Lehengo lepotik burua. Hizkuntza politikari dagokionez, berritasun gutxi ekarri ditu 2025. urteak Nafarroara. Lerroburu handien gainetik, azken urteetako joerak sendotu direla sumatu da aurten. Onerako eta txarrerako. Ezintasunen multzoan sartu dira administrazioari dagozkion zenbait kontu: hala nola aurten indarrean sartutako merezimenduen dekretua, Faltzesen eta Corellan D ereduari jarritako trabak eta Foruzaingoak euskaldunei emandako «tratu iraingarria». Balantzaren beste aldean, berriz, bi argi errainu: helduen euskalduntzearen doakotasunean emaniko aurrerapausoak, batetik, eta herritarrek —bereziki eremu ez-euskaldun deritzon horretan— behin baino gehiagotan erakutsi duten erresilientzia eta elkarlana.
Dekretua, kimatuta
Nafarroako Gobernuak iazko hondar egunetan onartu zuen 97/2024 Foru Dekretua —merezimenduen dekretu deritzona—, baina, praktikan, aurtengo urtarrilean jarri zuen martxan. Polemikaz heldu zen araua, haren kontra azaldu baitziren, euskalgintza eta sindikatuak ez ezik, PSN ez beste gobernukide guztiak ere. Dekretua indarrean sartu eta hamar hilabetera, ordea, epaileek baliogabetu egin zituzten haren bi artikulu, ELA eta Steilas sindikatuek aurkeztutako errekurtsoa onartuta.
Zehazki, 4.1 eta 4.2 artikuluak bota ditu atzera auzitegiak: Osasunbideko oposizio lehiaketetan eta lekualdatze prozesuetan hautagaien merezimenduak arautzen zituztenak, hain zuzen. ELAk eta Steilasek ohar bidez azaldu zutenez, dekretuak «mugak» jartzen dizkio euskararen balorazioari lan deialdi horietan, baina ez du gauza bera egiten ingelesari, frantsesari eta alemanari dagokienez.
Epaileek onartu egin zuten argudio hori, eta araua partzialki baliogabetu. Ikusteko dago, ordea, zer eginen duen gobernuak orain: dekretu berri bat hutsetik ondu ala adabaki bat jarri bi artikulu horiek utzitako hutsunea nolabait berdintzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak kautelaz hartu zuen epaia. Erakunde horren irudiko, sententzia horrek «azaleratu» egin zituen merezimenduen dekretuak dituen gabezietako batzuk, baina ez zituen aitortu «ardatzekoak diren beste hainbat». Horiek horrela, talde politikoak premiatu zituen abagunea baliatzera, «dekretuaren berridazketa mugatu ez dadin azaleko edukiak zuzentzera». Beste dekretu bat nahi du euskalgintzak, eta ez adabaki bat: «Lehen mugarria, nafar guztiei eskubide guztiak aitortuko dizkien aldaketaren bidean».
Faltzes eta Corella
Eremu ez-euskaldun deritzon horretan euskarazko hezkuntza publikoa zabaltzeko trabak: horra 2025ean segida izan duen beste joera zahar bat. Aurten, Faltzes eta Corella herrietako guraso taldeek atera behar izan dute kalera, aurretik Larragan, Mendigorrian, Lerinen eta Castejonen egin zuten bezala. Salatu dute D ereduko lerro bana zabaldu nahi dutela beren herriko eskola publikoan, baina Hezkuntza Departamentuaren ezezkoa jaso dute kasu guztietan.
Faltzesen, maiatzean egin zuten agerraldia. Orduko hartan esplikatu zutenez, 11 familiak eskatu zuten D ereduko lerroa irekitzea 2025-2026 ikasturtean herriko Doña Alvara Alvarez ikastetxe publikoan. Faltzesko Udalak eta ikastetxeko zuzendaritzak oniritzia eman zioten proiektuari. Alabaina, Hezkuntza Departamentuaren atea jotzean agertu ziren arazoak: «Aldaketak egiteko beharrezko eskaerak egin arren, ez ziguten onartu Faltzesko ikastetxea D ereduko eskaintzaren barruan sartzea». Honatx Nafarroako Gobernuak eman zuen arrazoia: 2031-2032 ikasturtera bitarteko antolaketa aurreikuspenen arabera ikastetxean ez dagoela «leku fisiko nahikorik» D ereduko lerroa irekitzeko.
Leku arazo horiek, baina, berehala desagertu ziren, Nafarroako Gobernuko aurrekontuen negoziazioan. Izan ere, iragan urrian, Geroa Bai koalizioak jakinarazi zuen Faltzesen D eredua zabaltzea galdegin ziola gobernuari negoziazio horien barruan, eta Nafarroako Gobernuak men egin ziola eskaerari. 2026-2027 ikasturtetik aurrera jarriko dute martxan euskarazko lerroa.
Corellako kasua antzekoa izan zen: irailean jakinarazi zutenez, 11 familiak egina zuten eskaera Ciudad de Corella ikastetxe publikoan euskarazko lerro bat zabaltzeko, baina Hezkuntza Departamentuak atzera bota zuen. Datorren ikasturterako eskaera egin dute gurasoek, eta ikusteko dago administrazioak zer erantzunen duen.

Urteko albiste pozgarrietako bat helduen euskalduntzearen esparrutik heldu da. Abuztuan, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen inoiz baino diru laguntza handiagoak emanen dizkiela aurten euskara ikastaroren bat egiten dutenei. Laguntzen igoera horri esker, A1 maila egiten dutenei matrikularen %100 itzuliko diete. Gainontzeko mailetan, berriz, ikasleek 475 eurorainoko diru laguntzak jaso ahal izanen dituzte aurrez aurreko ikastaroetan, eta laguntza horiek bateragarriak izanen dira toki entitateek ematen dutenarekin. Ikasleek bi baldintza bete behar dituzte dirua jasotzeko: batetik, ikastaroaren matrikula aurretik ordaintzea, eta, bestetik, eskoletara joan izanaren agiria aurkeztea. Datozen ikasturteetan, A2 eta B1 mailetara ere hedatu nahi dute ikastaroen doakotasuna.
Erriberatik hauspoa
Nafarroako hegoaldean —Erribera aldean batez ere—, euskararen alde sortu den olatuak ere zeresana eman du azken hilabeteetan. Euskaltegi taldeen eta D ereduko ikastetxeetako gurasoen arrimuan sortu dira elkarte berri asko, eta aspaldi ikusi gabeko mugimendua nabari da zenbait herritan. Horren erakusgarri da martxoan aurkeztutako Erriberan Euskaraz taldea. Eskualdeko hamaika norbanako eta elkartek sortu dute, irabazi asmorik gabeko proiektu gisara. Euskara Erriberan sustatzea dute helburu nagusia, eta, bide horretan, maiatzean egin zuten lehen urratsa: Erriberako Euskararen I. Eguna.
Zenbait udalerritako herritarrak eta taldeak batu dira egitasmora: Arguedas, Cabanillas, Castejon, Corella, Fontellas, Milagro, Tutera eta Alesbes herrietakoak, hain zuzen. Hala ere, Erriberan Euskaraz elkarteko kideek gogorarazi dute ateak zabalik dauzkatela Erriberako gainerako herriek ere: «Parte hartzeko deia egin nahi diegu beste udalerri batzuetako pertsona eta elkarteei ere. Guk dugun ilusioa kutsatu nahi diegu», azaldu zuen elkarteko kide Leire Legarretak, aurkezpen egunean.
Euskararen aldeko gainerako ekitaldiek ere arrakasta handia lortu dute aurten, hala nola Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez-ek, eta Sortzen elkarteak Iruñeko Takonera parkean euskal eskola publikoaren alde eginiko festak.