Gimnasio ibiltaria Pirinioetan

Landa eremuan ariketa fisikoa egiteko eskaintza izateko eta Pirinioetako herriak biziberritzeko asmoz, Mogie Gim izeneko gimnasio ibiltaria sortu du Aritz Carballo Ernagak.

Aritz Carballoren Mogie Gim gimnasio ibiltariaren erabiltzaile batzuk, abuztuaren 20an, Abaurregainean. JON URBE / FOKU
Aritz Carballoren Mogie Gim gimnasio ibiltariaren erabiltzaileak, abuztuaren 20an, Abaurregainean. JON URBE / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barra olinpikoak, bumper diskoak, halterak, pisuak eta beste gauza asko daramatza Aritz Carballo Ernagak Mogie Gim gimnasio ibiltarian. Auñamendiko kultura, kirola eta aisialdia kudeatzeko bulegoko kirol teknikaria da, eta herriz herri «aisialdi osasuntsua» sustatzea eta landa eremuko herritarrak aktibatzea du helburu. Horretarako, eskolak ematen ditu Aezkoan, Artzibarren, Erroibarren eta inguruko herrietan. Gimnasioa uztailaren 14an jarri zuen martxan, eta oraingoz, irailaren 12ra arte izango da abian.

Aurizperrikoa da Carballo, eta inguruan dauden beste zerbitzu eta proiektu batzuk hartu ditu erreferentziatzat. Adibidez, Aurizperriko liburutegiak, egoitza finko bat izateaz gain, herriz herri ibiltzen den furgoneta bat ere badauka. «Oso polita litzateke gimnasio ibiltariaz gain gimnasio fisiko bat izatea. Behar handia dago», esan du Carballok. Pirinioetan martxan jarritako hori da Hego Euskal Herrian dagoen gimnasio ibiltari bakarra, eta Argentinako Movil Fitness proiektua dauka eredutzat: «Haiek sortu zuten ideia. Gurdia Espainian dagoen gimnasio ibiltari bakarrari erosi diot, Movex Gym-i».

(ID_15239283) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-08-20, Abaurrea gaina. Aritz Carballok Herriz herri mugitzen den gimnasio bat sortu du
Aritz Carballo, herriz herri mugitzen den Mogie Gim gimnasioaren sortzailea. JON URBE / FOKU

Gimnasio ibiltariaren bidez indar gimnasia eta cross training-a lantzen ditu. Lehena makalduta dauden gorputzeko atalak indartzeko ariketak egitean datza. Bigarrenean, berriz, indarra, erresistentzia, bihotz-biriketako gaitasuna eta mugikortasuna uztartzen dituzten ariketak egiten dira. Indar gimnasiako saioetan, helduek eta zaharrek parte hartzen dute bereziki, eta cross training-ean, berriz, gazteek. Carballoren xedea da gimnasioa denentzako modukoa izatea: «Metodologia bati eta egitura bati jarraitu arren, ariketa bat proposatzen dudanean helburu nagusia izaten da asmatzea nola egokitu edonork egin ahal izateko, betiere gorputza eta giltzadurak bortxatu gabe».

Bestalde, nabarmendu du beste gimnasio batzuekin alderatuta «ikaragarria» dela emakumeen parte hartzea. Uste du Lakorri, Gure Aizpea eta emakumeen bestelako elkarteen babesak eta parte hartzeak eragina izan duela horretan. «Inguru honetan, gizon batzuek oso pentsamendu zaharkitua daukate. Egurra eta belarra mozten-eta etengabe mugitzen direnez, uste dute ez dutela behar, baina gero bizkarreko eta belaunetako mina etortzen da», esan du Carballok. 

«Ariketa bat proposatzen dudanean, helburu nagusia izaten da asmatzea nola egokitu edonork egin ahal izateko» 

ARITZ CARBALLO Mogie gimnasio ibiltariaren sortzailea

Gaineratu du landa eremuan ohikoak diren lanak egitean gorputza «bortxatu» egiten dela, eta horregatik garrantzitsua dela indar funtzionala lantzea. Eguneroko lanak errazteko asmoz, gihar oroimena, indarra, zalutasuna eta oreka garatzen dituzten mugimendu patroiak lantzea. «Gorputza osasuntsuago egoteko modu bat da. Mugikortasuna galtzen ari garen gorputz atalak lantzen ditugu. Ez dugu kulturista baten indarra lantzen», adierazi du antolatzaileak.

Proiektuak ilusioa pizten dio Carballori, besteak beste aurrerantzean ere herrian bizi nahiko lukeelako. Izan ere, despopulatze arriskuak eta aisialdi osasuntsurako aukera gutxi izateak kezkatzen dute: «Ematen du tabernan edaten edo jatetxean jaten eta erretzen gabiltzala beti. Ez dago kirolaren inguruan aisialdi osasuntsurik». Bestalde, iruditzen zaio kirola sozializatzeko eta bizi kalitatea «hobetzeko» tresna ere izan daitekeela. Izan ere, «askok» ez daukate nola mugitu herri batetik bestera, eta gimnasio ibiltariari esker plazara hurbildu besterik ez dute. Auñamendiko kultura, kirola eta aisialdia kudeatzeko bulegoak antolatzen dituen gainerako jardueretarako, garraio zerbitzua eskaintzen dute.

Bidea egiten

Carballok txikitatik argi izan du kirol munduan lan egin nahi duela. Arlo horretan trebatu da; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Entrenamenduko eta Kirol Errendimenduko Masterra egin ditu. Kontatu du ideiak argi izan arren ez dela erraza izan proiektua aurrera ateratzea, ezin izan baitu diru laguntzarik eskatu. Horregatik, publizitate akordioak lotu ditu tokian tokiko negozioekin, eta inguruko elkarteekin elkarlanean dabil.

Nabarmendu du «asko eskertzen» duela jendearen babesa, eta «pozik» dagoela nola erantzun duten ikusita: «Aldi berean, ohartzen naiz nik urtean zehar beste lan batzuk ditudalako funtzionatzen duela gimnasioak. Bestela, ezingo nintzateke honetan aritu». Adibidez, Eutsi Pirineoa izeneko proiektuan ere lan egiten du. Haren helburua da zahartze «aktiboa» eta «osasuntsua» sustatzea, ariketa fisikoaren bidez. Urtez urte indar funtzionalari loturako ariketa gehiago sartu ditu.

Eman dituen datuen arabera, udan 190 pertsona inguruk parte hartu dute bulegoak antolatutako jardueretan, horietatik erdiek baino gehiagok gimnasio ibiltarian: «Ikaragarria da horrenbeste jendek parte hartzea. Inguruko herriak oso txikiak dira, dispertsio handia dago eta despopulatze arriskuan daude». Urte guztian eutsi nahi lioke egitasmoari, baina uste du «zaila» izanen dela neguan gimnasioa martxan edukitzea, hotza eta eguraldia direla eta. Gainera, neguan orokorrean jende «gutxi» bizi da inguruan. Saioetan parte hartzen dutenen bi heren inguru Iruñerrian edo inguruan bizi dira. Alabaina, interes «handia» dagoen herrietan —Abaurregainean, adibidez—  neguan ere jarraituko du agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.