Hauteskundeak eginen dituzte igandean hainbat herritan eta kontzejutan

Maiatzean hautagaitzarik izan ez zuten udaletan eta kontzejuetan berriro eginen dituzte bozak. Zortzi herritan eta 38 kontzejutan orain ere ez dute lortu zerrendarik aurkeztea.

HAUTESKUNDEAK - BOTOA
Herritarrak botoa ematen. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne elizondo
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Hauteskunde eguna izanen da igandea Nafarroako hainbat herritan: Nafarroako Gobernuak herrialdeko 77 kontzejutako herritarrak deitu ditu botoa ematera, eta Espainiako Gobernuak, berriz, Nafarroako 38 udalerritan antolatu ditu hauteskundeak. Maiatzean hautagaitzarik izan ez zuten kontzejuetan eta udaletan eginen dituzte bozak, zehazki.

Igandean udal hauteskundeak izanen dituzten herrialdeko udalerrietan azaroaren 10ean hasi zen hauteskunde kanpaina, eta gaur gauerdian amaituko da. Zortzitan ez dute egin, orain ere ez delako aurkeztu hautagairik; zehazki, Hiriberrin, Itzaltzun, Sartzen, Bargotan, Etaiun, Lezaunen, Areson eta Orisoainen. Herriotan ez zen zerrendarik aurkeztu maiatzean, eta iganderako ere ez dituzte osatzea lortu; ondorioz, Nafarroako Gobernuak kudeaketarako batzordeak osatu beharko ditu, udalerri horien ardura har dezaten.

Bertze hamabi herritan, bertzalde, Aulki Zuriak izeneko plataformak zerrendak aurkeztu ditu, Nafarroatik kanpoko hautagaiekin osatuak. Plataforma horren asmoa da udalbatzetako eserlekuak hutsik uztea. Mugimendua Bartzelonan sortu zen, 2010. urtearen inguruan. Nafarroan udalerri anitzetan zerrendak osatzeko zailtasunak daudela aprobetxatu nahi izan dituzte euren zerrendak aurkezteko. Izan ere, Espainiako Gobernuak 44 udaletan antolatu ditu hauteskundeak iganderako, eta haietako 38 Nafarroan daude.

39 kontzejutan

Herrialdeko udal hauteskundeekin batera, maiatzean hautagairik izan ez zuten kontzejuetan ere bozak izanen dituzte igandean. Kontzejuak osatzeko hauteskundeak, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eginen ditu; maiatzean, 77 kontzeju gelditu ziren hautagaitzarik gabe, eta haietako 38tan ez dira zerrendak osatzeko gai izan iganderako ere. Bozak, beraz, 39 herritan eginen dituzte, eta 43 zerrenda aurkeztu dituzte denera. Hautagaitzarik ez duten kontzejuetan kudeaketarako batzordeak osatuko ditu Nafarroako Gobernuak, kontzeju irekiaren bidez funtzionatzen duten kontzejuetan izan ezik —50 biztanle baino gehiago ez dituzten kontzejuak dira horiek—; azken horietan kontzeju ireki horrek izendatuko du kudeaketarako batzordea.

Iratxetakoa da igandean hauteskundeak eginen dituzten Nafarroako 39 kontzejuetako bat; arrazoia, halere, ez da bera. Maiatzean, bozak egin zituzten kontzeju horretan, baina botoak zenbatzean arazoak izan ziren: erroldan botoa emateko eskubidea zuten pertsonak baino boto gehiago agertu ziren. Ondorioz, hauteskundeak berriz ere egin beharko dituzte.

Nafarroan, egun, 272 udalerri daude, eta 346 kontzeju. Garai batean, gehiago ziren, baina desagertuz joan dira. Maiatzean hauteskundeak egin ez zituzten hainbat kontzejutan, hain zuzen, 2019ko bozetan ere ez zuten hautagaitzarik lortu, eta egoera horrek desagertzeko bidean jartzen ditu, Nafarroako Udal Maparen Erreformaren arabera. Kontzejuko biztanle kopuruaren arabera, zazpi kide edo bost izan ditzakete kontzejuek; 50 biztanle baino gehiago ez dituzten kontzejuak dira kontzeju irekiak, eta, horietan, presidentea hautatuko dute bozetan. Biztanle gehiago duten herriek ere erabaki dezakete kontzeju irekiaren sistema erabiltzea, baina, horretarako, Nafarroako Gobernuari egin behar diote eskaera, gehiengo osoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.