraso dira Itziar Tres eta Haize Goñi Garcia, auzo elkarteko kide haiek ere; bat egin dute Errearen, Colasen eta Garciaren hitzekin, eta nabarmendu «bigarren edo hirugarren mailako herritarrak» direla. Goñik uste du udal bakarrak hartu beharko lukeela ardura; Tresek, berriz, «mugi daitezela» eskatu die laurei.