Milaka kilometrora dute etxebizitza. Ez dituzte gurasoak aspaldian ikusi, eta ez dute inor azterketa bat nola egin duten galdetzeko ere. Horiek dira Harreran parte hartzen duten adin txikiko migranteen bizipenak. 2025eko urrian jaio zen proiektua, haur eta gazte horiei komunitatean harrera egiteko helburuarekin. Familien eta etorkinen lehen elkartzeak maiatzean egin ziren. Patricia Ros Harrera proiektuko zuzendariak momentu «hunkigarriak» bizi zituztela adierazi du: «Familiak galdezka aritu ziren haurrentzako zerbait berezia eraman behar ote zuten. Adingabekoak ere oso urduri zeuden; gauean ez zuten ia lorik egin».
2025ean, adin txikiko migranteek helmuga izan ohi duten babes sistema baliabiderik gabe geratzen hasi zen. Hori ikusita, eta izan ohi duten erakundetzeari komunitatean oinarritzen den hautabide bat emateko, Harrera sortu zen: Nafarroako Gobernuaren eta Berrizturen elkarlanaren emaitza.
Berriztu irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da. Eduardo Cabrerak (Bilbo, 1967), Berrizturen zuzendariak, azaldu du komunitatea erdigunean jarriz egiten dutela lan. Pertsona lagunduaren eta laguntzailearen arteko harremanaren kalitatean jartzen dute arreta, Cabreraren aburuz «hor jaiotzen baita pertsona haztera bultzatzen duen hazia».
Harreraren xede nagusiak printzipio horrekin bat egiten du: «Adin txikiko guztiek erreferentziazko pertsona heldu bat izatea», adierazi du Rosek. Izan ere, Nafarroako babes sisteman laurehun migrante adin txikiko daude, eta horietatik 220k ez dute erreferentziazko pertsona heldurik inguruan. Ros: «Askotan, gazte horiek behar duten gauza bakarra zorionduko dituen norbait besterik ez da».
Beste bi helburuk osatzen dute proiektua: erreferentziazko pertsona horiek babes ingurune bat eskaintzea, eta adingabekoa harrera familiaren testuinguruan egoki garatzea.
Lehen irribarreak
Maiatzean elkartu ziren lehen aldiz familiak eta adingabeak. Berrizturen Berriozarko gunean elkartu ziren, eta denak urduri zeudela gogoratu du Rosek: «Familiak ordua baino lehen iritsi ziren, eta haurrek beren jantzirik kuttunenak zeramatzaten». Parez pare elkar ezagutzen ez zuten arren, aurreko asteetan elkarri gutunak bidaltzen aritu ziren. Horiek horrela, Rosek nabarmendu du elkartzea «modu naturalean» gertatu zela.
Lorea Garmendia izan da harreran adin txikiko bat hartu dutenetako bat. Aitor Zabaleta beste bat. Ez dira benetako izenak, anonimotasuna gorde nahi izan baitute. Garmendiak esan du harreman «berezia» sortu dutela: «Ez du nire egunerokoan dudan beste harremanen antzik». Zabaletak esperientzia «pozgarria» dela dio, nahiz eta «erronka bat» ere badela badakien: «Erabateko bizi aldaketa bat da».
Parte hartzaile guztien beharretara egokitze aldera, abegi modu desberdinak eskaintzen dira Harreran: familia-harrera elkarbizitza izeneko eredua da bat, eta familia harrera erreferentea bestea. Lehenengoa aski ezaguna den harrera mota da: adin txikikoa harrera familiaren etxera joaten da bizitzera. Rosen arabera, bereziki haurrentzat bideratua dagoen harrera mota da, «elkarbizitzak ematen duen egonkortasuna» lehenesten baitute askotan.
Zabaletaren familia harrera egin dioten haurrarekin bizi da jada. Adierazitakoaren arabera, badakite momentu «politak zein zailak» pasako dituztela, baina argi dute «dena bide onetik joatearen alde» egingo dutela.
Harrera proiektuaren parte diren adin txikikoen batez besteko adina, ordea, 17 urtekoa da. Adin horrekin «bizi proiektua erdi egina» dutela dio Rosek, eta, hortaz, «tarteka laguntza eskainiko dien norbait» behar dutela; «batzuetan, sistema bera ulertzeko laguntza». Behar horri erantzuten dio familia harrera erreferentearen aukerak; abegia familiaren aisialdiaren arabera antolatzen da.
Garmendiaren hautua izan zen hura: «Sentitu nuen hura zela niretzako aukera, denbora eta tresna horiek baditudalako». Familiek denbora horretan gazteekin zerbait berezia egin behar duten galdetzen dutela kontatu du Rosek, eta haren erantzuna argia da: «Egin zure bizitza; joan erosketak egitera edo paseatzera».
Migranteak baino lehen, nerabeak
Berriztukoak prest egoten dira harreraren prozesuan laguntzeko, bai harrera egin baino lehen, eta bai ondoren ere. Garmendiak argi izan zuen erabakia hasieratik: «Harrerari buruz jakin nuenean, zerbait esnatu zen niregan, gehiago ezagutzera bultzatzen ninduen zerbait». Dena den, bidean beldurrak izan zituen: «Adin txikikoaren eta nire arteko espektatibek ziurgabetasuna sortzen zidaten».
Rosek, bide horretan, adin txikikokoen sentipenetan jarri du arreta: «Entzunak sentitu nahi dute, norbait haietaz fidatu dadila, eta, azken finean, zerbaiten parte izan». «Migranteak baino lehen, nerabeak dira», gehitu du Cabrerak.
Gainera, dakartzaten «traumen motxilak» landu daitezkeela argitu nahi izan du Rosek: «Nafarroan hezkuntza talde paregabeak ditugu, eta migranteak berak ere oso ausartak izaten dira beren esperientziak kontatzeko orduan».
Gogoak beldurrari irabazi zion azkenean Garmendiaren eta beste hainbeste familiaren kasuan. Gogoa izatea da, hain zuzen ere, Harreraren parte izateko bete beharreko baldintzarik garrantzitsuena Cabreraren aburuz.
Rosek begietan lilura berezi bat duelarik adierazi du «orduak paper artean pasatu eta gero hitzak pertsona bihurtu direla ikustea zirraragarria» izan dela. «Jendeak bere burua arazoaren konponbidetzat ikusi du, eta hor ere gure lanaren emaitzak ikusi daitezke», adierazi du Cabrerak. Garmendia da horren erakusle: «Esperientzia oso zirraragarria eta esker onekoa da. Gauza berri asko ikasten ari naiz ni ere, eta ezin dut orain arte bizi izan dudan ezerekin konparatu».