«Nola liteke proiektuak aurrera jarraitzea?». Galdera hori hainbat aldiz entzun da, Antonio Casas geologoak gidatuta, Greenpeace talde ekologistak Esan antolatu duen ibilaldian. Ekainaren 8an egin dute, eguzkipean. Ia hogei pertsonak parte hartu dute; sei kilometro inguru ibili dira, Esako urtegiko ezkerreko magalaren goiko aldera ailegatzeko. Handik egin diote so Lasaitasuna eta Esako Begiratokia urbanizazioak zeuden eskuineko magalari. Etxerik ez da jada, 2012. urteko lur mugimenduaren ondorioz denak hustu eta eraitsi baitzituzten. 2012koa ez zen izan Esako lurra mugitu zen lehen aldia; ezta azkena ere, eskuineko magala hilabetean, batez beste, milimetro bat mugitzen ari baita. Hala eta guztiz ere, urtegia handitzeko proiektuak aurrera jarraitzen du, poliki bada ere.
Zaragozako (Espainia) Unibertsitateko irakaslea da Casas, baina aski ezaguna Nafarroan, Itoizko urtegiaren eta Esakoa handitzeko lanen inguruan egindako lanengatik. Itoitzen, urtegia betetzeko lanak 2004an gertatutako krisi sismikoarekin lotzen lehena izan zen Casas; Esan behin eta berriz ohartarazi du urtegia handitzeko obrek eragindako arriskuaz. Greenpeacek antolatutako ibilaldian ere, geologoak mezu horri eman nahi izan dio garrantzia, eta arriskuaren berri eman du: «Esan ez dute inolako azterketa geologikorik egin obrak hasi aurretik; urtegiko bi magalak dira ezegonkorrak, eta ezin da segurtasuna bermatu».
ibilaldiko taldeak Esako karriketan hasi du bidea; Aragoi ibaia zeharkatzen duen zubia gurutzatu eta gero, mendian gora egin du, urtegiko ezkerreko magalaren goiko aldera ailegatzeko asmoz. Casasek paisaiak bidean eskaini dizkion aukerak baliatu ditu Esa inguruko ezaugarri geologikoetan sakontzeko. Errepidetik gertu, hain justu, muino txiki bati egin dio so geologoak, eta nabarmendu du hura Esako urtegiaren inguruko ezegonkortasuna azaltzen duen «gakoa» dela: «Esako flyscha dugu hemen; Iruñeko tuparriekin alderatuta, anitzez ere substratu geologiko ezegonkorragoa da. Biguna den substratu bat gogorra den bertze baten ondoan agertzen da beti; substratu bigun eta gogor pare bakoitzak inguru hau itsaso sakon bat zenean gertatutako mugimendu katastrofiko bat islatzen du, eta mugimendu katastrofiko horiek dira gaur egungo ezegonkortasunaren jatorria».
«Esako flyscha dugu hemen; Iruñeko tuparriekin alderatuta, anitzez ere substratu geologiko ezegonkorragoa da»
ANTONIO CASASGeologoa
Esako urtegia 1959an inauguratu zuten. Rene Petit ingeniariak diseinatu zuen, 480 hektometro kubo ur hartzeko. Aitor Balbas geologo iruindarrak ongi ezagutzen du Petiten lana, eta Esan egindako ibilaldian oroitu du ingeniariak erran zuela urtegia ezin zela handitu. Esa gehiago ez eta Rio Aragon elkarteen ekimenez, René Petiten amesgaiztoak izenburuko dokumentala egina du Balbasek, Eguzki Bideoak-ekin.
«Beldur handia emanen lidake handitzeak», ohartarazi zuen Petitek berak, 1980ko hamarkadan. Urtegia diseinatu zuenak hori erranda, ez da harritzekoa kezkak eta beldurrak hartzea Esatik beheiti bizi diren herritar anitz. Esa gehiago ez plataforma beldur hori antolatzeko asmoz sortu zuten, ezkerreko magalean lur mugimendu handi bat gertatu eta gero. 2006an gertatu zen hori, baina Zangozako eta inguruko herritarrek 2007ra arte ez zuten jakin.
Laurehun milioi baino gehiago
«Nola liteke proiektuak aurrera jarraitzea?». Casasen azalpenak entzun eta gero, ibilaldian parte hartu dutenei are zailago egiten zaie urtegia handitzeko lanak behin betiko bazter utzi ez izana ulertzea. Ebroko Ur Konfederazioa hasierako asmoak aldatuz joan da, eta, aldaketekin batera, aurrekontuak gora egin du, nabarmen. «Ehun milioi euro baino gehiago ziren hasieran, eta laurehundik gora gastatu dituzte jada», salatu du Casasek. Azken aldaketaren arabera, 47 milioi euro gastatuko dituzte; bertzeak bertze, eskuineko magala sendotzeko lanak egiteko.

Urtegia handitzeko hasierako proiektuaren arabera, Esak 1.500 hektometro kubo ur hartuko zituen. Asmo hori bazter utzi zuten, eta egungo proiektua 1.000 hektometro kubokoa da. Ur hori hartzeko, presa berri bat egin dute zaharraren ondoan. Material solteekin egindako presa bat dela azaldu du Casasek, baina hormigoizkoa duela gaineko geruza. Geruza horrek zaharrarekin bat egiten du, eta magaletan mugimenduak gertatuz gero apurtzeko arriskua badela azpimarratu du geologoak.
Arriskua. Hitz hori hamaika aldiz errepikatu du Casasek bidean, eta gogor salatu du urtegia handitzeko lanen arduradunek arrisku hori serio ez hartzea. Izan ere, Espainiako Gobernuak eskatutako azken txostenak agerian utzi zuen oso zaila dela frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik daudela. «Uste dugu hegalaren segurtasun faktorea 1 baino handiagoa dela», jaso zuen txostenak. «Etxebizitza bat eraikitzeko 2,5ekoa da gutxieneko segurtasun faktorea», gogoratu du Casasek.
Are gehiago, magaletako hainbat tokitan segurtasun faktorea 1etik beheitikoa dela salatu du Casasek, baina Ebroko Ur Konfederazioak aurrera segitu duela. «Abiadura da obra bazter ez uzteko oraingo aitzakia; mugimendua milimetro gutxikoa dela diote. Kontua da ezin dugula jakin abiadura noiz azkartu daitekeen. Arriskua hor dago, eta handia da». Casasek urtegiari so erran ditu azken hitzak. Esara itzultzeko bidean, hasierako galdera errepikatu dute batzuek eta bertzeek. «Nola liteke?».