Fanzineak, eta horien bueltan sortzen diren hausnarketak, ideiak eta harremanak dira Pumpk Iruñeko autoedizio jaialdiko protagonistak. Nahi beste forma, kolore eta estilo izan ditzakete fanzineek, eta askotariko gaiak jorratu: esate baterako, bizipen pertsonalak, borroka sozialei loturiko gaiak eta kulturako alderdiak. Iruñeko Ziudadelako Arma aretoan izanen da jaialdiaren bosgarren aldia; gaur 16:00etatik 20:30era, eta bihar, larunbatarekin, 11:00etatik 20:30era. Autoedizioaren inguruko azoka, soinu ekintzak eta solasaldiak antolatu dituzte.
2015ean hasi zen jaialdia, autoedizioaren eta komiki independenteen gorakadarekin batera. Hasieran, zortzi bat lagun ziren lantalde motorrean. 2019an egin zuten azken aldiz jaialdia, baina, zenbait arrazoi dela medio, geldirik egon da ordutik. Aurten, talde berria osatu dute: Andrea Ganuzak, Idoia Zalguizurik, Mikel Irurek eta Maite Redondok. Lehenengo biek aurreko aldietan parte hartu zuten, eta azken biak aurten batu dira. Ganuzak adierazi du «oso desberdina» izanen dela oraingoa: «Gu aldatu egin gara, eta jaialdia ere bai. Hasi ginenean, feminismoez hitz egiten genuen, eta albo batera geratzen zen queer mugimendua. Orain, dena askoz queerragoa da».
Hala ere, helburua ez da aldatu; Ganuzaren esanetan, topaleku bat izatea nahi dute. «Nik beti izan dut Iruñetik kanpo joateko joera. Pumpk jaialdia egitean, nolabait, ereiten ari gara, interesa duen jendea hurbiltzeko». Eta festibala bi egunekoa izatea erabaki dute, izatez, hain justu ere parte hartzaileek elkar gehiago ezagutzeko aukera izan dezaten. «Pumpk elkar ezagutzeko eta ideiak batzeko gune bat izan daiteke. Hori ederra da», nabarmendu du Irurek.
Egitarau zabala prestatu dute. Alde batetik, berrogei sortzaile inguruk parte hartuko dute azokan. Iruñetik kasurako: Miren Asiain Lora margolari eta ilustratzaileak, Adam Kozinski ilustratzaileak, Iruñeko Arte Eskolako estanpazio tekniken ikasleek eta El Hadji guneko serigrafia taldeak parte hartuko dute. Horrez gain, Donostiako Guillotina azokako kideak, Bilboko Raisa Alava ilustratzailea eta artista, Valentziako Ediciones Valientes eta Bartzelonako Ediciones del Pubis argitaletxeak, Madrilgo San Delfin eta Santiago de Caliko (Kolonbia) La Linterna inprentak egonen dira. «Marra gorri bat ezarri genuen izen ematea egiteko: denek gutxienez fanzineak izan behar zituzten. Horrez gain, lan egiteko estilo desberdinen bila ibili gara», kontatu du Irurek.
«Jaialdiek indarra hartu dute, baina fanzineek galdu. Horregatik ematen diegu garrantzi handia»
ANDREA GANUZA Pumpk jaialdiko antolatzailea eta artista
Taldearentzat oinarrizkoa da fanzineei dagokien arreta ematea. Ganuzak azaldu duenez, kezkatuta daude, uste baitute gutxiago sortzen direla: «Jaialdiek indarra hartu dute, baina fanzineek galdu. Horregatik ematen diegu garrantzi handia. Orain merchandising, kamiseta eta horrelako produktu gehiago egiten ditu jendeak, eta fanzine gutxiago». Gainera, saltzeko leku «gutxi» daudela azaldu du: «Zeramika eta horrelako lan ederrak egiten dituzten pertsonak daude, baina badira horretarako propio sortutako azokak. Azoka askotan postua ordaindu behar duzu, eta gurean ez. Gure helburua da gasturik ez eragitea, eta hiru eurotan saldutako fanzineekin etorri ahal izatea. Gaur egun, zein leku daude horrelakoak? Gaztetxeak desagertzen ari dira, eta espazio publikoa geroz eta okerrago dago».
Eztabaidarako leku
Azokaz aparte, lau mahai inguru antolatu dituzte: Landa grafikoaren kimuak; Editore gobernaezinak eta beste utopia batzuk; Paper beroak: Inprentak eta disidentziak; eta Komiki esperimentala: ur sakonen azpian. Lehena euskaraz izanen da, gaur 17:00etan. Landa eremuan sortzeaz mintzatuko dira, eta Maite Mutuberria, Ines Alba eta Garazi Inziarte sortzaileak izanen dira hizlariak. Ganuzak nabarmendu du «garrantzi handia» ematen diotela solasaldiei: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu eztabaida sortzea. Interesatzen zaizkigun edo ekarpenen bat egin dezaketen gaien inguruan gogoetatzeko topaleku bat izatea nahi dugu. Ikuspegi grafikotik, Iruñean ez dago mugimendu handirik». Bi soinu ekintza ere egingo dituzte: Sonido del fin (Amaieraren soinua) eta Sudor compartido (Izerdi partekatua).
Hasieratik autogestioan oinarritutako jaialdi bat izan da Pumpk, eta horrek «askatasun handia» ematen duen arren «energia handia» eskatzen duela dio Ganuzak. Aurten. Iruñeko Udalaren babesari esker, jaialdia egiteko lekuaz gain, laguntza ekonomikoa ere jaso dute. Horrek eman die bide, esate baterako, hizlariei eta soinu teknikariei ordaindu ahal izateko: «Ez genekien aukerarik izanen genuen, baina saiatu nahi genuen. Urte luzez militantziagatik etorri den jendea zaintzen saiatu gara, eta inor aberastuko ez den arren, nolabait duindu egin nahi genuen hau». Orain arte jende askok musu truk egindako lanari esker atera da aurrera jaialdia: «Azkenean, urte asko daramatzagu kultur proiektu ugari gogo handiz egiten ditugulako, baina noiz arte eutsiko diogu gogo horri?».

Lehen, jaialdia Jazarren egiten zuten. Sortzeko eta kultura sustatzeko espazio autogestionatu bat zen Jazar, eta Jaso ikastola zaharraren eraikinean zegoen. 1999tik hutsik zegoen eraikina, eta 2014an artearentzako leku bihurtu zuten. 2021ean eraikina hustu behar izan zuten, ez zietelako kontratua berritu, eraikina egoera onean ez zegoela argudiatuta. Ganuzak eta Irure penaz mintzo dira espazioa desagertu delako, eta abuztuan eraikina erre zelako. «Pumpk existitzen da halako leku batek aukera eskaintzen zigulako horrelako zerbait egiteko. Lehen ez ziguten horrelako proiekturik finantzatuko», esan du Ganuzak.
Nabarmendu dute udalek horrelako festibalak babestea garrantzitsua dela, eta Iruñeko Udalak aurtengo aldian lagundu izana eskertu dute. Hala ere, uste dute proiektu autogestionatuak sustatzeko aukera gutxi daudela. «Faltan sumatzen ditugu espazio autogestionatuak, eta baita hasi berriak diren proiektuei aukerak ematea ere», gaineratu du Ganuzak.