Hainbat urtetako proiektua izan da El barrio en el centro. Medio siglo de movimiento vecinal en el Casco Viejo de Iruña [Auzoa erdigunean. Mende erdia Iruñeko Alde Zaharreko auzo mugimenduan] Helena Bengoetxea kazetariarentzat (Iruñea, 1967). Iruñeko Alde Zaharreko AZ sareak sustatu du liburua, auzoaren memoria jasotzeko. Bengoetxeak gaztelaniaz idatzi du, baina hainbat eragilek euskarazko testuak gehitu dizkiote —Sagrario Alemanek, Alberto Barandiaranek, Saioa Alkaizak, Imanol Satrustegik...—, auzoari buruzko beren ikuspuntua azaltzeko.
Auzoa erdigunean. Hala da? Iruñeko Alde Zaharra erdigunea da?
Auzo mugimendua sasoiko dagoela iruditzen zait, oso garai interesgarria dela oraingoa. Lortu dute hainbat belaunalditako jendea elkarrekin aritzea. Kolektibo askotan gazte gutxi dago, baina Alde Zaharreko mugimenduan kontrakoa gertatzen da. Pandemiaz geroztik, AZ sareak bultzatutako gogoeta sakona egin dute, zer-nolako auzoa nahi duten landu dute. Garbi dute denen artean egin behar dutela lan, nahi duten auzo eredua lortzeko.
Zer arazo identifikatu dituzte?
Etxebizitzaren auzia da arazo nagusietako bat, eta okerrera egin du azken boladan. Zarata ere arazo iturri da, aspalditik. Gainera, gentrifikazio prozesu bati egin behar diote aurre. Auzoa horretan ari da, eta azken kanpainetan auzi hori salatu dute. Gazte mugimenduak eta auzoko beste eragileek bat egin dute lan horretan. Alde Zaharra hiriaren bihotza da, baina, aldi berean, herritar askoren bizitokia, eta komunitate izaera hori sakona da.
«Alde Zaharra hiriaren bihotza da, baina, aldi berean, herritar askoren bizitokia, eta komunitate izaera hori sakona da»
Bizilagunekin batera, auzoko denda txikiak ere badira Alde Zaharrak duen izaera berezi horren parte?
Bai, baina gero eta gutxiago daude. Betiko tabernak eta dendak ixten ari dira, eta beste edozein hiritan egon daitezkeen negozioak zabaltzen. Betiko denda batzuek lortu dute eustea, eta merkatua biziberritzeko proiektu bat ere lantzen ari dira auzoan.
Iruñeko Udalaren agendan zer toki du Alde Zaharrak?
Auzo mugimenduko kideek esana da administrazioarekin duten harremana zaila izan ohi dela. Egia da Joseba Asironen aurreko agintaldian eta oraingoan errazagoa izan zaiela hitz egitea, baina horrek ez du esan nahi hitz egindakoak gero betetzen direnik. 2016an, adibidez, Alde Zarra arian-arian kanpaina egin zuen udalak, eta prozesu hartan proposatutako gauza gehienak ez ziren egin.
50 urteko auzo mugimendua landu duzu. Zer gako nabarmenduko zenituzke hamarkada horietan?
Gauza asko gertatu dira 50 urtean, eta nik, bat edo beste nabarmendu beharrean, azpimarratuko nuke auzo mugimenduak eutsi egin diola; auzo mugimenduak aurrera egin du, eta, hainbat arlotan, aitzindari izan da. 2003an, adibidez, auzoko plan komunitarioa osatzeko lehen bilera egin zuten. Hamar urteko lana izan zen; auzoko agente guztiak inplikatu ziren, auzoa bere osotasunean hartuko zuen plana osatzeko. Orain herritarren parte hartzea sustatzeko prozesuez mintzatzen da administrazioa, baina Alde Zaharrean aspaldi hasi ziren bide horretan.
Pixka bat lehenago, 2001ean, Gazteluko plazako lur azpiko aparkalekua eraikitzeko lanak hasi zituzten, eta Alde Zaharra kontra altxatu zen.
Bai. Euskal Jai gaztetxea eraisteko lanek ere kalera atera zituzten auzokideak. Okupazio eta gazte mugimenduak auzo mugimenduarekin uztartu dira. Gainera, 2015etik aurrera, AZ ekimenaren sorrerak are gehiago sustatu du saretze hori. Borroka jakinez harago, inportanteena da auzo mugimendua gai izan dela pentsamendu politikoa garatzeko.
Horrek auzo izaera nabarmendu du?
Uste dut auzo izaera hori sendoagoa dela Alde Zaharrean beste auzoetan baino. Alde Zaharra asko aldatu da; garai batean auzo nahiko pobrea zen, eta populazioa, oso zaharra. Testuinguru horretan sortu zen Aldezar elkartea, haurrekin lan egiteko. Elkartearekin bat egiten zuten ume horiek begirale bilakatzen ziren nerabezaroan; horrek lotzen zituen auzora, auzoa sendotzeko prozesuetara. Denen artean sendotu nahi dute auzoa.
«Borroka jakinez harago, inportanteena da auzo mugimendua gai izan dela pentsamendu politikoa garatzeko»
Auzoko biztanleria anitz aldatu da; bertzeak bertze, migrazioaren eraginez. Kanpotik etorri diren auzokideak sartu dira denak horren barruan?
Badira bi proiektu benetan askotarikoak eta jatorri askotariko jendea inplikatu dutenak: bat Piparrika baratze komunitarioa da, eta bestea, Haritu —etxebizitza sindikatu bat da, besteak beste—. Ikuspuntu politiko bat dute, ez baitute lan asistentziala egin nahi. Denen artean egin nahi dute lan, eta horretan ari dira.
Zer erronka ditu auzoak orain?
Turistifikazioari aurre egitea da nagusietako bat. Auzo mugimenduak bizitzeko auzo eredu bat nahi du, eta horren alde urratsak egiten segitu nahi du. Denen artean eraiki nahi dutela esaten dugunean, argi dago auzokide guztiak ez direla sartzen, batzuentzat auzo mugimendua ez baita haien ordezkari izanen. Liburu honen asmoa da, hain zuzen, esparrua zabaltzea: idatzitakoak sor dezala eztabaida. Gerora begirako solasaldiak sortu nahi ditugu liburuaren bidez. Memoria jaso, eta gerora begirako urratsak egin.