Paperez beteriko karpeta batekin agertu da Miguel Ulaiar Mendiola Etxarri Aranazko Larrañeta elkartera. Etxarriarra da, eta Sakanako Mendizaleak taldearen sortzaileetako bat. Karpetan, besteak beste, taldeko lehenengo afixa, hasierako ibilbideak eta aldizkari batzuk ditu. Ilusioz seinalatu du egindako lehen ibilbidea: Valdezcaray [Errioxa, Espainia]. 1985eko abenduaren 8an izan zen. Guztira, 88 pertsonak eman zuten izena, eta gastua 52.800 pezetakoa izan zen. Gero, Belagua eta Candanchu. Jende kopuru aldetik arrakastatsuena Candanchu izan zen: 155 lagunek eman zuten izena. Egun, batez beste, berrogei lagun inguru elkartzen dira.
Taldea sortzeko ideia Etxarri Aranazko Udaberri elkartetik atera zen: «1985. urtea baino bi edo hiru urte lehenago, Candanchu, Astun eta Belagua egin genituen. Ikusita jendea apuntatzen zela, eta gustura joaten zela, deialdi bat egin genuen batzar bat egiteko mendian ibiltzen ginenon artean». 1985eko azaroaren 15ean egin zuten bilera, eta asmoa zen hilean behin mendi irteera bat egitea: «Ordutik hemen gara. Autobusez egitearen gauza on bat da toki batetik joan eta beste batetik itzul zaitezkela. Merkeagoa da, erosoa, jende gehiago izaten da, eta giro ona».
Ulaiar hasierako presidentea izan zen, 11 urtez. Laneko zenbait kontu tarteko, presidente izateari utzi zion, eta, duela hiru urte, kargua hartu zuen berriz. Duela hiru urtera arte, hain zuzen, Pello Ruiz Bordegarai lakuntzarra izan da presidentea: «Helburuetako bat mendian giro euskaldunean aritzea zen. Herri bakoitzean arduradun bat zegoen izena hartzeko. Aurreko ostegunean bilera egiten genuen dena prestatzeko. Aparte, irteerako arduradunak –hiru edo lau lagun– hamabost egun lehenago ibilbidea begiratzera joaten ziren. Horrela, lainoa edo eguraldi txarra bazen, ez galtzeko».
«Jendea mendira bueltatzea nahi badugu,
MIGUEL ULAIAR MENDIOLA Sakanako Mendizaleak taldeko kidea
gutxi ibiltzen denari begiratu behar
diogu»
Gaur egun Whatsapp erabiltzen dute, eta ibilbideak begiratzeko aplikazioekin «errazagoa» dela diote. Horrez gain, hilero kartel bat ateratzen dute, txangoaren egitarauarekin eta ibilbidearen profilarekin. «Orain errazagoa da, jakin dezakegulako zenbat denbora izanen den. Garai batean, zenbat kilometro ziren besterik ez genekien», esan du Ruizek. Halere, 15 kilometro inguruko irteerak egiten ohi dituzte, eta, badaezpada, «B plan bat» izaten dute. Hasieran bi ibilbide egiten zituzten, motza eta luzea, baina gaur egun ez dira aski bi talde osatzeko.
Taldean dituzten zenbait oinarri azaldu ditu Ulaiarrek: «Apuntatzen denak erritmoa eta programa errespetatu behar ditu. Ezin da bakoitza bere albiziora ibili. Beti azkenari begiratzen diogu. Jendea bueltatzea nahi badugu, gutxi ibiltzen denari begiratu behar diogu». Taldea ez banatzeko, lehenengoak eta azkenak walkie-talkie bana eramaten dute. Ruizek nabarmendu du «gozatzeko» eta «disfrutatzeko» egiten dutela.
1985ean sortu zuten taldea, baina erregistratu eta legeztatu gabe egon ziren zenbait urtez. Gero, legeztatzea erabaki zuten, diru laguntzak eskatu ahal izateko. Babesleak ere baditu taldeak egun, eta, horri esker, jende gutxiago joanda ere ez da horren garesti ateratzen irteera. Esan dute pandemiaz geroztik «askoz garestiagoa» dela mendira joatea.

Sakanako Mendizaleak taldean ez dira jendea federatzeaz arduratzen, baina Sakanan dauden taldeak koordinatzen dituzte elkarrekin autobusak antolatzeko. Alabaina, azpimarratu dute «oso garrantzitsua» dela federatzea. «Ezin dugu inor behartu, baina komeni da» esan du Ulaiarrek. Kontatu dute berrogei urtean ez dutela istripu larririk izan, eta antolatutako txango gehienak egin dituztela. Abenduaren 14an, Saigotsetik Sorogainera joan ziren, urteurrena ospatzeko. GR225 Ezkabako ihesaldia osatzen ari dira.
Errelebo bila
Orokorrean erretiroa hartuta daude taldeko kide gehienak. Ulaiarren esan du gazteak erakartzeko gogoz eta ilusioz dauden arren kosta egiten zaiela: «Ez dakigu zein den gakoa. Gazteei euren albiziora eta talde txikietan joatea gustatzen zaie. Beste erritmo bat dute». Pirinioetara edo kostaldera joaten direnean, gazte gehiago hurbiltzen omen dira.
Ulaiarrek erantsi du mendian ibiltzeko modua edo ohiturak «asko» aldatu direla, eta mendi lasterketek horretan eragin «handia» dutela: «Guk oinez egiten duguna jendeak korrika egiten du. Entrenatzera joaten dira mendira». Gazteak deitu ditu mendian «errespetuzko giro onean» ibiltzera.