Euskalerria Irratiak lagunekin ospatuko du 35. urteurrena

Besta bat eginen dute asteartean, Iruñeko Zentral aretoan bIrratiko kideek entzuleak, bazkideak eta kolaboratzaileak omenduko dituzte bProiektu berriak garatzen ari dira

EUSKALERRIA IRRATIA - LANTALDEA
Euskalerria Irratiko langileak, irailean, Iruñean, ikasturte hasieran. Zutik, ezkerretik lehena, Amaia Lasa; eserita, erdian, Juan Kruz Lakasta. EUSKALERRIA IRRATIA
edurne elizondo
Iruñea
2023ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Iruñerriko Euskalerria irratiak 35. urteurrena ospatuko du datorren asteartean, Iruñeko Zentral aretoan. «Musika eta hitza» uztartuko dituen «ekitaldi xume» bat antolatu dute irratiko kideek, Juan Kruz Lakasta koordinatzaileak kontatu duenez. Raimundo el Canastero eta Ibil Bedi taldeek eta Anari musikariak parte hartuko dute. Irratiak 35 urtez ondoan izan dituen entzuleak, bazkideak, iragarleak eta kolaboratzaileak omentzeko aprobetxatu nahi du datorren asteko besta.

Euskalerria Irratiak 1988. urteko azaroaren 7an egin zuen

lehendabiziko emanaldia, eta 2015era arte lizentziarik gabe aritu zen. Egoera horrek baldintzatu zuen Euskalerria Irratiko kideen egunerokoa, baimena lortu arte. «Oztopo lasterketa bat izan da gurea», nabarmendu zuen Reyes Ilintxeta esatariak hedabide horren 30. urteurrenean.

Azken urteotan, hain zuzen, lizentzia lortu izana sumatu da irratikoek egindako bidean. Langileen baldintzak duintzeko egindako ahalegina aipatu du Lakastak. «Irratiak aurrera egin du langileei esker, irratiaren aldeko apustua egin dutelako, baldintzak kaskarrak izan arren». Lakastak onartu du lizentziarik gabe egindako bide luzeak eman diola irratiari egun duen izaera: «Komunitatetik, komunitatearekin eta komunitatearentzat egindako irrati bat da gurea», azaldu du.

Bazterketaren eta erasoen aurka egin behar izanak «borrokaren ikur» bilakatu du Euskalerria Irratia, bai eta «garaipenaren ikur» ere, lizentzia lortu eta gero. Irratiko zuzendari eta sortzaile Mikel Bujandak esparru horretan egindako lana nabarmendu du Lakastak, hain zuzen ere.

Molde berriak

Euskalerria Irratiak komunikazioaren esparruan gertatu diren aldaketei ere aurre egin behar izan die, eta azken urteotan urrats sendoak egin ditu egungo moldeetara egokitzeko. 35. urteurrenak «indar betean» harrapatu du irratia, Lakastaren hitzetan: «Digitalizazioa egin dugu, eta bideokamera digital eta adimentsuak ere jarri ditugu estudioan».

Irratia kontsumitzeko moduak ere aldatu direla erantsi du irratiko koordinatzaileak, eta modu berri horiei erantzuteko sortu dituztela, ohiko saioekin batera, eduki berriak. Zenbait podcast eta bideopodcast sustatu eta sortu ditu Euskalerria Irratiak, hain zuzen, eta, haien bidez, kolaboratzaile talde berri eta gazte bat erakarri du proiektura; Danel Pascualek eta Eneko Garciak Flop kultura izenburuko bideopodcasta zuzentzen dute, pop kulturari buruz; eta Ion Celestino eta Amets Aznarez musikaz aritzen dira Irratiak ordaintzen digu trena izenburukoan.

Zertarako hau ikasi? izeneko podcasta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean sortu du Euskalerria Irratiak. Graduondoko bost ikaslek egiten dute, historiari, memoriari eta ondareari buruz. Konpainia karrikako amesgaiztoa, berriz, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin batera ondu dute.

Komunikazio proiektu bat

«Jada ez gara irrati hutsa; orain, proiektu multimedia bat gara, komunikazio proiektu bat», nabarmendu du Amaia Lasa Euskalerria Irratiko teknikariak.

Teknikaren arloan, hain justu, anitz sumatu da azken hamarkadetako bilakaera, eta Lasa gertatu diren aldaketa horien lekuko izan da. 1992. urtean hasi zen Euskalerria Irratian lanean. «Bobina irekiak erabiltzen genituen, eta musika biniloan jarri. Izugarri aldatu da dena».

Lasak erantsi du ez dela beti erraza izan digitalizazioak eragindako aldaketetara egokitzea. Balioa eman nahi izan dio, gainera, irratian hasi zenetik ikasitakoari: «Irrati kultura bat barneratu dugu».

35 urteko bidea egin du Euskalerria Irratiak, baina, bide hori ospatzeko, «etorkizunari» so egin nahi dio hedabide horrek. Horixe nabarmendu du Juan Kruz Lakasta koordinatzaileak, eta kontatu du irratia prest dela «orain arteko urratsik garrantzitsuenetako bat» egiteko. «Oraindik ezin dugu zehaztu, baina jauzi handia izanen da irratiarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.