Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gida bat ondu du basogintzaren esparruko lan arriskuen inguruan, helburutzat hartuta mendian egurra mozten eta biltzen aritzen diren langileen artean istripuak gutxitzea. Gainera, jardunaldi bat egin du erakunde horrek, gidan jasotakoak basogintzaren arloko Nafarroako enpresetako arduradunei aurkezteko. Urtarrilaren 15ean egin zuten, Ademan Nafarroako Basogintzaren Arloko Enpresen Elkartearen egoitzan, Iruñean.
Datuei so, azken urteotan lan istripuek behera egin dute basogintzaren alorrean. Datuek, baina, ez dute errealitatea ongi islatzen, egun duela urte batzuk baino anitzez langile gehiago ari baitira basogintzan Nafarroako mendietan. Zehazki, 338; haietako 307 gizonak dira, eta 31 emakumeak. Duela hamar urte, 2016an, 57 langile baino ez zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda, eta 39 istripu gertatu ziren urte hartan. 2025ean, basogintzako bi langile zendu ziren herrialdean.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko teknikari Gixane Grau, Gotzon Perez eta Gaiz Sad aritu dira gida aurkezten. Grauk azaldu du basogintzaren arloko istripu gehienak (%46) zuhaitzak mozteko orduan gertatzen direla, eta langileek erabiltzen dituzten makinen artean, motozerrak direla istripu gehien eragiten dutenak (%56). «Prebentzioa landu nahi izan dugu gidaren bidez, eta informazioa zabaldu enpresen eta langileen artean», erantsi du. Izan ere, Grauk aipatu du enpresa eta langile anitzek ez dutela argi lan osasunaren arloko teknikarien zeregina zein den: aholku eta laguntza teknikoa ematea da haien lana, lan arriskuei aurrea hartzeko eta langileen osasuna babesteko eta sustatzeko. Zigortzeko ahala, berriz, Espainiako Gobernuaren menpe aritzen diren lan ikuskatzaileen esku da.
Teknikarien bisitak
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko teknikariek bisitak egiten dituzte basogintzako enpresek herrialdeko mendietan egiten dituzten lanetara, bertatik bertara aztertzeko zer-nolako arriskuak dauden. Nabarmendu dute arrisku horiek prebenitzeko hartu beharreko neurriak ez direla beti indarrean egoten. Iruñean egindako jardunaldian, hain justu, hango eta hemengo mendietako lanetan egindako argazkiak erakutsi dituzte, eta agerian utzi egoera «kezkagarria» dela anitzetan. «Arazo nagusia izan ohi da egurra mozteko eta biltzeko lanak inolako plangintzarik gabe egiten dituztela. Plangintzarik ez izateak, anitzetan, istripu bat eragin dezake», azaldu du Gotzon Perezek. Lanaren esparruan, enpresarena da langileen segurtasunaren ardura.
«Arazo nagusia izan ohi da egurra mozteko eta biltzeko lanak inolako plangintzarik gabe egiten dituztela»
GOTZON PEREZ Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko teknikaria
Batetik, teknikariek azpimarratu dute langileek ez dituztela beti behar bezala erabiltzen norbera babesteko ekipamenduak, edo ekipamendu zaharrak edo hautsiak baliatzen dituztela lanean. Bertzetik, ohartarazpen bat egin dute langileek erabili beharreko makinei buruz: «Ikusi izan ditugu egoera kaskarrean dauden motozerrak eta aterik gabeko traktore eta egurra arrastatzeko makinak, bertzeak bertze», zehaztu du Perezek.
Teknikariak gaineratu du badaudela kontuan hartu beharreko bertze elementu batzuk, hala nola lan egin beharreko mendi eremu bakoitzaren ezaugarriak; adibide gisa, Perezek aipatu du gehiegizko malda bat izanez gero, lan istripu bat izateko arriskua areagotu egiten dela. Lan egin bitartean egurra non pilatzen den, horren arabera ere handitu daiteke arriskua: «Toki egokia bilatu behar da, moztutako egurrak eror ez daitezen». «Oinarrizko» kontu bat izan arren, anitzetan enborrak erortzeko arrisku handiko tokietan pilatzen dituzte, teknikariak berretsi duenez.
Iruñean egindako jardunaldian basogintzaren arloko hainbat enpresatako kideek parte hartu dute. Eskertu dute gida argitaratu izana, eta administrazioari eskatu diote lur publikoetan egin beharreko lanetan behintzat jaso ditzala segurtasun neurriak lan horiek adjudikatzeko baldintzetan. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko teknikariek berretsi dute aholkuak eta informazioa ematea dutela egiteko nagusia, baita enpresak laguntzea ere segurtasuna bermatzeko bidean.