Gurpila zulatu zaio bizikleta zerbitzuari

Iruñeko Udalaren eta Ride On enpresaren arteko tirabirek erdian harrapatu dituzte hiriburuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko erabiltzaileak. Udalak zerbitzua berriz adjudikatzeko prozesua hasi du, bizikleten mailegua Iruñerri osora zabaltzeko asmoz.

Iruñeko Udalaren zerbitzuko bizikletak kargatzeko guneak, hutsik, Iruñeko Pio XII.a etorbidean. NAFARROAKO HITZA
Iruñeko Udalaren zerbitzuko bizikletak kargatzeko guneak, hutsik, Iruñeko Pio XII.a etorbidean. NAFARROAKO HITZA
edurne elizondo
Iruñea
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsik. Iruñeko Udaleko bizikleta elektrikoen zerbitzuko erabiltzaileek halaxe topatu dituzte hirian bizikletak hartzeko eta uzteko dauden guneak, azken egunotan. Patxi Donoso da haietako bat, eta erran du «haserre eta amorratuta» dagoela gertatzen ari denarekin. Ride On enpresa 2021eko abendutik aritu da zerbitzua kudeatzen, eta ordutik hamaika arazo izan dira. Ondorioz, udalak zerbitzua berriz adjudikatzea erabaki du orain, Iruñerri osora zabaltzeko asmoz. Prozesua, baina, abendura arte luza daiteke, eta bitartean gerta daitekeenak erabiltzaileen kezka eragin du.

Izan ere, Iruñeko Udalak auzitara jotzea erabaki du, otsailaren 16an enpresak bere kabuz zerbitzua etetea erabaki eta gero. Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030erako Agendako zinegotzi Joxe Abaurrea hedabideen aurrean agertu zen egun horretan, eta azaldu udalaren helburua dela zerbitzuari behin-behinean eustea, bertze enpresa batek hartu bitartean. Gehitu zuen udalak akordio bat adostu nahi izan zuela Ride Onekin, baina zerbitzua eten eta gero, «ezinezkoa» izan zela. Auzitara jo eta gero, udalaren asmoa da hartzekodunen konkurtsoa zabal dezatela eskatzea, eta, konkurtsoko administratzailea izendatzen dutenean, harekin negoziatzea zerbitzuari eusteko modua.

Iruñeko bizikleta elektrikoen zerbitzua 2021eko abenduaren 14an jarri zuten martxan, 240 bizikletarekin. Kopurua handituz joan da, eta 640 ziren Ride Onek zerbitzua eten zuenean. Bizikletak hartzeko, uzteko eta kargatzeko 42 gune daude hirian. Gune horiek, baina, hutsik agertu dira anitzetan, zerbitzuan izandako gorabeheren ondorioz. Abian jarri eta handik gutxira, 2023ko maiatzean, enpresak kontratua moldatzea eskatu zuen, likideziarik ezagatik. 2025ean, berriz, enpresak zerbitzua bizpahiru hilabetez eten zuen, bere kabuz. Udalak 200.000 euro aurreratu zizkion, zerbitzua berriz martxan jartzeko.

Enpresaren «xantaia»

«Enpresak bere kabuz erabaki du bitan bizikletak gordetzea, Iruñeko Udalari nolabaiteko xantaia egiteko, eta erabiltzaileon haserrea udalaren kontrako tresna gisa erabiltzeko», erran du Patxi Donosok. Bizikletaz mugitzea gustuko du, eta udalaren zerbitzua erabili du, orain arte, kiroldegira edo odola ematera joateko, bertzeak bertze. «Bizikletaz hamar minutu ditut, baina berrogei dira oinez. Bertze batzuen egoera kaskarragoa izanen da, lanera joateko erabiliko baitzuten bizikleta». Azken asteotan, autoa hartu behar izan duela kontatu du Donosok, aparkatzeko guneetan bizikletarik ez duelako aurkitu. Hark enpresaren jarrera salatu du, eta gogoratu Ride Onek udalaren azpikontratuaren dirua jasotzeaz gain txirrindulariek zerbitzua erabiltzeagatik pagatzen dutena ere eskuratzen duela.

Iruñeko Udalaren bizikleta elektriko batzuk, kargatzeko gune batean, artxiboko irudi batean. IRUÑEKO UDALA
Iruñeko Udalaren bizikleta elektriko batzuk, kargatzeko gune batean, artxiboko irudi batean. IRUÑEKO UDALA

Enpresak, hain zuzen, ohar baten bidez erantzun dio Joxe Abaurrea zinegotziak otsailaren 16an egindako agerraldiari. Ride Oneko arduradunak «trantsizio ordenatu bat» egiteko prest agertu dira «beharrezkoa den bitartean»; hau da, zerbitzua kudeatuko duen bertze enpresa bat hautatzeko prozesua amaitu bitartean. Enpresak erantsi du, halere, udalaren «berehalako erantzuna» behar duela, zerbitzua lehengoratzea «ezinezko» bilakatu aurretik. Ride Oneko arduradunen hitzetan, «segurtasun arrazoiengatik» itxi dute zerbitzua, bai eta «finantzaketa arazoengatik» ere.

Iruñeko Udala aurrera begira jarri da jada, eta Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanerako protokolo bat sinatu du, bizikletak alokatzeko zerbitzua Iruñerri osora zabaltzeko asmoz. Udalak martxan paratu du zerbitzua esleitzeko prozesua; martxorako prest nahi du lehiaketa berria, eta sanferminak baino lehen enpresa aukeratu. Asmoa da irailerako zerbitzua ematen hastea, eta abendurako erabat garatzea.

Hamar urterako kontratu bat egin nahi du Iruñeko Udalak. Denbora horretan, bi fasetan antolatu nahi du zerbitzua eskualde osora zabaltzeko asmoa: lehendabizi, Iruñeko Udalak akordioak eginen ditu Iruñerriko bertze udalekin; eta gero, zerbitzua erabat zabalduta dagoenean, Iruñerriko Mankomunitateak kudeatuko du zuzenean.

Aurrera begirako asmoak dira horiek, eta egun, erabiltzaileen kexei eta haserreari egin behar die aurre Iruñeko Udalak. Oposizioko taldeen kritikei ere bai, salatu baitute zerbitzua bertan behera gelditu izana.

60.000

Zenbat erabiltzaile dituen zerbitzuak. Iruñeko Udalaren bizikleta elektrikoen zerbitzuak urtean 60.000 erabiltzaile inguru izan ditu azken hilabeteotan. Enpresak bertan behera utzi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.