Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Hegal kolperik ez

2025eko urriaren 24a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilatutako datuen arabera, hegazti batek 20 minutu eta ordubete artean beharko luke 50 kilometro hegan egiteko; hegaztien hegaldi abiadura, espeziearen eta baldintzen arabera, oro har, orduko 50 eta 150 kilometro artekoa izan baitaiteke. Jakina da Nafarroako Bardean Espainiako Gobernuko Aireko eta Espazioko Armadak ehiza hegazkinak eta bestelako hegazkinak erabiltzen dituela, baina adibide bat aipatzearren, bertan erabilitako F-18 izeneko ehiza hegazkinak 90 segundo behar ditu arestian aipatutako 50 kilometroak egiteko.

Denbora ezberdintasuna nabaria da, zalantzarik gabe, baita Bardean erabiltzen diren hegazkinen naturaz gaindiko gaitasuna ere.

Orain, imajina dezagun Bardean helburu militarrerako eta urte osoan erabiltzen diren hegazkin horietako bat karga maniobrak egiten dabilela, istripua duela eta, horren ondorioz, 1.900 kilo inguruko xafla bat erori eta berau linea elektriko baten gainera erortzen dela. Ondorioa? Erriberako 4.400 herritar argindarrik gabe, Nafarroako Gobernuak bere garaian jakitera eman zuenez. Ezbehar hori 2006an gertatu zen, eta Tuterako, Cascanteko, Barillasko, Tulebrasko eta Ablitaseko herritarrei eragin zien, ezbeharra azken honen aerodromoan izan baitzen.

Urtean hainbat momentutan izaten dira hizpide bai NATOk, bai Espainiako Gobernuak lurraldeotan egiten dituzten maniobrak. Baina, oraingoan, Palestinako sasi-bakeari eta gero eta suntsitzaileagoa den munduari begira gaudelarik, inoiz baino gertuago dugu armagintzari buruzko eztabaida, nahiz Bardeako auzia.

Hitz egin dezagun instituzioez, basamortuaz, armez, naturaz, animaliez, hareaz eta harriaz, intentzioaz eta helburuez, interesez, bizitzaz; argi izan behar baitugu aspalditik gure lurra ez den honetan probatzen dituzten armek eta egiturek beste lekuren batean erabiliak izatea dutela helburu. Hitz egin dezagun erakundeok erabiltzen dituzten egiturei buruz; hitz egin dezagun Francok beharturik egiturok eraikitzen egondako 3.500 preso errepublikazaleei buruz. Hitz egin dezagun desjabetzeari eta bizitzari buruz. Horrelako egiturek dakarten gastu ekonomikoari buruz. Negozioei buruz. Errespetatzen ez den biodibertsitateari buruz. Hondatutako eta kutsatutako eremuari buruz. Biosfera erreserba batean tiro eremu bat egoteari buruz. Gladys del Estali eta jazarritako guztiei buruz. Hitz egin dezagun Europak armatzearen alde hasitako eta hainbatek babestutako bideari kontra egiteko. Hitz egin dezagun heriotzari buruz. Izan gaitezen kritikoak, eta, batik bat, autokritikoak.

Argi izan behar dugu aspalditik gure lurra ez den honetan probatzen dituzten armek eta egiturek beste lekuren batean erabiliak izatea dutela helburu

1951. urtean jarri zuten abian Bardeako tiro eremua, eta horrek bere horretan irauteko azken kontratua 2008an sinatu zuten, 210 milioi euroren truke, Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak. 2018an hitzarmena automatikoki berritu zen beste hamar urterako, eta Bardeako Komunitateko erakundeek jasotako ordainketa aurrekoaren bikoitza izan zen. Hiru urte besterik ez da geratzen.

Ikusmena eta entzumena gerrako albisteak ikustera eta entzutera ohitu ditugu; hein batean, egunero mehatxu, leherketa eta mutilazioen hamarnaka irudi ikustea normalizatu dugu. Instituzioek eta erakundeek defentsa armatuaren aldeko nahiz armagintzaren aldeko diskurtsoak eta negozioak lehenetsi dituzte. Orain, mundu mailako gertakari orok ezinegona hauspotzen duen honetan, inoiz baino urrunago dugu lasaitasun sentsazioa, baita gure lurra gurea izan zelako oroitzapena ere. Ordea, gure lurra gurea ez bada, zaila izango da mundua eta, batik bat, gure bizitzak ere gureak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.